Israelek Palestinako umeei eragindako bortxa salatu dute Bilbon

Gure Haurrak Ere Badira plataformak deituta, manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Gogorarazi dute Israelek segitzen duela «gosea gerra arma gisa erabiltzen eta haurrak hiltzen».

Umeak eta pailazoak manifestazioaren buruan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Umeak eta pailazoak manifestazioaren buruan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko urriaren 25a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadak Palestinan hildako haurrak gogoan hartu dituzte Bilboko kaleetan. Israelek hildako haurrak, baina baita bizirik iraun dutenak ere: gosez eta egarriz daudenak, euren etxe eta eskolak nola birrintzen zituzten ikusi dutenak, eta Israelgo espetxeetan gatibu daudenak. Gure Haurrak Ere Badira plataformak elkartasun eguna egin du Bilbon, eta Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatu dituen mobilizazioa izan da jardunaldi horretako ekitaldi nagusia.

17:35ean abiatu da manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik. Atxuri eta Mujika eskoletako eta Urretxindorra eta Abusu ikastoletako haurrek ireki dute mobilizazioa, ikurrin bati eta Palestinako bandera bati helduta; atzean, Txintxeta, Txorroskilo, Borragoma eta Pantxika pailazoak, horiek ere ikurrinak eta Palestinako banderak astinduz eta tarteka «pailazoak ere Palestinaren alde» oihu eginez; eta, atzean, milaka lagun, Jesusen Bihotza plazatik Plaza Eliptikorainoko tarte osoa bete dutenak.

Hezkuntza komunitateko ordezkariek eutsi diote pankarta nagusiari; Palestinan hiltzen dituzten horiek gure haurrak ere badira leloa zuen idatzia. Mitxel Elortza aritu da eledun, eta gogorarazi du su etena indarrean jarrita ez dela «ezer amaitu». Esan duenez, Israelek segitzen du «gosea gerra arma gisa erabiltzen eta haurrak hiltzen», eta kolonizazioak ez du «etenik» izan.

Oroitarazi du 360 haur palestinar daudela Israelgo espetxeetan, «2016tik erregistratutako kopururik handiena», eta haietako askok torturak eta tratu txarrak salatu dituztela.

Eskaera zehatzak

Elortzak azaldu du eskaera zehatzak egin dituztela Eusko Legebiltzarrean, eta iragarri Nafarroako Parlamentura ere eramango dituztela eskaera horiek: okupazioa amaitu dadila exijitzea, errefuxiatuak itzul daitezela bermatzea, Israelekin eta horren ordezkari instituzionalekin harreman guztiak moztea, eta aurrekontuetan larrialdietarako diru poltsa bat ezartzea Gazan eta Zisjordanian eskola azpiegiturak berreraikitzeko.

«Kaleak betetzen» jarraitzeko deia egin du Elortzak, horretarako aski motibo baitaude: «Hezkuntza azpiegiturak berreraiki behar dira, Palestinako haurrei eta nerabeei arreta psikologikoa eta hezkuntzarako eskubidea bermatu behar zaizkie, eta laguntza humanitarioa ezin da xantaia bilakatu».

Oihu artean egin du aurrera manifestazioak Kale Nagusian barrena: «Boikota Israeli, Palestina askatu», «gure haurrak ere badira», «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile», «ibaitik itsasora Palestina izango da», «Euskal Herria Palestinarekin» eta antzeko leloak oihukatu dituzte. Pankartaren atzean zetozen manifestarien artean askok zeramatzaten Palestinako ikurrak eta zapiak. Manifestazioaren ostean Athleticek futbol partida jokatu behar zuen San Mamesen, eta, horregatik, tapauka eta elastiko zuri-gorriak ere ugariak izan dira.

Manifestarietako batzuek soldadu israeldarrek hildako Hind Rajab umearen argazkiak zeramatzaten. Espaloietan ere jende ugari zegoen, eta txalo, oihu eta bengalekin hartu dute mobilizazioa euren paretik igarotzean, harekin bat egin aurretik.

Plaza Zirkularrera iritsi ostean, udaletxerako bidea hartu du manifestazioak. Han, ezohiko irudia zuten zain manifestariek: udaletxeko eskaileretan ehunka zapata huts zeuden, Israelek hildako umeak irudikatzeko. Ekitaldia amaitzeko, pailazoen parte hartzea eta musika emanaldiak izan dira.

Manifestazioa ez da izan elkartasun eguneko ekitaldi bakarra: goizetik hasita, hitzaldiak, ipuin kontalariak, kalejirak eta antzekoak egon dira Bilbon. Antolatzaileek nabarmendu dute Palestinaren aldeko elkartasun talde guztiek bat egin dutela deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.