Iragan larunbatean Donostiako alkatetza eskuratu ondoren, Juan Karlos Izagirre Bilduko kideak gaur osatu du Donostiako Udal Gobernua.
Bilduko zinegotzi diren kideek hartu dituzte kargu gehienak. Izagirrek Ricardo Burutaranen eskuetan utzi du Etxebizitza eta Hirigintza saila. Mugikortasun eta Politika Sozialak bere gain hartuko ditu Jon Albizuk. Josu Ruiz izango da Kirol arloko arduraduna. Nora Galparsororen eskuetan daude Azpiegitura saila eta Udal zerbitzuak. Asier Jakaren eskuetan dago informazioa, herritaren parte hartzea, hedabideak eta presidentzia. Berdintasun, Emigrazio et Gazte saila Naiara Sanpedrok hartuko ditu. Udaltzaingoa eta Suhiltzaileak Nekane Burutaranen eskuetan daude.
Baina, Ogasuna Javier Vitoria bankuko langile baten esku utzi du Izagirrek. Kultura eta Euskara sailak, berriz, Nere Txapartegi ikastolako irakasleak hartu ditu.
Hamabi sail zituen aurreko udalak, eta Izagirrek hamarrera murriztu ditu udaleko sailak. "Aldaketaren gobernuko" kide bezala aurkeztu ditu bere lankideak, eta "herritarren zerbitzura" daudela gaineratu du. Nabarmendu duenez, lehenengo aldiz Donostiako Udala "guztiz euskalduna" izango da.