Alerta egoera eta konfinamendua apirilaren 26ra arte luzatuta dago, baina, sektore ekonomiko garrantzitsuetan —industria, eraikuntza...—, langile asko lanera itzuliko dira bihar Hego Euskal Herrian, konfinamendu osoa amaituta. Itzulera eztabaidatsu gertatzen ari da, osasun baldintzak direla eta. Adibidez, langileekin osasuna bermatzen dela adostu ezean bihar planto egitera deitu du LABek. Bihar lanera itzultzea arduragabekeriatzat jo du Otegik. Ohartarazi du egungo konfinamendua luzatzea baino okerragoa izango dela beste konfinamendu oso bat ezarri beharra. Babes neurriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aitortu du bihar banatuko diren maskarak ez direla oso eraginkorrak.
Gaur argitara emandako datuak pixka bat baikorragoak dira. Beste 34 hildako zenbatu dituzte, baina bezperan baino 10 gutxiago. Jaitsiera Bizkaian eta Gipuzkoan izan da. Gaur, hilkortasunaren eguneko hazkunde tasa %5tik behera izan da lurralde guztietan: Araban, %2,3; Bizkaian, %4,1; Gipuzkoan, %3,1; eta Nafarroan, %3. Ospitaleratuen kopuruak berriro egin du behera: 1.771 (bezperan baino 49 gutxiago). ZIUn 249 pertsona daude (bezperan baino 7 gutxiago). Halaber, atzemandako positiboen kopurua ere (369) aurreko egunekoa (409) baino txikiagoa da.
Zahar etxeetako drama pixkanaka azaleratzen ari da. Gipuzkoan hildakoen hamarretik zazpi zahar etxeetan hil dira. Gipuzkoan 134 pertsona hil dira koronabirusak gaixotuta. ELAk auzitara eramango du bihar Gipuzkoako zahar etxeetan egin den kudeaketa. Gipuzkoako Aldundiaren eta hiru zahar etxeren kontrako salaketak aurkeztuko ditu epaitegian.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA: Azken orduko albisteen kontakizuna
Agian honek ere merezi du
Hart irlako hilotzak. COVID19aren ondorioz New Yorken hildakoen gorpu ugari hobi komunetan nola sartzen zituzten erakusten zuten irudiak zabaldu dira mundu osoan. New Yorkeko Hart irlako irudiak izan dira. Kirmen Uribek Hart irlaren historia hurbildu digu gaurko podcastean.
Nola aldatuko du mundua? Koronabirusaren krisitik sor litekeen mundualdi berriari buruzko 30 gogoeta plazaratu zuen atzo BERRIAk. Atzoko gomendioa izan zen, baina orain arte irakurtzeko betarik izan ez baduzu, ez galdu aukera: gogoeta guztiek merezi dute.