Itsasondoko ekintzaileak aurkitu ditu sostengu taldeak

AHTaren aurka egiteko kateatuta dauden leku zehatzaren berri eman dute; laguntza behar dutela ohartarazi dute

arantxa iraola
Donostia
2010eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Ostegunetik Itsasondoko (Gipuzkoa) meatze batean kateatuta irten ezinik dauden AHTaren aurkako ekintzaileak aurkitu zituzten atzo arratsaldean sostengu taldeko kideek. «Nola ertzainek ez duten bilaketa lanik egin, geure kabuz abiatzea erabaki dugu», jakinarazi zuten. Ekintzaileak dauden lekura heltzerik ez zuten izan, baina haiekin hitz egin zuten. «Urrutira hitz egin dugu, builaka». Egoera larrian daude. «Ezingo dute luzaroan bertan iraun beren osasunarentzat larriak izango diren ondorioak pairatu gabe». Izandako kontaktuaren bitartez, ekintzaileak non dauden zehaztu dute: «Ordizia-Itsasondo zatiko eraikuntza proiektuko laugarren aztarnan». Ertzainak noiz joango zain daude. «Espero dugu orainhaiek pausoa ematea, eta bila joatea».

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo ilunabarrean, ordea, adierazi zuen, batere berritasunik ez zuela gaiaren inguruan. Ondorengo orduetarako, behintzat, inolako irteerarik ez zuten programatuta Itsasondo aldera.

Herri Lan Sailetik, halaber, berririk ez zela adierazi zuten. Atzo obrekin lotutako leherketarik ez zela egin adierazi zuten. Sostengu taldeko kideek ere onartu zuten aurreko egunetan baino mugimendu txikiagoa ibili zela atzo lanetan. «Jakin badakigu, behintzat, haiek dauden leku inguruan ez dela eztandarik izan».

Sostengu taldeko ordezkariak oso kezkatuta daude. Meatzean sartutako ekintzaileak leku hotz, heze eta ilun batean daudela ohartarazi dute, eta batez ere AHTaren lanak direla arrisku eragile; izan ere, abisuak abisu, iragan egunetan lan horietan ohikoak diren eztandak egiten jarraitu dute obraren arduradunek. «Oso bortitz sentitzen dituzte eztandak», ohartarazi dute sostengu taldeko kideek, eta meatzeak, eztandak gertatzen direnean, oso leku arriskutsua direla gogorarazi dute.

Eusko Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Herri Lan Sailari, obren arduradun diren neurrian, «utzikeriaz» jokatzea egotzi diete. Leherketak ez dituztela eten salatu dute, eta ekintzaileen ardurarik ez dutela hartu. «Ez dute inolako neurririk hartu, ez eta dispositiborik bideratu haiek bertatik ateratzeko».

Esaterako, ertzainek orain arte ekintzaileak bilatzeko egindako saioak oso «azalekoak» izan direla salatu dute sostengu taldeko ordezkariek. Horregatik erabaki zuten atzo beren kasara bilaketa abiatzea. Builaka hurbildu ziren meatze zuloetara, ekintzaileekin kontaktuan jartzea lortu zuten arte.

Manifestazioa

Ekintzaileei elkartasuna erakusteko gaur 17:00etan manifestazioa egingo dute, Ordiziako plazatik abiatuta. Bestalde, atzo, kateaturiko ekintzaileen aldeko ekintza baten berri eman zuten; izan ere, Mariaratzeko obretako (Ordizia-Beasain, Gipuzkoa) ur hornikuntza eten egin zuen talde batek ostiral iluntzean; «obren jarraipena zailtzeko asmoz».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.