Itunpeko eskolak

Itunpeko eskoletako langileek manifestazio jendetsua egin dute lan hitzarmen berria eskatzeko

Batez ere, Kristau Eskola eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa sareei eragiten die. 9.000 langile zeuden grebara deituta, eta, sindikatuen arabera, 5.000 irten dira kalera protesta egitera.

Grebak 200 ikastetxeri eta 130.000 ikasleri eragin die. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 25a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Kristau Eskolako eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoko langileek kalera jo dute lan hitzarmen berria eskatzeko. ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk deitu dute grebara, eta, eman dituzten datuen arabera, parte hartzea handia izan da: %65ekoa. Protesta egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta hainbat eskaera egin dituzte: soldatak KPIaren arabera igotzea, lan zama arintzeko neurriak hartzea, lanbide heziketaren erregulatzea eta lanpostuak bermatzeko neurriak ezartzea. Horrez gain, galdegiten ari dira sektore feminizatu eta prekarioetan hobekuntzak egitea.

Steilas sindikatuko Javi Kerexazuk salatu du negoziazioak blokeatuta daudela, patronalek ez daukatelako negoziatzeko «inongo borondaterik». Azaldu duenez, urtebete daramate patronalekin jesarrita, eta 2022ko martxotik dakite sindikatuek zer aldarrikapen dituzten. Kerexazuren arabera, denbora tarte horretan ez diete «inongo edukizko proposamenik» egin: «Azken bilera aurtengo otsailaren 2an egin genuen, eta patronalek argi eta garbi esan ziguten ez dutela beste proposamenik egingo».

Lan hitzarmen honek 9.000 langile ingururen baldintzak arautzen ditu, eta grebak 200 ikastetxeri eta 130.000 ikasle ingururi eragin die. Patronal nagusiak Kristau Eskola eta IZEA dira. IZEAk lanbide heziketako hainbat ikastetxe eta eskola erlijioso biltzen ditu, besteak beste. Sindikatuek adierazi dutenez, 5.000 pertsona irten dira kalera protesta egitera, eta grebak eragin «nabarmenagoa» eduki du Bizkaian.

ELAko Miren Zubizarretak negoziazioen nondik norakoak eman ditu. 2021eko abenduan amaitu zen aurreko lan hitzarmenaren indarraldia, eta ordutik hamahiru negoziazio batzar egin dituzte. «Ez dugu ikusten negoziazioan aurrera egiteko inolako borondaterik [...] beraz, ez daukagu beste aukerarik mobilizazioetara ez deitzeko». Hala ere, berretsi du sindikatuak «negoziatzen jarraitzeko prest» daudela. Aurrera egin ezean, kalean jarraituko dute. «Erantzunik ez badago eta ez badago kontsentsurik sortuko duen proposamenik, areagotu beharko ditugu mobilizazioak», aldarrikatu du Zubizarretak.

Kristau Eskolak bestelako bertsio bat eman du. Ohar bidez jakinarazi du bere langileen %21ek egin dutela greba: 1.397ek. «Lasaitasun mezua» helarazi die familiei, eta adierazi dute «alde guztiek» nahi dutela langileen lan eta soldata baldintzak hobetzea. «Negoziazioekin jarraitzeko deia» egin diete sindikatuei. Kristau Eskolaren arabera, otsailaren 2ko negoziazio batzarrean proposatu zieten patronalek sindikatuei Eusko Jaurlaritzarengana elkarrekin jotzea, «finantzaketaren arloan dauden aukerak aztertzeko».

Kristau Eskola eta IZEA patronal nagusiak dira, baina badaude beste pare bat hitzarmen berak eragiten diena: Ikasbiltza eta EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak. Ikastolen Elkarteak hitzarmen propioa negoziatzen du Eusko Jaurlaritzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.