Itunpeko sareak finantzaketa ona duela esan du Jaurlaritzak

Kristau Eskolaren kritikei erantzunez, Isabel Zelaak adierazi du EAEko hezkuntza sistema «indartsua» eta «egonkorra» delaEskola publikoaren aldeko apustua berretsi du, «botere publikoen eginbeharra delako»

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Itunpeko hezkuntza sarea garrantzitsua da, baina eskola publikoa, «ezinbestekoa». Azken egunetan itunpeko sarearen finantzaketari buruz Kristau Eskolak abiatutako eztabaida itxi nahi izan zuen atzo Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, hezkuntza publikoak eta itunpekoak izaera eta funtzio desberdinak dituztela azalduz. Itunpeko sarearen finantzaketa «egoki» jo zuen, eta eskola publikoaren aldeko «apustu tinkoa» berretsi zuen: «Hezkuntza sistemaren erdigunea eta erreferentzia da, eta gure ongizate sistemaren parte da, botere publikoen eginbeharra baita hezkuntzarako eskubideari erantzutea».

Kristau Eskolako zuzendari Aitor Bilbaok astelehenean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esandakoak piztu du Zelaaren haserrea. Baliabide publikoak modu «parekideago» batean banatzeko eskatu zuen Bilbaok, «ikasle guztiek euren beharren araberako aukerak eduki ditzaten, edozein saretan daudela ere». Patronalak aurkeztutako txosten baten arabera, itunpeko sareak eta publikoak antzeko ikasle kopurua duten arren, publikoak jasotzen du aurrekontuaren %69. Bertako ikasle bakoitzeko 7.111 euro inbertitzen dira urtero; itunpeko sareko ikasleetan, berriz, 3.172 euro.

Baina hori ez dator bat errealitatearekin, Zelaaren iritziz: «Zilegi da finantzaketa gehiago eskatzea, baina ez konpara ezin daitezkeen gauzen artean konparazioak eginez». Sailburuak azaldu du itunpeko sareak egiten ez dituen gauza asko egiten dituela eskola publikoak. Eskola txikiak jarri ditu adibide: 12 eta 101 ikasle arteko 50 zentro daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta denak publikoak dira. «Itunpeko eskaintza leku batetik bestera mugi daiteke, bere borondatearen arabera. Baina publikoak hor egon behar du, beharrizana dagoen tokian», erantsi du.

Eta ildo horretan doa Bilbaok emandako datuei buruzko hausnarketa. Izan ere, aldagai askoren arabera kalkulatzen da ikasleen gastua; ikastetxearen tamainaren arabera, esaterako. Sare publikoko Lehen Hezkuntzako hiru datu eman ditu sailburuak: 1.000 ikasleko eskola batean, bakoitzeko 3.409 euro erabiltzen dira, eta 400 ikaslekoan, 4.046; 25 ikasleko batean, berriz, 9.387 eurora igotzen da ikasle bakoitzarentzat bideratzen den dirua. «Garestia da, baina administrazio publikoak derrigorrean egin behar dio kasu eskaera horri», esan du.

Antzekoa gertatzen da ospitaleetako hezkuntza zerbitzuarekin eta etxean gaixo dauden ikasleekin: «Eskola publikoak baino ez dio horri erantzuten. Hor dago aldea». Hala, Zelaak argudiatu du itunpeko sarearen eskaintza «osagarria» dela, izaera eta funtzionamendua desberdinak direlako: «Desberdina dena ezin da berdin tratatu».

Atzerritik etorritako ikasleak ere hizpide izan ditu Hezkuntza sailburuak. Aitor Bilbaok esan zuen itunpeko sareak publikoaren antzeko «zama» jasaten duela ikasle etorkinen kopuruari dagokionez, baina Zelaa ez dago ados: kanpotarren %75ek ikasten dute eskola publikoan. Haien jatorrizko hizkuntzak ere badu eragina, Afrikatik iritsitakoen kasuan %88ra igotzen baita zifra. «Eskola publikoan daude hizkuntza ofizialik ez dakiten ikasleak, garestiagoa delako. Itunpeko sareak ez ditu zama berberak, baina hori ez da gaitzesgarria, eskola publikoak denei irekia egon behar duelako».

Hori guztia dela eta, Zelaak «bidegabe» jo ditu itunpeko sarea txarto finantzatuta dagoela dioten kritikak: «Eztabaida horrek ez du zentzurik, eta are gutxiago hemen, finantzaketa sendoa baita, inguruko erkidegoetan baino handiagoa». Sailburuak gogora ekarri du itunpeko molde hori 1992an adostu zutela, eta iradoki du beste eskola itun bat hitzartzea zaila dela egun: «Beste finantzaketa bat lortzeko, orain aurreikusten ez den KPIaren gorakada bat beharko genuke». Izan ere, hezkuntzarako baliabideak «mugatuak» dira: «Norbaitek beste modu batera banatzea eskatzen badu, baliabideak lekualdatuz bakarrik lor dezake».

Sistema «egonkorra»

Era berean, «erantzukizunez jokatzeko eta liskarrak saihesteko» eskatu die Isabel Zelaak hezkuntza eragileei. Izan ere, EAEko hezkuntza sistemaren egonkortasuna eta iraunkortasuna auzitan jarri zituen Aitor Bilbaok Eusko Legebiltzarrean. «Errealitatearekin bat ez datorren alarma egoera sustatu nahi izatea» egotzi dio Zelaak, eta sistema «indartsua» eta «sendoa» dela nabarmendu du: «Gizarteak asko estimatzen du gure hezkuntza sistemaren egonkortasuna».

Eskaintza publikoaren eta itunpekoaren arteko «konfrontaziorik» ez duela nahi erantsi du sailburuak: «Ez da komeni sistema zalantzan jartzen duten gatazkak etengabe sortzen aritzea». Hortaz, hezkuntza eragile guztiekin hitz egiteko borondatea agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.