Sukalde eta jatetxe handi batean bihurtuko da astelehenetik aurrera Donostiako Kursaal jauregia. Italiako pasta, pizza eta izozkien usaina duen jatetxe eta sukalde batean. Horixe baita San Sebastian Gastronomika kongresuaren aurtengo herrialde gonbidatua. Italiako sukaldari onenak bertan izango dira, eta hango sukaldearen nondik norakoak azaldu eta erakutsiko dituzte. Besteak beste, kongresuan izango dira Enzo Coccia, Michelin izarra duen pizzeria bakarreko sukaldaria eta Alberto Manassei, munduan ospe gehien duen izozkigileetako bat. Baina horiez gain, zerrenda luzea da: Massimiliano Alajmo, Genaro Esposito, Massimo Boturra, Andrea Berto... Guztira 30 Michelin izar dituzte denen artean. Kongresua kalera ateratzeko asmoz, etzi herritarrei zuzendutako eguna egingo dute. Hala, Kursaal kanpoaldean, pizza nola egiten den erakutsiko dute hainbat sukaldarik, eta dastatu ere egin ahalko da.
Horiekin batera Euskal Herriko sukaldari onenak egongo dira hitzaldiak, tailerrak eta erakustaldiak eskaintzen: Hilario Arbelaitz, Joan Mari Arzak, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz...Ez dira faltako parrila lehiaketa, edo eta ardo, gazta nahiz trufa dastatzeak. Kursaalean bertan, gainera, jatetxe bat egongo. Basque Culinary Centerreko ikasleak ariko dira sukaldatzen eta zerbitzatzen. Omenaldiak ere egongo dira. Aurtengoan duela hilabete batzuk hil zen Getariako (Gipuzkoa) Elkano jatetxeko Pedro Arregi omenduko dute.