Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Hondartzen segurtasuna

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Azkeneko egunetako eguraldi onak hondartzetara joateko gogoa piztu du. COVID-19 pandemiaren garai honetan galdera asko daude, eta horien artean dago noiz erabili ahal izango diren hondartzak eguzkia edo bainua hartzeko.

Ezaguna denez, SARS-CoV-2aren transmisioa eztularekin, doministikuekin, hitz egiterakoan edo pertsonen arteko ukipen estuarekin gerta daiteke. Eta ekintza horiek edonon egin daitezke, baita hondartzetan ere.

Azkeneko egunetan Espainiako Estatuko Karlos III.a Osasun Institutuak txosten bat argitaratu du hondartzetan eta igerilekuetan birus horrek duen transmisio arriskuari buruz. Bertan, gaur egun dagoen ebidentzia zientifikoa aztertuz, ondorio batzuk kaleratu dituzte.

Itsasoko uretan hondakin-uren arrastoak egon daitezke: baina araztegietako desinfekzio-tratamenduak eraginkorrak dira birusak kontrolatzeko, eta, beraz, ez lirateke itsasora ailegatuko. Gainera, diluzio-efektuak ere birusaren kontrolerako lagungarriak izan litezke. Bestalde, itsasoko uraren gatz kontzentrazio altuak plasmolisis izeneko prozesu bat eragin dezake, eta gazitasun-diferentziagatik mota horretako birusek deshidratatzeko joera dute, eta horrek desaktiba ditzake.

Lurzoru naturaletan birusak duen prebalentziari buruzko azterlan esperimentalik ez dago, baina hondartzetako hareari dagokionez, itsasoko uraren gatzak, eguzki izpi ultramoreak eta udako tenperatura altuak, denek batera, birusaren genomaren inaktibazioa ekar lezakete, eta, beraz, birusaren iraupena mugatua egongo litzateke harea horretan.

Itsasertzeko aireari dagokionez, olatuek eta haizeak osatutako aerosolak ugariak dira, eta aireko partikula-iturri natural handia dira, birusak ingurune horretatik garraia ditzakeenak.

Bestalde, igerilekuen erabilera ere oso arrunta da, eta horiek desinfektatzeko ohiko mekanismoa kloroaren erabilera izan ohi da. Koronabirus honekin antzekotasun asko duen beste birus batekin, SARS-CoV-1arekin, 2005ean egindako ikerketa batean, ikusi zen birus hori inaktibatu egiten zela kloroarekin 30 minutuan egon ondoren. Beraz, ondoriozta daiteke kloroa konposatu biozida egokia dela.

Azkenik, ibaietako urari, aintzirei eta ur gezako eta tratatu gabeko putzuei dagokienez, bertako ura ez da itsasoan bezain mugikorra; beraz, birusaren metaketa gerta liteke. Pentsa daiteke uretako baliabide horiek direla beste aukera batzuen aurrean erabiltzeko desegokienak.

Horrek guztiak ondorioztatzen du hondartzak eta igerilekuak seguruak izan daitezkeela ondo erabiltzen badira; hau da, masifikaziorik ez badago eta pertsonen arteko distantzia fisiko segurua mantentzen bada.

Argi dagoena da askok leku horietara joan nahi dugula aisialdi moduan, baina hondartzak edo itsasoa ezin dira desinfektatu etxea edo hiriko kaleak desinfektatzen diren moduan —Cadizko Zahara de los Atunes hondartzako uretara lixiba bota duten bezala—. Hondartzako harea desinfektatzeko edozein moduk ingurumena errespetatu behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.