Herriak odolusten ikusi ordez, despopulazioari aurre egitea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Aspaldikoa da arazoa, baina larrituz joan da, eta nekez egin liteke ez ikusiarena. Pirinioetako herriak husten ari dira gelditu gabe, eta horregatik jarri dute martxan Pirinioetako Plana. Lau milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. Jendea han bertan bizi dadin nahi dute, baina horretarako zerbitzuak, etxebizitza eta lana segurtatu behar dira, gutxienez.
Aurreko legealditik heldu da plana, eta gobernu berriak ez du asmoa bazter geratzerik nahi izan, Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren arabera. «Helburua da lan zehatza egitea Pirinioak bizirik mantentzeko, indartzeko, despopulazioari aurre egiteko eta garapen jasangarriari begira». Izan ere, orain arte hirietara edo biztanle anitz dituzten herrietara bideratu dituzte politika publikoak, nagusiki. Horri itzulia ematen hasteko abiapuntua izan daiteke plana.
Bide horretan, martxan paratu dute Gu Pirinioa egitasmoa. Cederna Garalur, Lursarea eta bertako erakundeekin batera, bulego bana ireki dute Burgin eta Ariben. Han teknikariak ari dira lanean, plana aurrera eramateko eta parte hartzea sustatzeko. Teknikari horiek arduratzen dira eskualdea biziberritzeko sortu dituzten 11 lantaldeez ekintzailetza, etxebizitza, mugikortasuna, kultura, hezkuntza, osasuna..., baina talde horietan nahi duenak parte hartu dezake.
Aurretik egin izan dira bestelako planak, baina honek badu berezitasun bat, Goñiren arabera: «Lurraldetik bertatik sortutakoa da». Horrek lan egiteko manera «berria» eskatu du, «kogobernantzan» oinarritutakoa, eta Pirinioetako Mahaiaren bidez gauzatzen da Pirinioen eta hiriburuaren arteko lotura. Mahai horretan hamabost lagun daude, Pirinioetako ibarretako eta udalerrietako ordezkariak, eta Ana Sagardoi Zaraitzuko batzordekidea da lehendakaria. Erakundeen arteko koordinazioa «estua» dela onartu du, nahiz eta baden zer hobetu.
Lantaldeetan sortutako proiektuak Pirinioetako Mahaira igarotzen dira, eta organo hori arduratzen da Nafarroako Gobernuarekin eta Parlamentuarekin batera erabakiak hartu eta aurrekontuak zehazteaz, hiru erakundeak biltzen dituen Pirinioetako Batzordean.
Proiektu nagusiak
Planak esku hartzeko lau alor nagusi bereizi ditu: turismoa, komertzio iraunkorra eta zerbitzuak biltzen ditu lehenbizikoak, eta, besteak beste, Pirinioen marka errotzeko helburua izanen du. Bigarrenak, abeltzaintza, nekazaritza eta basoetako zerbitzuak, belaunaldi aldaketaren erronka handia izanen duena. Hirugarrena etxebizitzarena, garraioarena eta azpiegiturena da, eta dagoeneko hasi da erabiltzen ez diren etxebizitza eta eraikin publikoen memoria egiten. Laugarren hanka industriarena, lanarena eta garapen iraunkorrarena da; multzo horretan daude Aribeko coworking gunea eta Pirinioetako lan poltsa.
Aurrekontuaren parte handi bat Internet konexioa hobetzeko izanen da: bi milioi euro inguru inbertituko dute banda zabala paratzeko. Enpresa pribatuek ez dutenez egiten, Nafarroako Gobernua arduratuko da. Beste inbertsio batzuen berri ere emana dute: proiektuak eta azpiegiturak finantzatzeko deialdiak 600.000 euro izanen ditu; Erronkariko eskola berriko bidea egiteko, 263.000 euro; bizikletan ibiltzeko turismo iraunkorra bultzatuko duen Bizimugi proiektua garatzeko, 117.000 euro; ekintzaile proiektuetarako, 65.000 euro; Garaioako udaletxea berritzeko, 50.000 euro; eta Erremendian esku hartzeak egiteko, 40.000 euro.
Goñik argi esan du: ez da proiektu handien afera. Soilik horrelakoekin ez da lortzen eskualde bat biziberritzea, haren aburuz. Pirinioetako Plana proiektu txiki askoz osatua izanen da, hala baizik ezin dutelako lortu despopulazioari aurre egitea: «Egitasmo guztiek ekarpen txikiak egingo dituzte, baina denbora pasatuta eragin handikoak izatea espero dugu». Batzuk nabarmendu ditu. Adibidez, etxebizitzari lotutakoa. Dagoeneko 56 etxebizitza identifikatu dituzte: «Helburua da ahalik eta azkarren alokairurako etxebizitzak eskaintzea». Aribeko coworking-a ere estrategikotzat daukate, eta antzeko bi egitasmo eginen dituzte Otsagabian eta Abaurregainan.
Hiru ardatz nagusi nabarmendu ditu Goñik herri bat biziberritzeko: zerbitzuak, etxebizitza eta lana. Baina ez da aski hala ere. «Badaude beste kontu batzuk ere: eskaintza kulturala bizirik egotea, kohesioa ematea... Bizitza sozialarekin eta gai sozialekin euskara, berdintasuna... osatu behar da plana».
Pirinioetan begi onez ikusi dute plana martxan jartzea, eta eskualdean «ilusioa» eta «itxaropena» piztu dituela nabarmendu dute, esaterako, Ana Sagardoi Pirinioetako Mahaiko lehendakariak eta Karlos Bueno Aezkoako Batzarreko lehendakariak. «Behingoz, Pirinioak agendan daude», esan du bigarrenak. Baina ez du kezka ezkutatu Buenok: «Egoera hau larri bizi dugu. Azken 20 urteetan biztanle asko galdu ditugu, baina lehenagotik ginen aldapa behera». Duela 25 urte, haren belaunaldiko zenbaitek herrian geratzea erabaki zuten, eta horrek zertxobait apaldu zuen beherakada. «Baina baldintzak ez dira hobetu: zerbitzuak handitu ordez, galdu egin ditugu; etxebizitzaren eta lan duinak izateko arazoak ditugu... Eta horrek ez du lagundu jende gaztea hemen bizitzen gera dadin».
Pirinioak agendan
Azken bi legegintzaldietan erakundeek beste jarrera bat hartu dutela uste du Sagardoik, eta lurralde kohesioari garrantzia ematen hasi direla. Alde horretatik, mahaian «lan handia» egiten ari direla nabarmendu du: «Batzuetan lan hori guzia ez da agertzen, oraindik emaitzak ez direlako ikusten. Denak bere denbora behar du, eta kostatu da dena martxan jartzea. Egia esan, azkarxeago joan nahiko genuke, baina, tira, hor gaude».
Biek azaldu dutenez, Pirinioetan aurretik egindako lanari esker ailegatu dira oraingo egoerara. «UPNk Nafarroako Lurralde Estrategia onartu zuenean, Pirinioak batu ziren horri aurre egiteko. Hori izan zen ernamuina, eta orduan hasi ginen elkartzen eta lanean. Azken hamar urteetako lanak ekarri du prozesu hau martxan jartzea», kontatu du Buenok. «Azpimarratuko nuke talde sozialak hasi zirela elkarlanean; une batez denak batera jarri gara martxan, eta, ezberdintasunen gainetik, adostasunak jarri ditugu mahai gainean».
Sagardoik gogora ekarri du Bost minutu Pirinioen alde mugimendua: «Parlamentariei eskatzen zitzaien legeak egitean bost minutuz pentsa zezaten Pirinioetan». Eta joan ziren parlamentura, Pirinioetako komisioetara. «Ponentziak egin ziren. Guretzat hasiera izan zen: zer nahi genuen esan genuen; arloz arlo diagnostikoa egiten genuen, baina baita egoera hobetzeko proposamen batzuk ere». Horregatik, argi ikusten du plana Pirinioetatik sortu dela, herri mugimenduak bultzatuta.
Aurrera begira
Itxaropentsu daude, baina zuhur. «Aurtengoa gakoa da, lehenbiziko urtea delako inbertsio bereziak izanen ditugula aurretik landutako proiektuak garatzeko», esan du Buenok. Arazoa larria da, eta esku hartzea beharrezkoa, erabat hustu baino lehen. Argi dituzte lehentasunak: etxebizitza eta lana. «Etxebizitzak behar ditugu gazteak independizatu daitezen. Udalek eta batzarrek etxe hutsak ditugu, baina ez dugu ahalmen ekonomikorik berritzeko», azaldu du Buenok. Horri lotuta, beste eskari bat du aetzak: «Galdu ditugun zerbitzuak berreskuratu, eta inoiz izan ez ditugunak eskuratu». Sagardoik beste afera bat gehitu dio: «Pirinioetako marka ar i da lantzen, gure identitateari lotuta, eta ongi dago guri balioa eman eta gure autoestimua pixka bat hobetzeko».
Martxan da, beraz, Pirinioetako Plana. Lantaldeak lanean ari dira, proiektu batzuk martxan jarri dituzte, eta beste batzuk etorriko dira. Denbora behar da, hala ere, proiektuaren emaitzak ikusi eta balorazioa egiteko. Oraingoz, itxaropen izpi horrek argitzen ditu geroz eta hustuago dauden Pirinioak.