Goizaren errepasoa

Itxierak eta laguntza ekonomikoak positiboen gorakadaren aurka

Gobernuek eman dituzte goizeko albiste nagusiak, krisiari aurre egiteko. Helburu nagusiak dira birusa gehiago ez hedatzea eta ekonomiari nola edo hala eustea.

jarraia178957.jpg
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 17a
15:13
Entzun

Etengabeak dira koronabirusaren inguruko albisteak, eta gaur ere askorako eman du goizak. Zenbatutako kasuak gora egiten ari dira, gobernuak neurriak hartu eta hartu dabiltza, eta etorkizuneko jarduerei ikaraz begira dabiltza asko.

Eguneko lehen albistea gauerdian eman du Espainiako Gobernuak. Lur bidezko mugak itxi ditu, eta larrialdi egoera amaitu bitartean lanerako edo derrigorrezko arrazoiren bategatik soilik igaro ahalko dira mugak. Tartean, Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituena; goizean goizetik pilatu dira autoak han, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak jarritako kontrolak igarotzeko zain. Aurrera begira, Madrilek ez dio uko egin aire eta itsaso bidezko sarrerak ixteari. Arratsaldeko bostetan bilduko dira Europako Batasuneko 27 gobernuburuak, eta litekeena da Schengen eremua ixteko erabakia hartzea.

Ipar Euskal Herrian, berriz, 12:00etan jarri du indarrean konfinamendua Frantziako Gobernuak. Bozen bigarren itzulia atzeratuko duela iragarri du Emmanuel Macron presidenteak, eta hainbat neurri ekonomiko ere aurkeztu ditu: bertan behera geratuko dira zerga eta gizarte kotizazioen ordainketak, ur, argi eta gas fakturenak, eta alokairuenak ere bai.

Laguntzak

Parisek enpresa txiki eta ertainei laguntzeko 300.000 milioi euroko bermea jarriko du, baita 45.000 milioi euroren diru laguntzak banatu ere. Antzeko neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak: 300 milioi euro jarriko ditu kalteak arintzeko, eta 500 milioi euroko abalak emango ditu, bost urterako eta zero kostuan.

Herritar askoren kezkek, ordea, zergekin dute lotura. Horri dagokionez, bihar dira biltzekoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin, baina, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gaur esan duenez, «Foru Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratu eta erraztuko dituzte».

Bitartean, gorantz egiten jarraitzen du kutsatu kopuruak Euskal Herrian. Astelehenetik ez da inor hil gaitzagatik, baina atzotik 119 pertsonak eman dute positibo. Araban 474 lagun daude kutsatuta —atzo baino 30 gehiago—; Bizkaian, 201 —zazpi gehiago—; Gipuzkoan, 90 —bat gehiago—; eta Nafarroan, 355 —81 gehiago—. Oraingoz, Euskal Herrian 38 pertsona hil dira koronabirusa dela eta.

Joko Olinpikoak eta Eurokopa

Kirol munduan, urte olinpikoa da 2020a, baina ikusteko dago egingo diren ala ez Tokioko Olinpiar Jokoak; Japoniako Gobernuak asmoa erakutsi du Jokoak «osorik» jokatzeko, publikoarekin. Dena den, kirol egutegi guztia bertan behera geratu da, baita Jokoetarako sailkatzeko probak ere, eta ikusteko dago zer gertatuko den.

Ziur atzeratuko dena Eurokopa da, eta 2021ean jokatuko da Bilbon ere jokatzekoa zen txapelketa hori. Ekainaren 12tik uztailaren 12ra zen jokatzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.