Ituñok elkartasuna adierazi dio Fermin Muguruzari, 'Sarri Sarri' abestuz

Aktoreak sari banaketa batean gogoan izan du Valentziako ekitaldi batengatik kantaria jasaten ari den jazarpena.

Itziar Ituño aktorea, saria jaso eta gero, abesten. BERRIA
Itziar Ituño aktorea, saria jaso eta gero, abesten. BERRIA
Erredakzioa
2024ko martxoaren 16a
17:15
Entzun

Sariak banatzeko gala bat. Trajeak eta gala jantziak. Eta sariak banatzeko ekitaldiaren hotsandian, publikoa —publikoaren parte bat behintzat— Kortaturen Sarri Sarri abesten edo txaloekin laguntzen. Itziar Ituño aktoreak sari bat jaso zuen, eta, saria eskertzeko orduan, gogoan izan zuen Fermin Muguruza, bera bezala jazarpena jasaten ari baita hura ere. Izan ere, Valentziako Bellreguard herrira kantariak egindako bisita bat baliatuta, hango institutu batek Muguruza protagonista duen horma irudi bat aurkeztu zuen, eta, hori dela eta, institutuko zuzendaritza taldea «terrorismoa goratzeaz» akusatu dute.

Your's Magazine aldizkariak —Sitgesko Zinemaldiko aldizkaria ere argitaratzen du— lehenengo zinema sariak banatu zituen atzo gauean, Lleidan. Ohorezko Mercedes saria eman zioten Itziar Ituñori. Saria jasotzera igo, eta Muguruzari ere eskaini zion saria: «Azkenik, saria eskaini nahi diot eraso baten biktima bati ere, neu ere urtarrilean izan nintzen moduan. Fermin Muguruza izena du, eta Kortaturen kanta honen egile ospetsua da...». Eta Ituño Sarri, sarri abesten hasi zen: «Ez dakit zer pasatzen den azkenaldi hontan...» Fermin Muguruzak berak zabaldu du bideoa, X sare sozialaren bitartez.

Bera ere eraso baten biktima izan zela gogoratu zuen Ituñok. Izan ere, urtarrilean, Ituñoren kontrako kanpaina bat izan zen, Sare Herritarraren urtarrileko manifestazioa babesteagatik eta bertan parte hartzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.