Lehenik, gertaeren tamaina areagotu, eta, ondoren, Zigor Kodearen «interpretazio hedatua» egin. Halaxe laburbildu zuen Amaia Izko abokatuak Altsasuko auzian juridikoki akusazioak egin nahi dituen bi urratsak. Astebeteko etenaren ostean, atzo defentsaren txanda heldu zen. Abokatu guztien artean hitz egiten lehena izanik, Izkok azpimarratu zuen 2016ko urriaren 15eko gertaerek ez dutela izaera terroristarik, eta, ondorioz, ez dagoela oinarririk zortzi auzipetuei terrorismo delitua egozteko. Era berean, nabarmendu zuen ez zela izan eraso antolatu bat: «Objektiboki,gaueko ordu txikietan, ustekabean eta halabeharrez gertatu zen, jai giroan murgilduta zegoen herri batean».
Madrilgo zubi luzea aprobetxaturik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ateak itxi ditu astebetez, baina atzo berriz ekin zion Altsasuko auziko epaiketari. Dena den, oraindik ez da amaitu. Atzo euren ondorioak azaldu zituzten Amaia Izkok —Jokin Unamuno eta Ainara Urkijoren abokatua—, Jaime Monterok —Oihan Arnanzen abokatua— eta Manuel Ollek —Julen Goikoetxearen abokatua—. Azpimarratu zuten akusazioak ez duela aurkeztu bere bezeroen errugabetasuna erakusten duenfrogarik, eta, horregatik, auzipetuak libre uzteko eskatu zuten. Gaur beste hiru abokatuen txanda helduko da.
Izkok auziaren mamiari heldu zion zuzenean, eta bere egin zituen iazko martxoan Nafarroako Lurralde Auzitegiak erabilitako argudioak. Zigor Kodeko 573. artikuluak dioenez, bi ezaugarri bete behar dira aldi berean terrorismo delitua egiaztatzeko: batetik, bizia edo segurtasuna arriskuan jarriko duten delitu larriak izan behar dute; bestetik, xede jakin batzuk izan behar dituzte erasotzaileek. Nafarroako auzitegiak iaz ondorioztatu zuen Altsasuko auzian ez dela betetzen ezaugarrietako bat ere. Izkok bat egin zuen ikuspegi horrekin, eta gogora ekarri zuen ekainean Auzitegi Gorenak ere esan zuela ez zegoela delitu larririk.
«Araua zuri balego bezala»
Izkok «asaldagarritzat» jo du akusazioaren interpretazioa. PPk eta PSOEk 2015ean aldatu zuten azken aldiz Zigor Kodea, terrorismo jihadistarekin erlazionatutako erasotzaile bakartien fenomenoari aurre egiteko. Aurrekoekin alderatuta, ez du derrigorrezkotzat jotzen atzean erakunde antolatu bat izatea, baina, Izkoren arabera, horrek ez du esan nahi edozein ekintza soil terroristatzat jo daitekeenik. «Kasu honetan, ez dago estatuaren zutarrien aurka eraso egin duen egitura antolaturik», arrazoitu du.
Izkoren arabera, Zigor Kodeko 573. artikulua «zuri balego bezala» interpretatuz gero, jo daitezke terroristatzat gertaerok. Batetik, lotura hori egiterakoan, akusazioak argudiatu du erasoak Altsasuko guardia zibilengan izua eragitea zuela helburu; Izkoren arabera, ordea, kolpatutako guardia zibilek eta bikotekideek «beldurra sentitu izanak ez du esan nahixedea biztanleria izutzea zenik».
Bestetik, akusazioaren arabera, ETAren estrategiaren barruan daude Ospa mugimendua eta Alde Hemendik kanpaina. Izkoren arabera, ordea, erlazio hori ez da egiaztatu auzi osoan: «Frogarik gabeko adierazpenak dira». 2012tik 2016ra, bost Ospa Egun antolatu dira Altsasun, baina Izkok azpimarratu du fiskaltzak ez duela ekinbiderik hartu. Era berean, ukatu egin du Ospa mugimendua edo Alde Hemendik aldarria legez kanpokoak direla: «Mugimenduok ez dira terroristak; Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren edo Foruzaingoaren ekintzak salatzen dituzte, haien presentzia gehiegizkoa dela uste dutelako».
Ospa Egun baten antolakuntzan parte hartzeagatik, Jokin Unamuno Ospa mugimenduko kide dela frogatutzat jo du akusazioak, baina, Izkoren arabera, hori ez da aski argudio: «Ospa ez da erakunde terrorista bat, eta fiskalak ere ez du eskaera hori egin».
Guardia Zibilaren jarrera
Izkok eta Jaime Monterok nabarmendu dute akusazioaren helduleku bakarra Guardia Zibilaren txostena dela, baina kolokan jarri dute haren inpartzialtasuna. Monterok azpimarratu du gertaerak izan eta 24 ordura Arsenio Fernandez Mesa Guardia Zibilaren orduko zuzendari nagusia Iruñean izan zela, eta ondoren txosten hori kutxa batetik atera zuela. «Ikerketa puntu batera zuzendu nahi izateak oso toki zailean uzten du Guardia Zibila, inpartzialtasun eza agerian uzten baitu. Epaile eta parte da aldi berean».
Abokatuek argudiatu dute erasoa jasan zutenek puztu egin zutela kontakizuna. «Jipoi basatia izan zela esan dute, baina lesio arinak izan dituzte, eta ez dira asko», azaldu du Izkok. «Ubeldurak, uzkurdurak, urratuak dituzte, eta tenienteak orkatila hautsi zuen. Kanpoko edozein begiralek ez luke terrorismo kutsurik ikusiko», gaineratu du. Era berean, Izkoren arabera, akusazioak ez du egiaztatu Unamunok eraso egin zienik, ez eta Ainara Urkijok mehatxu egin zienik ere.
Monteroren arabera, bi guardia zibilek Oihan Arnanz identifikatzerakoan esan zuten ile horia zuela, eta «ez du». Ospako kidetzat ere jo zuten: «Baina, Guardia Zibilaren txostenean ehunka izen agertzen badira ere, harena ez da azaltzen», esan du Monterok.
Izkok argudiatu du ez dagoela oinarririk auzipetuei terrorismo delitua egozteko
Defentsaren arabera, akusazioak puztu egin ditu Altsasuko istiluak; gaineratu du Zigor Kodeko 573. artikuluaren «interpretazio hedatua» egin nahi duela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu