Urtero 4.000 erasotik gora egiten dituzte Espainiako talde ultraeskuindarrek. 1975etik gaur arte, ehundik gora lagun hil dituzte. Ojos que no ven dokumentalak bistaratzen dituen datuak dira, Luis Moles zuzendariaren esanetan (Madril, 1967). Dokumental horretanfaxisten eraso edo hilketen lekukotasunak bildu ditu, senide edo lagunen ahotik. Aztertutako kasuen artean daude Aitor Zabaleta futbolzalea Madrilen erail zutenekoa, Alejo Aznar etxegabea Getxon (Bizkaia) hil zutenekoa eta Mikel Martinez EHGAMeko kideari Donostian (Gipuzkoa) egindako erasoa.
«Oldartze gehienak pertsona ezkertiarrek, etorkinek, transexualek, independentistek... jasan dituzte», zehaztu du Molesek ikus-entzunezkoan. Interneten dago dokumentala eta ordubete irauten du. Atzo aurkeztu zuen Bilbon lana, eta pozik azaldu da emaitzarekin: «Bi aste daramatza sarean dokumentalak, eta dagoeneko 25.000 aldiz deskargatu dute». Bideoa www.ojosquenoven.org webgunean dago ikusgai.
Testigantzak
«Ezberdin pentsatzeagatik erasotzen digute». Talde ultraeskuindarrek jipoitutako neska gazte baten hitzak dira. Horiek eta gehiago azaleratu ditu Molesek proiekzioan.
Javier Zabaletak, esaterako,1998ko abenduan Madrilgo Vicente Calderon futbol zelaiaren inguruetan Aitor semea hil zuten eguna kontatzen du: «Ultraeskuindar talde bat hurbildu, bisera kendu eta haren neskari heldu zioten. Futbol zelairantz ihesi eta korrika joan ziren. Ondorioz, faxistek 10 urteko mutil bat zirikatzeari ekin zioten. Neskak aurrera jarraitzen zuen, eta Aitor geratu egin zen, umea bakean uzteko eskatzeko. Orduan hil zuten», dio. Zabaletaren hitzetan, poliziek talde horretako asko atxilotu zituzten, baina baita askatu ere: «Jendearen aurrekari penalez baliatu ziren hiltzailea identifikatzeko». Haatik, uste du ez dela justiziarik egin.
Alejo Aznar etxegabe getxoztarra 1999an hil zuten. Kasua Asier Polo haren bizilagunak ekarri du gogora: «Ostiral gau batean kuadrilla bat parrandan zebilen Areetan. Alejo Aznar elizpeko bankuan topatu zuten lo, hori baitzuen eguneroko ohe. Zergatia ez badakit ere erasotzeari ekin zioten».
Epaiaren arabera, Aznarri tu egin zioten eta ostikadak eman zizkioten, eta burdinazko makila batekin buruan kolpe bat emanda hil zuten. Errudun gisa atxilotutako bi pertsonak handik bi hilabetera askatu zituzten. Horregatik, gaur egungo sitema judiziala ez dela zilegizkoa pentsatzen du Polok: «Hilketa egunetik urte eta erdira egin zen epaiketa, eta gizarte laguntza lanetan jarri zituzten erasotzaileak. Pertsona bat kolpeka hil, eta lasai asko daude kalean».
Mikel Martinez EHGAMeko kideak, berriz, 2005ean Donostian pairatutako erasoa salatu du dokumentalean: «Harro plantekin mutil bat hurbildu zitzaidan 'Ziur zu ETA babesten duten horietakoa zarela' esanez. Ultraeskuindarretako bat ostikadak ematen hasi zitzaidan, eta beste bat muturrekoak ematen». Gogoratzen duen hurrengo gauza da erietxean esnatu zela. Hala ere, kolpeak ez ziren izan min handiena eragin ziotena: «Jo nindutenetik ordu eta erdira atxilotu zituen Udaltzaingoak erasotzaileak. Hurrengo egunean esan zidaten militarrak izan zirela».
Isildutako erasoak, agerian
Espainiako talde ultraeskuindarrek ehundik gora lagun hil dituzte 1975etik gaur arte. Horietako batzuen lekukotasunak bildu ditu 'Ojos que no ven' dokumentalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu