19 urteko neska bat hil da Iturmendin, auto istripuan

Ibilgailuaren gidaria atxilotu egin du Foruzaingoak, alkoholemia proban positibo eman baitu.

Istripua izan duen autoa iraulita, gaur, Iturmendin. NAFARROAKO GOBERNUA
Istripua izan duen autoa iraulita, gaur, Iturmendin. NAFARROAKO GOBERNUA
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 27a
20:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Auto istripu lazgarria gertatu da gaur goizaldean Iturmendin (Nafarroa). 19 urteko neska bat hil da, Beriaingoa, eta ibilgailuaren gidaria atxilotu egin du Foruzaingoak, alkoholemia proban positibo eman baitu. Ilardiko pistan gertatu da ezbeharra, autoa errepidetik irten denean.

Jakinarazi dutenez, ibilgailuan sei lagun zihoazen, eta neska airean atera da maniobra batean. Larrialdi zerbitzuek 06:52an jaso dute abisua, eta, Foruzaingoaz gain, anbulantziak eta suhiltzaileak ere joan dira bertara. 

Aurrez, bizilagun batek ere dei egin dio Foruzaingoari, norbait ausarkeriaz gidatzen zebilela eta. Polizia heldu denerako, ordea, berandu zen: autoak istripua izana zuen, eta iraulita zegoen. Neska orduantxe zendu da.

Gidaria 28 urteko gizonezko bat da, eta zuhurtziagabekeria larriak eragindako hilketa egotzita atxilotu dute. Gorpua, berriz, Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.