"Ia urtebete izan dute Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak eseri eta hitz egiteko, baina ez dute egin, eta orain ez du balio sindikatuei leporatzea grebok herritarrengan eragin ditzaketen kalteak", azaldu du ELAko ordezkari Izaskun Garikanok. Herritarrek Osakidetzako langileek jasaten duten "benetako arazoa" zein den azaltzeko hasi dute 17:00etan itxialdi mugagabea, ELA, ESK eta SATSEko ordezkariek, Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostiako ospitaletan. Greba egunetan soilik ez dira itxita egongo, hilaren 19an, 22an, 26an eta 29an.
Egun horietako gutxieneko zerbitzuak adosteko bilera egin zuten atzo, baina ez zuten akordiorik lortu. Zerbitzuak ia % 100ean mantendu nahi izatea salatu dute sindikatuek. Osakidetzako ordezkariek, berriz, ziurtatu dute zentroak zabalik egongo direla eta gutxieneko zerbitzuak ziurtaturik. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak zehaztu beharko ditu gutxieneko zerbitzuak.
UGT sindikatuak ez ezik gainerakoek babestu dute greba deialdia. Sindikatuen ordezkariek esan dutenez, greba horiek bertan behera uzteko aukera egongo da negoziatzeko asmo zintzoak ikusiz gero.
Lan Gatazka