Begoña Zabala. Ekintzaile internazionalista

«Israelekin bat egiten duten hainbat gobernuren jarrera salatzeko ordua da»

Begoña Zabalak 'Estelle' ontzian eman du azken astea. Gazara bidean jarri zen Askatasunaren Flotillarekin, palestinarren aurkako erasoak salatzeko. Gazatik 25 miliara eten zuten israeldarrek haien bidea.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Palestinaren aldeko oihuekin eskertu zuen Begoña Zabalak, atzo,Iruñeko tren geltokian hainbat herritarrek egin zioten harrera beroa. Txilen jaio (Santiago, 1950) eta Nafarroan bizi den ekintzaile internazionalista herenegun iritsi zen Madrilera, Israelgo Gobernuak Tel Avivetik kanporatu eta gero. Estelle ontzian atxilotu zuten, larunbatean, Gazara bidean. Astebete egin du Askatasunaren Flotillarekin, palestinarren aurkako erasoak salatzeko eta nazioarteko herritarren begiak haiei so jartzeko.

Gazatik 25 miliara geldiarazi zuten israeldarrek Estelle ontzia. Zer sentsaziorekin itzuli zara?

Ni hagitz kontent nago, genituen helburuak bete ditugula uste dudalako.

Israelgo Gobernuaren jarrera salatzea izan da helburu nagusia?

Hori izan da helburu nagusietako bat, bai, argi dagoelako gobernu horrek giza eskubideen aurka egiten duela Palestinan. Bereziki, Gazan, hango herritarren aurkako blokeoaren bidez. Hori gauza jakina da, eta salatu beharra dago, baina bada ordua , halaber, Israelgo Gobernuarekin bat egiten duten bertze hainbat herritako gobernuen jarrera salatzeko.

Europaz ari zara?

Europako hainbat gobernuk bat egiten dute, argi eta garbi, Israelgo Gobernuarekin. Ildo horretan ere helburuak bete ditugula uste dut, ontzian bazeudelako hainbat parlamentutako ordezkariak. Suediako, Norvegiako, Espainiako... parlamentariak izan dira, Kanadako parlamentari ohi bat ere bai, eta izan dira Italiako eta Greziako ordezkariak ere. Erakundeen eta politikaren esparruko jendea egon da; beraz, haien gobernuen jarrera salatzen. Hori egitea funtsezkoa da, palestinarren aurkako genozidioaren berri emateko. Gaza espetxe bilakatu da.

Larunbatean geldiarazi zuen Israelgo armadak zuen ontzia. Espero zenuten?

Bai. Bagenekien hori gertatuko zela. Gazatik hurbil ginen, 25 miliara, baina argi genuen harat ailegatzen ez zigutela utziko.

Nola gertatu zen erasoa?

Lehenik eta behin, erran beharra dago ez zela batere baketsua izan, hainbat tokitan erran den bezala. Indarrez sartu ziren ontzian, gure borondatearen kontra, erabat.

Luze iraun zuen operazioak?

11:15 aldera agertu ziren. 30 pertsona geunden ontzi barruan, nazioarteko uretan. Gure inguruan jarri ziren ontziak, eta argazkiak egin zizkiguten. Helikoptero bat ere jarri zen gure gainean. Taldeka jarri ginen. Ni bertze lau pertsonarekin batera nintzen. Eguerdi aldera sartu ziren. Soinu bonbak bota zituzten lehendabizi, eta gero, pistola elektrikoekin egin ziguten eraso.

Ez zen egoera samurra izanen, ezta?

Nirekin ziren pertsonak atera, eta bakarrik gelditu nintzen. Hator, hator abesten hasi nintzen, nire buruari indarra emateko. Ordubetez edo egon ziren, denak atxilotu arte.

Nolakoa izan da tratua?

Ontzian indarrez sartu ziren. Gero, atxilotu eta gero ere, jendea jo zuten. Altxatzen saiatzen bazinen ere, ez zizuten uzten. 13:00 aldera hasi ziren ontzia porturantz eramaten. Zortzi ordu inguru iraun zuen bidaiak.

Tel Avivera eraman zintuzteten?

Bai, Tel Aviv ondoko bi atxilotze zentrotan egon ginen. Galdeketa egin ziguten, eta handik, zuzenean, hegazkinera eraman gintuzten.

Eta orain, zer?

Israelen aurkako boikotaren kanpainari bultzada eman behar diogu. Uste dut hori dela bidea. Israel kanpotik blokeatu behar dugu. Uste dut merezitako blokeoa dela. Israelgo produktuak erosteari utzi behar diogu, Palestinan egiten dutena salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.