Zibersegurtasunaren Euskal Zentroak ohar bat plazaratu du, herritarrak ohartarazteko «phishing kanpaina masibo» bat atzeman duela; hau da, beste norbaiten itxura hartuta biktimaren datuak lortzeko iruzur saioa.
Oraingoan, posta elektronikoaren bidez ari dira mezuak heltzen. Horietan, hodeian fitxategiak gordetzeko zerbitzu baten izenean ari direla sinetsarazi nahi diote erabiltzaileari. Harentzat fitxategi bat dagoela adierazten dute, eta, hori jasotzeko, besteak beste, Dropbox, SharePoint, OneDrive, OneNote edo antzeko zerbitzuetara sartzeko esaten diote. Baina estekak ez du eramaten horietara, baizik eta formulario batera. Horretan, hainbat datu sartzeko eskatzen diote erabiltzaileari, «haren kredentzialak iruzurrez lortzeko, ekipoak software maltzurrez infektatzeko eta zabaltzen jarraitzeko kontaktuak lortzeko».

Mezuak norberaren kontaktuetatik edo kontaktu ezagunetatik etor daitezkeela ohartarazi dute, eta mezuaren gaian testu hauek agertu ohi dira: «Propuesta de contrato revisada», «propuesta financiera revisada» edo «actualización sustancial».
«Edozein jarduera susmagarri identifikatuz gero, eskertuko genizuke incidencias@bcsc.eus posta elektronikoaren bidez edo 900-104 891 telefonora deituz salatzea».