Jacinto Polo Rios milizianoaren gorpuzkiak berreskuratu ditu familiak, hura hil eta 90 urtera

Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutua Zornotzako hilerrian egiten ari den desobiratze programaren bidez berreskuratu eta identifikatu dituzte Polo donostiarraren gorpuzkiak. Gaur eman dizkiote familiari, Elgoibarren, eta han hilobiratu dituzte.

Jacinto Polo Riosen senideak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan, gaur. IREKIA
Jacinto Polo Riosen senideak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan, gaur. IREKIA
kristina martin
2025eko uztailaren 23a
16:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Jacinto Polo Rios miliziano donostiarraren gorpuzkiak familiari eman dizkiote gaur. Malatesta batailoi anarkistako milizianoa zen Polo, eta 1936ko gerran hil zen. Orduz geroztik Zornotzako (Bizkaia) hilerrian lurperatuta egon da, beste ehunka milizianorekin batera. Iazko uztailera arte. Poloren gorpuzkiak berreskuratu zituzten orduan, Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutua egiten ari den desobiratze kanpaina baten bidez. Genetikoki identifikatu ostean, senideei eman dizkiete gaur, Elgoibarren (Gipuzkoa).

20 urte zituela zendu zen Polo, gerra frontean zauritu baitzuten. Haren gorpuzkiak 90 urte geroago berreskuratu eta lurperatu ahal izan ditu familiak. Horretarako, ekitaldi instituzionala egin du Jaurlaritzak. Bertan izan dira Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendaria eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea. Familiak hala erabakita, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu dute Polo.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 36ko gerran desagerrarazitako pertsonak bilatzeko programa bat du abian, eta harekin lotuta dago gaurko ekitaldia. Programa horretan, gerran hildakoak bilatu, berreskuratu eta identifikatzen dituzte. 2023an ekin zioten lehen desobiratze kanpainari. Kanpaina guztiak kontuan hartuta, orain arte 149 pertsonaren gorpuzkiak topatu dituzte Zornotzako hilerrian. 1936ko abendutik 1937ko maiatzera bitartean gerrako fronte zenbaitetan hildakoenak dira Zornotzako hilerri horretan berreskuratu dituzten gorpuzkiak, baita zaurituta ospitalera eraman eta hantxe hil zirenenak ere.

Jacinto Polo Rios horietako bat da, eta identifikatu dituztenen artean bosgarrena. Gogora-k azaldu duenez, gorpuzkiak identifikatzeko oso lagungarria izan da hezur hondarrekin batera berreskuratutako identifikazio xafla, 23086 zenbakiduna. Euskal Prospekzio Taldeak dokumentazio historikoa kontsultatu, eta zenbakiari izena jarri dio. Ondoren, identifikazio genetikoa egiteko, familiarekin harremanetan jarri zen Gogora, eta DNAren lagin bat jaso zuen. EHUren Biomics laborategiak egin du laginen azterketa genetikoa.

Senideen sufrimendua samurtzea

Gogora-ren arabera, desagertutako pertsonen senideen sufrimendua samurtzea da programa horren helburua. Era berean, «gizartea duintzen duen prozesua» ere bada, «biktima horiei euskal gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie».

Jacinto Polo Rios donostiarra 1936ko abenduaren 4an hil zen. CNT sindikatu anarkistari atxikitako Malatesta batailoiko kidea zen. Hezur hondarren azterketa forentseak erakusten du gerra frontean zauritu ostean ebakuntza egin ziotela. Beraz, ikerlarien ustez, Elosun (Araba) zauritu eta Zornotzako ospitalera eraman zuten. Han ebakuntza egin zioten, eta hil egin zen; bertako hilerrian hobiratu zuten.

gogora desobiratzea
Zornotzako hilerrian egiten ari diren desobiratze lanak. GOGORA

Jacinto Polo Riosen aurretik identifikatu zituzten Adolfo Zengotitabengoa Izurza, (Muskiz, Bizkaia), Jaime Iñigez Nieva (Ortuella, Bizkaia), Enrique Contreras (Aretxabaleta, Gipuzkoa) eta Benigno Hierro Pinedo (Ortuella, Bizkaia). Zengotitabengoa, Iñigez eta Hierro Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean. Enrique Contreras EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko gudaria zen, eta egun bat lehenago hil zen, apirilaren 6an, Diman (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.