Espainiako Gorteetarako 2008ko martxoko hauteskundeen porrotaren ostean, ezbai zail bezain erabakigarria izan zuen Antonio Basagoitik. Bere bi buruzagien artean hautatu behar zuen: Mariano Raxoi bere unerik kritikoenean zegoen, eta Maria San Gil EAEko PPko buruzagia Raxoiren aurka azaldu zen. Oreka bilatu zuen Basagoitik. Babesa azaldu zion liderrari, eta errespetua kanpora begira ikono garrantzitsua zen emakumeari, San Gili. Hilabete batzuk beranduago, San Gilek alderdia utzi zuenean, Raxoik saritu egin zuen fideltasuna, eta Basagoitik hartu zuen lekukoa.
Jaime Mayor Oreja eta Maria San Gilekin alderatuta, Basagoitik bestelako estilo bat eman dio alderdiari. Neurri batean gaztetu eta berritu egin du PP. Iritzi publikoari begira ere, Basagoitik estilo fresko bat eman nahi du, kale hizkuntzatik gertu den gaztelania erabilita.
Dena den, itxuratik harago, betiko PP da Basagoitiren hau. Hauteskundeei begira, hori du lastarik handiena, Genovako diskurtso ofizialarekiko autonomiari gutxi antzematen baitzaio. Batez ere Euskal Herrian funtsezkoa den gaian, euskal gatazkaren konponbidean. Basagoitik dio Raxoirekin harreman zuzena duela, baina sektore gogorrenak atsekabetzeko beldur edo bertigo bera du. Adibidez, elkarrizketa politikoari uko egiten dio. Edo Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrina-ren inguruko azken epaiaren kontra helegitea jarri behar zela eta auzi jakin bat baino ez zela esan du.
Autonomia falta bera antzematen zaio krisiaren gestioan. Patxi Lopezi demagogia egitea leporatzen dio, baina EAEko PPk proposatzen du Espainiako exekutiboaren ildoari jarraitzea, bestelako aukerarik aztertu gabe. Murrizketen inguruan Arabako Aldundiak duen jarrera da horren erakusle.
Sinesgarritasun arazo bat ere izan dezake. Duela lau urteko hauteskunde kanpaina elkarri mokoka pasatu zuten Basagoitik eta Patxi Lopezek. Baina hauteskundeen ostean, irainak azkar ahaztu eta gobernu ituna egin zuten biek. Hiru urteren ostean, hauteskundeak ate joka daudela, Basagoitik ituna hautsitzat eman du, eta gogor ari da Lopezen aurka.
Orain, Lopezekiko distantzia erakutsi nahi badu ere, bozak erronka zaila dira 42 urteko politikari honentzat. PPk 2001ean goia joz geroztik, beherantz doa, eta oraingoan EH Bildu dago lehian. Basagoitiren karta bakarra tranpa egitea dela ematen du. Hala, «ETAk mehatxatutako 200.000 iheslariek» bozkatu ahal izatea «bidezkoa eta arrazoizkoa» dela dio. Bitartekoek justifikatzen al dute helburua? Dena den, Basagoitiren kaleko gaztelanian beste modu batera deitzen zaio jokaldi horri: pucherazo. Euskaraz, iruzurra.
Soslaia. Antonio Basagoiti
Itxuraz harago, betiko PP
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu