Iñigo Lamarca. EAEko arartekoa

«'Itun sozial' deitzen dugun hori eraberritu behar da, kinka larrian gaudelako»

2008an hasitako krisiak familia eta pertsona askori eragin diela azaldu du Lamarcak, eta horren eskutik elkartasuna eta politika publikoekiko konfiantza «ahuldu» egin dela. Oinarriak berritzeko beharra ikusi du EAEko arartekoak.

Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hiru egun barru, urriaren 15ean, EAEko ararteko kargua amaituko du Iñigo Lamarcak (Donostia, 1959). 2004ko uztailaren 18an izendatu zuten lehenengoz, eta 2009an bigarrengoz. Ez dago hirugarrengoz izendatzeko aukerarik, baina beste sei hilabete eman ditzake jarduneko ararteko gisa, ordezkoa aukeratzen duten bitartean. Kargua uztear dagoela, hamaika gai pilatu zaizkio.

Azken txanpan bada ere, ematen du lanik ez zaizula falta. Lanbidek diru sarrera bermatzeko errenta dela-eta bidalitako 10.000 gutunekin soilik...

Jende mordoa etorri zen bulegoetara. Harridura eta haserrea sortu dute hartzaileengan, baita informazio aski ez izatea ere.

Zer informazio falta izan zaie?

Gutun horiek izaera informatibo hutsa dute. Urriaren 15etik aurrera, Lanbidek banakako txostenak hasi beharko ditu, eta interesdunak dokumentazio gehigarria aurkezteko aukera izango du.

Zer balorazio egiten duzu Lanbideren jokabidearen inguruan?

Lanbidek ez ditu bere eginbeharrak txukun egin. Hasteko, zor horiek, kasu gehien-gehienetan, 2012koak dira. Lehenago argitu behar zuen, banaka.

Okerreko kobrantzak 56 milioi eurorenak zirela esan zuen.

Nik ziurtzat ematen dut ez direla 56 milioi horiek izango; banako prozeduran gauza asko argituko dira, eta kasu askotan bertan behera geratuko da erreklamazioa.

2012an Lanbidek enplegu politika aktiboen ardura hartu zuenekoa izan daiteke jokabide txarraren iturburua?

Egiazta daiteke 2012. urteko lehen sei hilabeteetan kudeaketan egon ziren gabeziak izugarriak izan zirela. Lanbide espedienteak egunean jartzen ari da, baina 2012an administrazio txarra egon bazen —eta egon zen—, ez dituzte herritarrek jasan behar horren ondorioak.

Azkenaldian diru sarrerak bermatzeko errentaren gaineko eztabaida bizitu da alor batzuetan, iruzurrari buruzkoa, kasurako.

Hasteko, esan beharra dago administrazio publikoak behartuta daudela iruzurrari aurrea hartzera, baita horri aurre egitera ere. Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketan ba al dago iruzurrik? Sailburuak berak aitortu du baietz, %1 inguru. Harritzen nauena da zergatik jarri den errenta horren gainean iruzurraren kontua. Zerga munduan, besteak beste, askoz handiagoa da.

Eztabaida beste gai batzuekin lotu da, ordea.

Oso kaltegarriak izan dira esan diren hainbat gauza. Batetik, gauza asko faltsuak dira. Edozein eztabaidatan ematen den informazioak izan behar du beti zehatza eta zehaztasunean oinarritua, baita informazio osoa ere. Hasteko, errenta hori jasotzeko baldintza batzuk bete behar dira.

Gogortuz joan diren baldintzak, bestalde.

Badaude baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak, eta gizarte erakundeak ari dira behar gorrian daudenei behar bezalako laguntza ematen. Herritar askok ez dute informaziorik, eta oinarrizko errentaren gainean oso kaltegarria den iritzi bat sortzen ari da. Horrek elika dezake xenofobia...

Erakunde publiko batzuek ahalbidetu edo sustatu dute hori?

Badira bi gauza oso inportante, erantzukizun politikoa dutenei eskatu beharrekoak. Batetik, iritziek beti izan beharko lukete atzean zorroztasunarekin lotutako informazio zehatza. Bigarrena, oso kontuan hartu beharko lukete euren adierazpenek eragina izaten dutela hainbat ideia zabaltzeko orduan.

Zertaz ari zara?

Maila teorikoan espero dut guztiok ados egotea arrazakeria, xenofobia, homofobia, matxismoa eta sexismoa giza eskubideen aurkako ideiak direla, eta ez direla sortzen perretxikoak bezala. Sortzen dira baldintzak eragiten badituzte. Hor badago erantzukizun bat, eta bete behar da, nork bere ideia edota proiektu politikoa alde batera utzita.

Enplegu eta Gizarte Politiken Sailarekin lotuta, zer iritzi duzu lana eta familia bateratzeko laguntzak agortu izanaz?

Laguntza horiek muga bat dute: aurrekontua. Aurrekontua bukatzean ez dago besterik. Beraz, legezkoa da administrazioak egin duena, konpromisoa hartu badu ere hurrengo urtean erantzuteko. Hala ere, nik uste dut gauzak ez direla txukun egin.

Zein irtenbide dago orain?

Sailburuak, besteak beste, esan du hausnarketa bat bultzatu nahi duela kontziliazioari buruz. Guk familia politikei buruzko txosten bat egin dugu. Txosten horretan, oso labur esanda, laguntza gehiago eskatzen dugu. Batetik, oso inportanteak dira familia politikak. Familia politikak diot, pluralean, gure txostenean jasotako elementu inportantea delako familia ereduen aniztasuna.

Erantzunik jaso al duzue?

Badakit zein izango den erantzuna: ez dagoela dirurik. Baina nik uste dut egiten diren hainbat eskariren aurrean ez dela nahikoa erantzun hori. Aurrekontuetan gastuak eta diru sarrerak daude, eta diru sarrerak haz daitezke. Badakit oso gai korapilatsua dela, baina datozen urteetan hori izango da debate inportanteenetariko bat. Zer gizarte mota nahi dugu? Zer ongizate estatu nahi dugu? Zer zerbitzu nahi ditugu?

Testuinguru hori ikusita, ongizatearen gizartea inflexio puntuan egotera helduko da?

Nire ustez, inflexio puntu horretan dago. Itun sozialak baditu bi dimentsio: politika publikoei dagokiena da lehena, eta bigarrena, gizarteak barneratzea eta argi edukitzea politika publiko horiek egokiak direla, zuzenak eta beharrezkoak. Bi alor daude, eta bietan atzera egin dugu, nabarmen.

Zergatik?

Labur esanda, krisiak familia eta pertsona askori eragin dielako. Horren ondorioz, estatu soziala deitzen dugun horren oinarri-oinarrian dauden balioak izugarri ahuldu dira, nagusiki elkartasun balioa eta konfiantza izatea politika publikoetan. Ukaezina da egoera berri batean gaudela, eta aurrera begira oso inportantea da hausnarketa egitea. Itun sozial deitzen dugun hori eraberritu beharko litzateke, kinka larrian gaudelako.

Nola ari zara ikusten bakegintza prozesua? Berriki berretsi duzu euskal presoak Euskal Herriratzeko eskaera.

Ordenamendu juridikoak jasotzen du, helburu gisa, presoei gizarteratzeko bidea erraztu behar zaiela. Hori da printzipio orokorra, eta guk beti aplikatu dugu printzipio hori, baita delitu terroristagatik kondenatuak izan diren edo prebentzioan dauden presoen kasuan ere.

Egungo testuinguruak zerbait aldatu al du?

ETAk indarkeria bertan behera utzi zuen, eta gainera esan zuen hori atzeraezina dela. Aditu guztiek —baita hasiera batean ezkorrak zirenek ere— bat egiten dute erabakiak ez duela atzera bueltarik. Ordenamendu juridikoak arauak interpretatzeko hainbat irizpide ematen ditu, oso garrantzitsuak.

Zeintzuk?

Batetik, arauak interpretatu behar dira gizarte egoera kontuan hartuta. Bestetik, arauek helburu bat dute, eta horren betetzea kontuan hartu behar da. Kasu honetan, presoak sakabanatzearen funtsa izan zen ETAren aurka egitea. Terrorismoa ez dagoen neurrian egoera berri baten aurrean gaude. Horrez gain, erabaki horrek zuen helburua bete da: ETAren indarkeria bukatzea.

Espainiako Gobernuak ez du halakorik aintzat hartu.

Egin beharko duguna da arrazoiak indartu. Eskabideak aurrera egiteko inportantea da ahalik eta babes gehiago batzea, batez ere nazioartean giza eskubideen munduan ari diren adituen aldetik.

Eusko Jaurlaritzak Hitzeman proposamena egin du.

Gainetik ezagutzen dut proiektua, eta ontzat ematen dut. Ona eta sendoa da, baina aurrera egiteko derrigorrean behar du administrazio zentralaren inplikazioa. Bestetik, inportantea da Jaurlaritzaren babesa ez ezik beste hainbat eragileren babes ahalik eta zabalena lortzea. Horrek emango dio indar eta bultzada ahalik eta handiena ekinbideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.