Isileko lanetik plaza politiko handira

Koalizioak dio «Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialarekin konprometitutako familia eta gizarte ingurune batek» markatu dituela EH Bilduren lehendakarigaiaren gaztaroa eta pentsamendu politikoa

(ID_13232189) (maialen andres/@FOKU) 2023-10-04, Donostia. EH Bilduko Pello Otxandianok EAJk eta PSEk hezkuntza-akordioari egindako...
Pello Otxandiano, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
Donostia
2023ko abenduaren 11
14:15
Entzun

Pello Otxandiano (Otxandio, Bizkaia, 1983) euskararen bultzadarekin lotura handia duen familia abertzale batean hazi zen, EH Bilduk jakinarazi duenez. 1936ko uztailaren 22an, Kondor Legioak haren jaioterria bonbardatu zuen, eta birraitona eta amonaren bi anaia hil egin ziren han. Bonbardaketa hori «mugarri bat izan zen haren familiarentzat».

Koalizioak dio «Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialarekin konprometitutako familia eta gizarte ingurune batek» markatu zuela EH Bilduren lehendakarigaiaren gaztaroa eta, beraz, haren pentsamendu politikoa. Haren xehetasun pertsonal batzuk ere helarazi dituzte: Jose Antonio Agirre lehendakariaren irudia izan zen urte askoan amonaren etxeko aretoan; lehen Korrikaren antolaketan aritu zen amaren osaba. Hala, «euskal kulturarekiko eta gurasoen munizipalismoarekiko konpromisoak eragina izan zuten haren pentsamenduan eta bizitzan».

Ibilbide politikoari begira, berriz, 2011n, Bildu jaio zenean, ingeniaritza ikasketak amaitu zituen Otxandianok, eta zinegotzi aukeratu zuten jaioterrian. 2012an doktore tesia aurkeztu zuen; Mondragon Unibertsitateko lau urteko eta Suediako Goteborg hiriko Chalmers University of Technologyko urtebeteko ikerketaren emaitza izan zen lan hura. Otxandianok «gertutik» ezagutu zituen Eskandinaviako herrialdeen «ezaugarri sozial eta ekonomikoak, eta politika publikoak ere bai».

Otxandianok berak azaldu duenez, «2010eko hamarkada hasierako testuinguru politiko bereziarekin konprometitzeko beharra» sentitu zuen. Hala, politikan urrats bat egin zuen, Sorturen zuzendaritza lanetan hasita. EH Bilduko Programa Zuzendari gisa pisu handia izan du koalizioaren ildo estrategikoen diseinuan, azken urteotan.

Otxandiano-Pradales buruz burukoa

EH Bilduren azken urteotako ibilbidean irizpideak ezartzen lagundu du Otxandianok, eta koalizioak modu nabarmenean zabaldu du bere boto emaileen soslaia. Azken urteotan gora egin du EH Bilduk hauteskunde emaitzetan, eta Otxandianok isileko lan horretatik plazara ateratzeko erabakia hartu du, Mahai Politikoaren proposamena jaso eta gero. 2024ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan Imanol Pradales jeltzalea izango du lehiakide nagusi, baldin eta jeltzaleen oinarriek haren hautagaitza berresten badute. EH Bilduk eta EAJk nagusitasun politikoa jokatuko dute hilabete gutxi barru, eta buruz buruzko horrek garrantzi handia izango du emaitzei begira.

Otxandianoren pasioa «prestakuntza teknologikoa bokazio politikoarekin uztartzea» litzateke, «adimen artifizialaren edota blockchain-aren moduko teknologia disruptiboen aplikazioan lan egitea, eraldaketa sozial eta ekonomikoko prozesuak bultzatzen dituzten politika publikoetan». Gaur egun politikan buru-belarri sartu den arren, ez dio uko egiten etorkizunean egiteari, Otxandianok jakinarazi duenez.

Bestela, musikazalea da —pianoa ikasten du—, eta mendizalea. Bere «familia, liburu pila bat, ingurune naturala eta Otxandioko bizitza komunitarioa» dira bere bizitza egituratzen dituzten beste osagaiak, haren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.