Iturburu bat lehortu dute AHTaren lanek

Sorabillako auzokideei ura ematen dien iturburu baten emaria asko gutxitu da. ETSk aitortu du AHTaren lanek eragina izan dezaketela

Zeberio, Alkorta, Arruti eta Arabaolaza, Andoaingo Sorabilla auzoko bizilagunak, hango baserrietako batean. I. URIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Andoain
2016ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ur horiek denak galduko dira». Bizilagun gehienen gisan, kezkatuta dago Joxe Mari Arruti, Andoaingo (Gipuzkoa) Sorabilla auzoko baserritarra. Belkoain mendiaren azpitik ari dira egiten AHT abiadura handiko trenaren Zizurkil-Andoain zatia: 4,97 kilometrotik, lur azpikoak dira 4,71 kilometro. Andoaindik Aduna alderako tunela egiteko obren ondorioz, urte luzeetan Sorabillako 45 bizilagunei ura eman dien iturria lehortzen hasia da. Hainbatetan galdera jaso eta aurrez bi aldiz ukatu ondoren, AHTaren obren ardura duen ETS Euskal Trenbide Sareak uztailaren 22an aitortu zuen auzotarrek lehendik ziurtzat zutena. Honela dio ETSk, BERRIAk eskuratutako gutunean: «Logikoa da pentsatzea tunelaren eraikuntzak eragina izan dezakeela iturburuaren erregimen hidraulikoan: batetik, gehieneko ur emaria murriztuz euri garaian; bestetik, gehienez hilabetekoa den agorraldia zabalduz».

1993an erregistratu zituen Espainiako Garraio eta Herri Lanetarako Ministerioak Errekaleor eta Errekazabal iturburuak, eta auzotarrei onartu zien legez horiek erabiltzeko eskubidea. 2061. urtera arteko iraupena jarri zioten kontratuari. Josu Arabaolaza auzokideak kontatu duenez, hamarkadaz hamarkada inguru haietan bizi izan direnek egin bezala, auzolanean egin dituzte ura erabiltzeko beharrezko instalazioak eta mantentze lanak.

Ekainaren erdialdera hasi ziren arazoak: iturburutik oso ur gutxi zetorrela ohartu ziren auzotarrak. 50 urte baino gehiago daramate jarioa neurtzen, eta sekula ez dute hain emari urririk izan. Inoiz ez minutuko 10,02 litrotik beherakorik. Normalean, hortik gorakoa izan ohi zen: minutuko 13-14 bat litrokoa. Ekainean, minutuko 4,5 litroan zegoen, eta abuztu hasieran, 2 litro inguruan.

Egoeraz jabetu zirenetik ari dira ETS ohartarazten, baina lehenengo bi erantzunetan ukatu egin zieten arazoak AHTaren lanekin loturarik zuenik. Arabaolaza: «Aurrena esan ziguten euria gutxitzen ari zela, eta horregatik izango zela. Gero, iturri horrek lehortzeko joera zuela». Azkenean, aitortu dute gertatutakoa. Honela dio ETSren gutunak: «Egungo erauzketa erritmoak aurrera jarraitzen badu, ur emarien murrizketa saihetsezina izango dela dirudi».

Arabaolazak Iturburua dagoen lekura eraman du BERRIA. Itsasoaren mailatik 315 bat metrora dago, mendi bide batetik basora sartuta. Iturburuaren ondotik, behean ikusten da Lasartetik Andoainera daraman N-1 errepidea. Trena zubi batetik pasatuko da, errepidearen gainetik, eta tunelak izango ditu bi aldetara. Handik ari dira egiten Andoaindik Aduna alderakoa ere, 75 bat metroko altueran. Arabaolaza: «Pentsa non dagoen iturria, non tunela, eta nola eragin dion».

Ingurumen azterketa

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, 2009ko abenduan egin zuen aholkulari etxe batek AHTaren lanek inguruan izan zezaketen eraginaren azterketa hidrogeologikoa. Zera dio: «Adunako eta Andoaingo bi tunelak eraikitzeak soilik nabarmen eragin diezaieke aztertutako eremuan dauden ur sektoreei». Errekazabal eta Errekaleor iturburuak ez dira, gainera, eremu horretan dauden bakarrak. 2009ko ingurumen azterketak dakarrenez, gutxienez 46 iturburu daude Zizurkil-Andoain zatiak hartzen duen eremuan.Sorabillako bizilagunek azaldu dutenez, Zizurkil aldean ere izan dituzte arazoak urarekin.

Iturburuak lehortzeko arriskuaz ere ohartarazi zuten azterketa hidrogeologikoan, eta hainbat prebentzio neurri hartzeko aholkatu zuten. Besteak beste, lanak egin bitartean etengabeko azterketak egitea proposatu zuten txostenean, gune irazkorrak non dauden jakin eta horiek urik ez pasatzeko moduan estaltzeko.

Eusko Jaurlaritzak 2012an esleitu zizkion Zizurkil-Andoain zatiko lanak aldi baterako enpresa elkarte bati —Dragados SA, Construcciones Amenabar SA, Comsa SA, Construcciones Civiles Leza SA eta Ilosux Corsan Corviam enpresei—, eta urte hartako apirilean jarri zuten lehen harria. Gipuzkoako zatirik luzeenetakoa eta konplexuenetakoa da AHTaren tarte hori: 180 milioi euroan esleitu zuten proiektua, hiru urte eta hamar hilabetean egiteko. ETSren hiruhileko azken txostenaren arabera —ekainekoa da—, 184 milioi eurora igo da indarreko aurrekontu likidoa, eta urtebete luzatu behar izan dute lanak bukatzeko aurreikusitako epea.

Irtenbide baten zain

Aurrekontu horretatik kanpo daude, ordea, lanek eragindako kalteak konpontzeko sortzen diren gastuak, lanen ardura duen aldi baterako enpresa elkarteak beste enpresa bat azpikontratatu baitu horretarako. Oraingoz, behin-behineko irtenbide bat eskaini diete bizilagunei: bost egunean behin, traktore bat joaten zaie 10.000 litro urekin, biltegia betetzera. Ez dakite, ordea, nola konpondu ahal izango duten ur horniduraren arazoa. «Andoaingo Udalak jarrera ona izan du gurekin, normala denez. Baina udan dena gelditu samar dago, eta ez dakigu nola konponduko den hau», kontatu du Arabaolazak.

Zortzi baserri eta etxebizitza, 45 bizilagun, 37 behi, eta bestelako ganadu ugari daude Sorabilla auzoan. Baratzetik ere ateratzen dute bizimodua baserri haietako batean: barazkiak banatzen dituzte, otarretan. Pili Zeberioren eta Sabino Alkortaren baserri atarian elkartuta, irtenbidea zein izan daitekeen hizketan geratu dira Sorabillako bizilagunak. «Egoera ezkor samarra dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.