‘Isildutako eskuak’ liburua aurkeztu du Jon Abril Olaetxeak gaur Donostian

11 lanbidetan aritutako hamalau emakume dira kontakizuneko protagonistak. Gerraostean emakumeek kanpoan ere lan egin zutela erakusten du liburuak

Jon Abril Ormaetxea bere liburuarekin. JON URBE
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 14a
15:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Jon Abril Olaetxeak Isildutako eskuak liburua aurkeztu du gaur Donostian. Abrilen erranetan, «memoria ariketa» bat izan da liburua, eta helburua da erakustea «Frankismoak eta Elizak emakumeengan jarri zuen errepresioa». Horretarako, Euskal Herriko 11 lanbidetan aritutako hamalau emakume elkarrizketatu ditu Abrilek, eta haien bizipenak eta oroitzapenak dira kontakizuna eraikitzen dutenak. Gerra garaitik 80ko hamarkadara bitarte lanbidera sartu ziren emaztekiak dira guztiak.

Historikoki emakumeak etxeko lanetan soilik aritu direla pentsatu izan den arren, horietako aunitzek kanpora irten behar izan zuten. Espartingile, unai edo irakasle gisa lan egitera, adibidez. Ogibide horietan lan egin zuten emakumeen istorioen bidez «ikusezina agerian» jarri nahi izan duela adierazi du Abrilek. «Protagonismo osoa eman nahi izan diet, errelato osoan ahantziak izan direlako». Euskal Herri guztiko emakumeak elkarrizketatzen ahalegindu dela nabarmendu du Abrilek, geografiaren arabera lanbideak aldatu egiten direlako.

Liburuaren lehenbiziko zatia 2016ean egindako Neskatoak dokumentalean oinarritutakoa da. Bertan, Pakita Burguete izeneko emakume baten bizipenak kontatzen dira. Beratik (Nafarroa) Donibane Lohizunera (Lapurdi) neskato joan zen. Bertze hamahiru testigantzen artean daude, adibidez, Libe Goñi, Seaskako lehenbiziko irakaslearena edo Milagros Landa, Otsagabian (Nafarroa) unai gisa aritu zen emaztekiarena.

Tene Mujika saria

Aritz Larrañaga Debako Udaleko zinegotzia eta Xabier Mendiguren liburuaren editorea ere aurkezpenean izan dira. Larrañagak nabarmendu du gisa honetako liburuek Euskal Herriko «historiaren istorio berriak» ezagutzen laguntzen dutela. Mendigurenek, berriz, azaldu du Tene Mujika bekaren irabazleetako bat izan zela Abril. Erika Lagomaren eta Estitxu Fernandezen M, ama* eme* ume* liburua izan zen bertze saritua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.