Isilpeko itunak eta «piratak»

Udalak osatzeko egun bat falta dela, alderdien arteko balizko itunei buruzko adierazpenak gogortu egin dira

jokin sagarzazu
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Alderdien arteko hitzarmenetarako denbora amaitzen ari da. Urduritasuna nabari da buruzagi politikoen hitzetan, eta interpelazioen tonua gogortzen ari da. Gezurretan aritzea leporatzen dio batak besteari. Isilpeko itunei buruzko ohiko erreferentziak. Arduraz jokatzeko deiak. Udal gobernuak osatzeko bihar egingo diren saioetan ezagutuko da hitz horiek zer ezkutatzen duten. Bitartean, EAJk Bildu jarri du bere adierazpenen jo puntuan, eta PSE-EEk eta PPk jeltzaleen zelaian jarri dute pilota.

Andoni Ortuzarrek, adibidez, Bizkaiko Bilduko kideei leporatu dio jeltzaleen aurka «mehatxuak» egitea. Bilduko ordezkariek herenegun eginiko adierazpenei erantzunez, koalizioko kideek «zinismo lotsagabea» agertu dutela salatu du. «Piraten antzera ari da Bildu; lapurreria politikoan, isilpeko itunen bidez hautestontzietan lortu ez zuena eskuratzeko», adierazi du Bizkai Buru Batzarreko presidenteak komunikabideei igorritako ohar batean.

Buruzagi jeltzalearen ustez, beste alderdi batzuekin, sozialistarekin bereziki, «azpijokoan» ari da Bildu, EAJren hautagaiak udal gobernuetatik kanpo uzteko. Ortuzarren arabera, larunbatean egiaztatuko da alderdi bakoitzaren «koherentzia politikoa». «Hiritargoari eskatzen diogu herriei adi egotea, Bilduk bertan egingo baitu besteei exijitzen dienaren kontrakoa».

Bilduk, baina, uste du EAJk orain arte agertu duen jarrera neutrala «itxurazkoa» dela. Itun guztietatik aparte geldituko dela esan eta PP eta PSE-EEren babesarekin alkatetzak lortu nahi izatea leporatu dio hari. Jarrera horrek, gainera, instituzioetan «ondorioak» izango dituela ohartarazi dio.

Ortuzarren iritzian, «beste garai batekoak» dirudite Bizkaiko Bilduko kideek egindako «mehatxu» eta «salaketa larriak», eta koalizioaren jarrera demokratikoa ezbaian jartzera iritsi da. «Gure alderdiak mehatxu argitzat jotzen dituen hitz hauek garamatzate ezker abertzaleak bide demokratiko hutsen alde egindako apustua behar bezain irmoa ote den pentsatzera». Hori hala, Bilduren zuzendaritzari eskatu dio adierazpen horiek «gaitzesteko».

Jeltzaleen «hipokrisia»

EAJ Bildurekin ika-mika hauspotzen ari den bitartean, PSE-EE eta PPren buruzagiek gogor kritikatu dute eurekin bat egiteko gonbitari jeltzaleek emandako ezetza. Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailearen arabera, inorekin itunik ez egiteko hautuak alderdi jeltzalearen «hipokrisia» uzten du agerian. «Nazkatuta nago EAJren hipokrisiarekin. Diru kontuez ari direnean, orduan bai, EAJk bat egin dezake Bilduren aurka».

Pastorrek adibide gisa jarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxak bat egiteko egitasmoan jeltzaleek agertu duten jarrera. Vocento taldeko egunkariek atzo esandakoaren arabera, Bilduko kideak zuzendaritzatik kanpo uzteko zenbait neurri proposatu nahi ditu EAJk. Alderdi jeltzaleak informazio hori gezurtatu du.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu dio EAJri, bai Euskal Herrian bai Espainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.