LABek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin ekainean sinatutako akordio laboralak lehen aplikazioa izan duela goraipatu du sindikatuak. Jakinarazi du sukaldeko eta garbiketako alorrean ituna sinatu dutela. Hezkuntza Legearen harira lortu zuten ados jartzea, eta dagozkion negoziazio mahaietara eraman dute. «Kolektibo feminizatu eta prekarizatuenetik hasita, akordioa lortu du orain LABek, gehiengoak sindikatuaren proposamena babestu baitu», poztu da sindikatu abertzalea.
Hiru puntu zehaztu zituzten sindikatuaren eta Jaurlaritzaren arteko akordioan: lanpostuak mantentzeko eta esleitzeko irizpideak ezartzea, 60 urtetik gorakoentzako gazteberritze planak egitea, eta behin-behinekotasuna %5etik igoko ez dela bermatzeko neurriak hartzea.
Sukaldeko eta farbiketako alorrean lortutako ituna horri dagokio. «Azkenengo lan erreformaren ondorioz, sei hilabetera mugatuta dauden produkzioagatiko kontratuak sektoreko hitzarmen kolektiboaren bidez 10 hilabetera luzatzeko proposamena egin zuen administrazioak aurreko ikasturtean. Bada, hori aprobetxatuz, negoziazioa mahai sektorialera ekarri, eta akordioa erdietsi du LABek», adierazi dute. Baieztatu dute horrek ez diola kalte egingo jadanik abiatua duten hitzarmen kolektiboaren negoziazioari.
Horrez gain, sukaldeko eta garbiketako langileen lanpostuen zerrendan egiturazko bakanteak sortuko dira, eta 60 urte baino gehiago dituzten sukaldeko eta garbiketako langileei heren bat murriztuko zaie laneko jarduna. Egun sukaldean lan egiten duten 120 langileri eta garbiketan diharduten 94ri eragingo die neurri honek, LABen arabera.
Sindikatu abertzaleak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio elkarren artean lortutako lan akordioa mahai negoziatzaileetara eramaten jarraitu dezala. LABek, berriz, «langileen lan baldintzak hobetzeko» proposamenak egiten jarraituko du kolektiboz kolektibo.