Askatasunaren Flotillako ekintzailea

Mikel Zuluaga: «Israelek Europan bertan egin digu eraso, bonbak erabiliz»

Israelek droneak erabiliz eraso egin dion itsasontzira igotzekoa zen Mikel Zuluaga, beste hainbat ekintzailerekin batera. Nazioarteko erakundeen jokabidea salatu du.

Begoña Huarte eta Mikel Zuluaga
Mikel Zuluaga, eskuinean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko maiatzaren 2a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostegun gauean, Askatasunaren Flotillako ehun bat ekintzaile Valletako portuan zeuden (Malta), esperoan. Haien artean zegoen Mikel Zuluaga bilbotarra. Conscience itsasontzira igotzekoak ziren, Maltatik Gazaraino joateko. 00:23an, ordea, ontziko tripulazioak SOS dei bat igorri du: Israelek eraso egin die, droneen bitartez, eta branka zulatu eta sutea piztu du ontzian. Laguntzaren zain dira.

Nola dago ontzia orain?

Asmoa zen itsasontzia nazioarteko uretan uztea eta Maltan gauden ekintzaileok txalupa motordunetan joatea haraino. Goizaldean itsasoratzekoak ginen, baina Israelek aurretik egin du eraso, 00:23an.

Hortaz, ez dizue astirik eman itsasontzira igotzeko...

Ez. Hasieran zabaldu da ekintzaileak ontzian ginela erasoa gertatu denean, baina informazio hori ez da zuzena: esperoan ginen, Maltan. Onik gaude. Tripulazioa dago arriskuan.

Zer dakizue erasoari buruz?

Gauza bakarra dakigu: Israelek drone bat baino gehiago erabili duela eraso egiteko, eta ontziaren brankari eragin diola batez ere. Apropos egin diote tiro elektrizitate sorgailuari, barkuek ezin baitute funtzionatu elektrizitaterik gabe. Erasoaren ondorioz, eten egin da komunikazioa. Horrez gain, zulo handi bat egin dute brankan. Badirudi ontzia ez dela berehala hondoratuko, baina arriskuan da.

«Ontzia, orain, Maltako kostaldetik 13 miliara dago, eta espezialisten talde bat bidali dugu, egoera hobeki aztertzeko. Irrati sistemak ere badaramatzate, komunikazioa berrezartzeko»

Zer egin daiteke?

Zaila da esaten, komunikazio zuzenik ere ez baitaukagu. Barkua, orain, kostaldetik 13 miliara dago, eta espezialisten talde bat bidali dugu txalupan, egoera hobeki aztertzeko. Irrati sistemak ere badaramatzate, komunikazioa berrezartzeko. Horrez gain, Hego Zipre izan da tripulazioaren SOS deiari erantzun dion bakarra, eta badakigu larrialdiko ontzi bat bidali duela, baina ez da iritsi oraindik. Oraingoz, ezin dizut gehiago kontatu, informazio falta ia erabatekoa da eta.

Zein da misioaren helburua?

Askatasunaren Flotillaren xedea da Israelek ezarritako blokeoa apurtzea, Gazara itsaso bidez giza laguntza eraman ahal izateko. Horretarako, indarkeriarik gabeko ekintzak antolatzen ditugu. Salatu nahi dugu ezen bonbez gain Israelek gosea ere erabiltzen duela palestinarrak hiltzeko, eta ezinbestekoa dela genozidio mota hori ere bukatzea. Zenbait itsasontzi erabili ditugu orain arte giza laguntza eramateko: batzuek lortu dute Gazako kostalderaino iristea, baina gehienak aurreko milietan atzeman dituzte Israelgo komandoek.

Oraingoan, are urrunago heldu da Israel, ezta?

Bai. Oraingo honetan, Europan bertan egin digute eraso, bonbak erabiliz. Haiek ez dute inoiz aitortuko, baina denok dugu argi zein den eraso honen erantzule zuzena: Israel.

«Nazioarteko gobernuek Israeli armak erosten eta saltzen segitzen badute, genozidioak ez du etenik izanen»

Eta eraso hori ikusirik, nola erantzun behar lukete Europako erakundeek?

Israelen inpunitatea ezin da onartu, baina ez nuke arreta gugan jarri nahi. Palestinako genozidioari erreparatu behar zaio, gizateriaren historiako pasarte ilunenetako bat izateko bidean baita. Hain zuzen, horri galga jarri nahi badiogu, ezinbestekoa da nazioarteko gobernuen jokabideari erreparatzea: Israeli armak erosten eta saltzen segitzen badute, negozioak lehenesten segitzen badute, genozidioak ez du etenik izanen.

Israelen diskurtsoa ere salatu duzue...

Indar okupatzaileak arriskuan ikusi ohi du bere burua, eta biktimaren karta jokatzen du. Hortaz, herri zapalduak okupazioari aurre egiten dionean, denetarik esaten diote. Funtsean, genozidioa legitimatu nahi dute. Behin eta berriro ikusi dugu historian. Lehen «basatiak», «paganoak» edo «barbaroak» ziren; gaur egun, «terroristak».

Zer esanen zenieke Euskal Herriko instituzioei?

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari esanen nieke atera daitezela behingoz konplizitatearen gurpil zorotik eta eten dezatela Israelekiko hartu-eman oro.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.