Koronabirusa munduan

Aurkeztu dituzte hautagaiak

Zazpi edo zortzi proiektuk daukate aukera gehien koronabirusaren txertoa lortzeko, OMEren arabera. Enpresa farmazeutikoek teknologia eta estrategia desberdinen aldeko apustua egin dute

Zientzialariak lanean, biosegurtasun maila altuko laborategi batean, Australiako Geelong hirian. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Txertoa lortu arte ez gara egongo salbu». Askotan entzun daiteke esaldi hori, hainbat herrialdek konfinamendua malgutzeko prozesua hasi zutenetik bereziki, herritarrek arriskuaren kontzientzia gal ez dezaten. Koronabirusaren aurreko babesgabetasun egoera ahalik eta laburrena izan dadin, erlojupean ari dira zientzialariak, COVID-19 gaitzaren immunitatea bermatuko duen formularen bila. Ez dira hutsetik hasi. Aurretik beste koronabirus batzuek eragin dituzten gaixotasunei buruzko ikerketak dituzte oinarri. Oraingoan, baina, badira berritasun garrantzitsu batzuk. Batetik, sekula erabili gabeko estrategia eta teknologia landu dituzte zenbait enpresa farmazeutikok. Bestetik, prozesua abiada izugarrian doa. Marka guztiak hautsi ditu txertoen garapenerako orain arte ezagutu diren epeei dagokienez.

Koronabirus berria atzeman eta bost hilabete baino gutxiagora, 120 hautagaitik gora daude COVID-19 gaitzaren txerto bihur daitezkeenak. Txerto bat garatzea hainbat urtetako kontua izan ohi dela kontuan izanda —batzuetan hamarkada bat baino gehiago ere behar izaten da—, abiadura harrigarria da. Dagoeneko, urrats garrantzitsuak egin dira. Horren adierazgarri, gizakiekin saio klinikoak egiteko fasean sartu dira hautagaietako hainbat.

Irakurri gehiago: «Estrategia aniztasuna lagungarria izango da txerto bat lortzeko»

Tedros Adhanom OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak herenegun adierazi zuenez, zazpi edo zortzi txerto daude lasterketaren buruan. OMEko buruak ez du zehaztu zein proiekturi buruz ari zen.

Askotariko estrategiak

Pentsatzekoa da Tedrosek buruan zituenen artean egongo zela Estatu Batuetako Moderna enpresaren txertoa. Gizakiekin egiten diren saio klinikoen bigarren fasearekin hastekoa da. Fase horretan, lehenengoan baino gizatalde handiagoetan frogatuko da txertoa, eta luze gabeko albo kalte ohikoenak aztertuko dira.

Gizakiekin saioak egiten hasiak dira Pfizer estatubatuarra eta BioNtech alemaniarra ere. Modernak bezala, teknologia eta estrategia berritzaileetan oinarritu dute proiektua. Birusaren RNA egiturak txertatzen dituzte txertoarekin, eta horiekin COVID-19aren aurkako erantzuna sortzea da helburua. Teknologia berria izaki, arazo nagusietako bat da ez dutela lizentziarik mota horretako txertoak merkaturatzeko. Dena den, larrialdi egoeretan erabiltzeko baimena lortzea espero dute. Inovio enpresa estatubatuarrak ere mRNA delako teknologiaren alde egin du apustu.

Bestelako aukera egin dute Sinovac eta Sinopharm taldeek. Txerto ez-aktiboak garatu dituzte. Hau da, hildako mikroorganismo patogenoak erabiltzen dituzte sistema immunitarioaren erantzuna eragiteko. Mota horretako txertoek hamarkadetako ibilbidea dutenez, aldeko dituzte produkzio eredu garatuak eta kalitate kontrolerako sistema landuak. Horrez gain, biztanleriaren multzo zabal bat babesteko gaitasuna izaten dute.

Txinan bertan, CanSino enpresak beste estrategia bati jarraitu dio. Hotzeria eragiten duen adenobirusa erabili du bektore gisa. Lehenik, ugaritzeko gaitasuna kentzen diote. Ondoren, koronabirusaren spike proteina biriketara eramateko baliatzen dute, gorputzak haren kontrako erantzuna sor dezan. spike proteina da koronabirusak gizakien zeluletara sartzeko duen giltza. CanSinoren txertoaren helburua da giltza hori indargabetuko duen erantzun immunologikoa behartzea. Mota horretako txertoei txerto birkonbinatu deitzen zaie. CanSinoren hautagaia izan da gizakien saio klinikoetarako bigarren fasean sartu den lehena.

Eredu berean oinarritu du bere txertoa Erresuma Batuko Oxford Unibertsitateko Jenner institutuak, baina txinpantzeen adenobirusa erabili dute bektore gisa.

Txerto birkonbinatuen teknologia ezaguna da. Haren bidez garatu zuten MERS gaitzaren kontrako txertoa; hura ere koronabirus batek eragindakoa zen.

Denbora beharko da argitzeko zenbateko eraginkortasuna izango duten etorkizunean onartu daitezkeen txertoek. Erabilerak erakutsiko du espero gabeko albo ondorioak agertzen diren, biztanleriaren zer multzo edo adin tartetan duten arrakasta, eta birusaren mutazioei aurre egiteko baliagarriak diren ala ez.

Aurreikuspen gehienek diote 12-18 hilabete beharko direla txertoa lortzeko, baina OMEko zuzendari nagusiak adierazi zuen ahalegin handia egiten ari dela denbora horiek laburtzeko. OMEk 7.400 milioi euro bildu zituen joan den astean 40 herrialderen ekarpenei esker, ikerketak laguntzeko. OMEK «aukera gehien» dituzten hautagaien garapena lehenetsiko du. Hala ere, Tedrosek ohartarazi zuen are garrantzitsuagoa izango dela mundu osorako dosi kopuru nahikoa ekoizten laguntzea, «txertoa herritar ororengana iritsiko dela ziurtatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.