EH Bilduren Mahai Politikoak Pello Otxandiano proposatu du lehendakarigai gisa

Bilkideek berretsi beharko dute EH Bilduko egungo Programa zuzendariaren hautagaitza. Eusko Legebiltzarreko presidentegaia eta taldeko bozeramailegaia ere proposatuko ditu koalizioak datozen asteetan.

Pello Otxandiano
Pello Otxandiano, artxiboko argazki baten. Maialen Andres/FOKU
Xabier Martin - Aitor Biain
2023ko abenduaren 11
12:00
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak Pello Otxandiano Kanpo proposatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du Otxandianoren izena, koalizioaren Donostiako egoitzan egindako agerraldi batean. Mahai Politikoak «aho batez» onartu du proposamena, Otegiren esanetan. «Solbentzia, ziurtasuna, konpromisoa, arima eta pasioa eskaintzen ditu», azpimarratu du Otegik Otxandianori buruz aritzean. Militanteei emango diete hitza orain, hautagaitza berresteko.

Otxandion (Bizkaia) jaio zen Pello Otxandiano, 1983an. Telekomunikazio ingeniaritzan doktorea da, eta EH Bilduren programa zuzendaria da. Itzalpeko lan horretan eman ditu azken urteak, hain zuzen ere, talde subiranistaren ildo politikoak zehazten eta oinarriak zabaltzen. Epe horretan gora egin du koalizioak hauteskunde emaitzetan. Lau urtez zinegotzi izandakoa da Otxandioko Udalean (2011-2015), eta Sorturen birfundazio prozesuko zuzendaritzako kide ere izan zen. Bi alabaren aita da.

«Solbentzia, ziurtasuna, konpromisoa, arima eta pasioa» aipatu ditu Otegik Otxandianoren soslaia azaltzeko.

Orain bi aste hasi zuen EH Bilduk bozetako barne prozesua. Arnaldo Otegik Mahai Politikoari jakinarazi zion uko egingo ziola lehendakarigai izateari, eta, horren ordez, koalizio subiranistako koordinatzaile karguan jarraitzeko bere hautagaitza aurkeztuko zuela berretsi zuen. «Nire lekua ez dago hiru probintzietako parlamentuan, zubiak eta akordioak egiten baizik», esan zuen.

Beste bi hautagaitza

Agerraldi hartan, belaunaldi berriengan jarri zuen arretagunea Otegik. Adierazi zuen badaudela 40 urte inguruko koaliziokideak EH Bildun eta instituzioetan pisu nabarmena dutenak, eta horietako zenbaiti eskatu ziela euren ibilbide profesionala utzi eta «proiektu nazional eta herritar eder» batera batzeko. Bada, Otxandiano da horietako bat, haren profilak bat egiten baitu Otegik deskribatutakoarekin.

Lehendakarigaia ez ezik, Eusko Legebiltzarrerako presidentegaia eta Gasteizko ganberan EH Bilduren bozeramailea nor izango diren ere proposatuko die militanteei EH Bilduren Mahai Politikoak. Lehen aldia da hori egiten duena, Otegik iragarri duenez. Ez du izenik aurreratu, halere: «Hitz egin behar dugu oraindik, baina horien profilak nahiko argituak ditugu».

EH Bilduko koordinatzaileak jaso duen kazetarien galderen artean hautagaiaren sexuarekin lotutakoa egon da. Zergatik gizonezko bat? Otxandianoren soslai feminista azpimarratu du Otegik bere erantzunean. EH Bilduren proiektua feminista dela helarazi du, eta, azken urteetan, koalizioak emakumezko hautagai gehiago izan dituela gogoratu du.

«Generoaren ikuspegia beti du mahai gainean» EH Bilduk, baina Otegik zehaztu du koalizioa «mugimendu gisa» dela feminista

«Beti dago generoaren ikuspegia mahai gainean, baina ikusten dugu agerikoa dela gure konpromisoa feminismoarekin», esan du Otegik. Nafarroan, Gipuzkoan, Gasteizen, Bilbon... koalizioak emakumeak aurkeztu dituela erantsi du EH Bilduko buruak. «Gure apustua hori da, baina mugimendu gisa gara gu feministak. Gizon eta emakume feministak gara. Pello Otxandianok zerbait ordezkatzen badu, bere konpromiso feminista da».

Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeetan lehiatuko direnen alderdi nagusien artean Elkarrekin Podemosen hautagai nor izango den jakitea faltako litzateke. Gainerakoek jakinarazi baitute jada nor izango duten hautagaia, alderdiko kideek berrestea falta bada ere: Imanol Pradales izango da EAJren hautagaia, eta aurreikus daiteke harekin aurre -aurrekoa izango duela Otxandianok, nagusitasun politikoa eskuratzeko; Eneko Andueza da PSE-EErena; eta Javier de Andres PPrena.

Elkarrekin Podemosek, berriz, hautagaia jakinarazi aurretik zer markarekin lehiatuko den eta Sumar ere marka horretan egongo ote den argitu behar du. Miren Gorrotxategiren izena aurreratu du koalizio moreak, baina ikusteko dago Sumarrekin akordioa egingo duten ala ez, espazio horretan hautagaitza bakarra egon dadin.

Testuinguruaren garrantzia

EH Bilduko koordinatzaile Otegik aurrez aurre dagoen testuingurua azaldu du, Otxandianoren hautagaitzarekin loturik. Lehenik eta behin, adierazi du «nazio aitortzari buruzko eztabaida estrategikoa» irekiko dela, eta Otxandianoren arimarekin lotu du aldagai «historiko» hori. Munduan, modu globalean dauden erronka handiez hitz egin du, gainera, «klima aldaketa, adimen artifiziala eta abar»; horiei «belaunaldi berriek» erantzuteko garrantzia azpimarratu du, Otxandiano talde horretan sartuta. Eta, azkenik, egungo errealitatea osatzen duen hirugarren aldagai bat helarazi du: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ditugun egiturazko arazoak. Agintaritza eredu agortua dugu, eta politika publikoen eredu agortua».

Erronka horiek guztiak aintzat hartuta, Otegik esan du Mahai Politikoak «irizpide pertsonalik gabe» hartu duela Otxandiano proposatzeko erabakia. «Epe ertain eta luzea, solbentzia eta zorroztasuna» aipatu ditu berriro, Otxandiano aukeratzeko irizpide gisa baliatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.