Datuak. Egun aldrebesa datuetarako. Eusko Jaurlaritzak murriztu du eguneroko txostenaren datuen kopurua, eta, momentuz, ez du eguneratu open datako artxiboa. Horrez gain, txostenean agertzen diren zenbait datu (PCR positiboak eta ospitaleratze berriak) ez datoz bat Espainiako Ministerioak zabaldutako txostenean jasotakoekin. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuraren datuen arabera, beste 16 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta, guztira 1.962. PCR proba bidezko positiboak 49 izan dira (-2). Ospitaleratze berrien kopurua (8) gutxitu da atzoko kopuruarekin alderatuta.
Hauteskundeak. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako deialdiaren gaia berriro jarri du Iñigo Urkullu lehendakariak alderdien mahaian. Oposizioak —Legebiltzarraren gehiengoak— ez du begi onez ikusten hauteskundeak uztailean egitea. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek nabarmendu dute orain ez dela hauteskundeen momentua. PPk ez du bat egin uztailean egiteko proposamenarekin. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, iritziak entzun eta baloratu ondoren, "lehendakariak erabakia hartuko du eta herritarrei jakinaraziko die".
Aurreko bileran, apirilaren 30ean, uztailean egiteko aukera jarri zuen mahai gainean Urkulluk. Orduan, zortzi txosten aurkeztu zizkien alderdiei, horien artean, COVID19aren hedapenari buruzko txostena eta epe ertaineko aurreikuspena' izenburukoa, datu eta argudio urriko txostena. Gaurko bileran, hiru txosten aurkeztu ditu: osasun larrialdiari buruzkoa, txosten jurudikoa eta hauteskundeak bereme osoz egiteko hartu beharreko neurriei buruzkoa. Oraingoan, larrialdiari buruzko txostena aurrekoa baino pixka bat luzeagoa da, baina urria datuetan eta argudioetan. Adibidez, ez da azalpenik ematen RO indizearen bilakaerari buruz. Apirilaren 30ean, kutsatzearen ugaltze indizea (RO) 0,8koa zen, atzo 0,82koa eta gaur 0,85koa.
Eskolak. Hasieran, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an berrekin nahi zuen hezkuntza jarduera. Sektoreko eragileen adotasunik ezean, eskola itzulera ikastetxeen esku utzi zuen. Orain, astebete atzeratu itzuleraren hasiera: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, maiatzaren 25tik aurrera posible izango da eskolak irekitzea, ikastetxeek hala erabakitzen badute.
Kontingentzia plana. Nafarroako Parlamentuan koronabirusaren izurriaren bigarren kolpe bat izateko arriskuari aurre egiteko plan eraginkorrik ote dagoen eztabaidatu dute talde parlamentarioek. Lehen fasera pasatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak Espainiako Osasun Ministeriora bidali zuen txostenean kasu berrien jarraipenean hutsuneak zeudela salatu du oposizioak. Osasun kontseilariak erantzun du PCR probak direla kasuak atzemateko estrategiaren giltzarri. Sintomak dituzten guztiei PCR proba egiten diete Nafarroan. Positibo emanez gero, haren kontaktuak atzemateko sistema abiatzen dela. Bederatzi erizain ari dira zeregin horretan.
Agian honek ere merezi du
Txertoaren bila. COVID-19 gaitzaren txertoaren bila 120 proiektu baino gehiago ari dira lanean. Tedros Adhanom OME Osasun Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak berriki azaldu duenez, zazpi edo zortzi txerto daude lasterketaren buruan, zehaztasunik eta izenik eman gabe. Pentsatzekoa da aurretik doazenen artean gizakiekin saio klinikoak egiteko fasean sartu direnak egongo direla. Proiektu batzuei buruzko informazioa bildu du Gorka Berasategi kazetariak.
Hondartza dinamikoak. Larunbat honetatik aurrera hondartzak irekitzeko baimena eskatu diote Lapurdiko kostaldeko zortzi auzapezek Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta honek onartu du haien eskaera. Hondartzak dinamikoak izatea proposatu dute auzapezek: bainatu, surfean aritu, ibili, korrika egin... baina ez hondar gainean egon mugitu gabe. Hondartzen irekiaren harira, interesgarria da berreskuratzea joan den astean Miren Basarasek idatziko 'Hondartzen segurtasuna' izenburuko artikulua.
Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan arratsaldero jaso nahi baduzu harpitetu Koronabirusaren buletinera.