Itziar Alba Orbegozo hil da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde izandakoa

Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide izan zen, eta EAJko zuzendaritzako kide ere bai, EBBn eta GBBn.

Itziar Alba Orbegozo. EAJ
Itziar Alba Orbegozo. EAJ
xabier martin
2026ko abuztuaren 18a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itziar Alba Orbegozo 83 urte zituela zendu da. Hezkuntza sailburuorde izan zen Jose Antonio Ardanza buru zuen Eusko Jaurlaritzan, 1986. urtean, eta Eusko Legebiltzarreko kide izan zen bi legealditan; parlamentuko Mahaian ere eserlekua izan zuen. Baina ardura instituzionalez gain ibilbide oparoa izan zuen EAJren barruan, zuzendaritza karguak bete baitzituen hala EBB Euzkadi Buru Batzarrean nola GBB Gipuzko Buru Batzarrean.

Alba Orbegozo Goizuetan (Nafarroa) jaio zen, eta 1990eko hamarkadan, Eusko Legebiltzarrean emakume gutxi zeuden garaian alegia, legebiltzarkide izan zen zortzi urtez. EAJren banaketa iritsi zenean, 1986an, jeltzaleen aldeko apustua egin zuen, eta ez ziren asko izan ataka horretan EAJren alde egin zuten alderdiko zuzendaritzako emakumeak. Irakaskuntzan aritu zen urte askoan, esaterako Zarauzko institutuan (Gipuzkoa).

Haren aldeko hileta elizkizunak gaur egingo dituzte, Donostiako Aita Karmeldarren elizan, 19:30ean. EAJk sare sozialetan eman du Alba Orbegozoren heriotzaren berri. «Euskaltzale eta abertzale, GBBko eta EBBko burukide, legebiltzarkide eta Hezkuntza sailburuorde izan zen», idatzi du EAJk. «Eskerrik asko Euskadiren alde emandako guztiagatik. Herri askeen egun handira arte», bukatzen da X sarean hedatu duten mezua.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA