Iturgaitz: «Esku bat ez, biak jarriko nituzke sutan EAEko PPko buruzagien alde»

Mariano Rajoyk iragarri du uztail amaieran edo abuztu hasieran azalpenak emango dituela kongresuan

Erredakzioa
2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Luis Barcenasek EAEko PPren legez kanpo finantzaketari buruzjoan den astean epaileari egindako deklarazioek lurrikara politikoa eragin dute alderdian, eta gauzak baretzen saiatzen ari dira EAEko PPko buruzagiak. Azken egunotan komunikabideen aurrean agertu diren EAEko PPko ordezkari denek ukatu egin dituzte ustezko irregulartasun horiek. Eta atzo, besteak beste, Carlos Iturgaitzek hitz egin zuen: «Esku bat ez, biak jarriko nituzke sutan EAEko PPko zuzendaritzakoen alde, Jaime Mayor Orejarengandik hasita, eta Maria San Gilenganaino, garai hartan zuzendaritzakide izan nituen guztien alde».

Izan ere, PPko diruzain ohiak epaileari adierazitakoaren arabera, diru beltzaren erabileraren erdi-erdian dago Iturgaitz. Barcenasek epaileari esan zion 1999. urtean hasi zirela PPk Bilbon duen egoitzaren legez kanpoko finantzaketak. Iturgaitz zen orduan EAEko PPko burua. Eta Maria San Gilek kargua hartu zuenean ere jarraitu egin zutela gaineratu zion Barcenasek epaileari, 2005era arte. Iturgaitzen arabera,denbora horretan guztian EAEko PP «PP nazionalak emandako diruarekin finantzatu zen», afiliatu nahikorik ez zutelako. Baina hipotekaren ordainketa paperak Iñaki Oiarzabal alderdiko idazkari nagusiak erakutsi zituela ekarri du gogora.

Borja Semper PPko Gipuzkoako presidenteak ere hitz egin du egunotan. Igandean adierazi zuen uste duela Iturgaitzek «zintzo» jokatu duela, baina ohartarazi zuen ez duela «lepoa egingo» inoren alde. «Azalpenak» ematea ezinbestekotzat jo zuen Gipuzkoako PPko buruak, horixe delakoan politikan dagoen «errezeta bakarra». Atzo ere azalpenak emateko eskatu zion Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari. Ziurtzat jo zuen Rajoyk ez duela zer ezkutatu, eta hobe dela Espainiako Kongresuan agertzea eta egon daitezkeen zalantza guztiak argitzea.

Rajoy, kongresuan

Adierazpen zurrunbilo horretan, Rajoyk atzo iragarri zuen kongresuan azalpenak emango dituela PPren ustezko ustelkeriaren inguruan. Jakinarazi zuenez, kongresuan agerraldi bat prestatzeko eskatu dio Jesus Posada parlamentuko presidenteari. Agerraldia noiz izango den ez zuen zehaztu, baina uztail amaieran edo abuztu hasieran egingo duela esan zuen.

Rajoyren arabera, «une egokia» da «egoera zein den azaltzeko, zalantzak argitzeko eta herritarrei kezka eragiten dieten gaiez azalpenak emateko». Barcenasek alderdiko hainbat karguduni—tartean, Rajoy bera dago— ustez emandako gainsoldaten inguruan bere «bertsioa» emango duela esan du presidenteak. Haren esanetan, kongresuari dagokio «subiranotasun nazionala» eta, beraz, han hitz egingo du «herritarrei kezka eragiten dieten gaiez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.