Lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jose Antonio Agirrek 1936ko urriaren 7an Gernikako juntetxean karguaren zina egiteko erabili zituen hitzak eta sinbolo kristauak berreskuratuko ditu Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartzeko ekitaldian, bihar. Hautatu, baina, atzo hautatu zuten, Urkulluren egutegian aurreikusita zegoen bezala, Santa Luzia egun batez, izen bereko haren emaztea gonbidatuen palkoan zegoela.
Halako egun seinalatuetan ondo zaintzen dituzte agintariek gisa horretako detaileak, eta jeltzaleen kasuan —egun alderdi ez konfesionala den arren— nabariak dira kristautasunari eta euskaldunen lege zahar edo foruei eginiko erreferentziak. Katea ez dela eten gogorarazi nahi dute horrekin, eta, hor, mugarria izan zela Agirre lehendakaria.
«Jaungoikuaren aurrean apalik, euzko-lur ganian zutunik, asabearen gomutaz, Gernika'ko zuaizpian nere aginduba ondo betetzia zin dagit». Jeltzaleen sinbologia guztia gordetzen duen hitzaldia egin zuen Agirrek 1936an, eta Patxi Lopezek izan ezik, beste lehendakari guztiek errepikatu dituzte hitz horiek edo oso antzekoak. Duela lau urte, Agirreren hitzak —erlijio katolikoari erreferentzia egiten ziotenak bereziki— aldatu zituen Lopezek. Jatorrizko «Jaungoikoaren aurrean apalik» esaldia kendu zuen Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari sozialistak, eta ez zuen zin egin; horren ordez, karguari dagozkion betebeharrak beteko zituela hitzeman zuen. Alboan, ez kristau gurutzerik, ez Bibliarik. Espainiako Koroari leialtasuna adierazi, eta Espainiako Konstituzioa, Gernikako Estatutua eta indarrean dauden gainontzeko legeak errespetatuta lan egingo zuela adierazi zuen, Espainiako Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren ale bana aurrean zituela. Espainiako Armadaren, Poliziaren eta Guardia Zibilaren ordezkariak ere gonbidatu zituzten, lehen aldiz, lehendakari kargua hartzeko ekitaldira.
Urkullu, berriz, Agirreren eredura itzuliko da, jatorrizko testuan aldaketa txiki batzuk eginez: «Herri ordezkarion aitzinan», esaldia gehituko du, Garaikoetxeak eta ondorengoek egin zuten bezala. Baina sinbologia erlijiosoa ahaztu gabe; Biblia eta kristau gurutze bat alboan dituela egingo baitu zin. Gernikako juntetxera, halaber, ez dituzte gonbidatu Espainiako indar armatuetako ordezkariak.
Duvoisinen Biblia
Urkullu, beraz, orain arteko usadioari atxikiko zaio. Lehendakari jeltzale guztiek erabili dute sinbologia kristaua karguari zin egiterako orduan. Urkulluk berreskuratuko dituen hitzak, baina, Juan Ajuriagerra EAJko buruzagi historikoak idatzi zituen, 1936an, orduko kronikek diotenez, modu inprobisatu batean.
Usadioari jarraituz, juntetxearen kanpoaldean egingo du karguaren zina lehendakariak, kristau gurutze eta Biblia bat alboan dituela. Gasteizko Santxo Jakituna Fundazioak ekitaldirako uzten duen Jean Pierre Duvoisin lapurtarrak 1865. urtean amaitu zuen itzulpenaren lehen edizioaren ale bat da, Bible edo Testament zahar eta berria. Duvoisin kapitainak latinezko Bulgatatik leembiziko aldizko Laphurdiko eskarara izulia. Luis Luziano Bonaparte Printzeak argitara emana. Denera, 252 ale argitaratu ziren, Londresen, eta, tituluan aipatzen den moduan, Bonaparte printze hizkuntzalari eta euskaltzalearen enkarguz egin zuen lan hori Duvoisinek. Biblia osoaren euskarazko lehen itzulpena kontsideratzen da —aurretik eginak ziren kristauen liburuaren itzulpenak, baina Testamentu Berriko testuak zekartzaten soilik—.
Horrekin batera, kristau gurutze bat ipiniko du Bibliaren ondoan. Zehazki noizkoa den ez dago argi, baina oso aspaldiko dela diote kronikek; horien arabera, mendez mende erabili zen Bizkaiko Jaurerrietako jaunek zin egin zezaten.
Protokolo instituzionaletik kanpo ere, kristautasunak pisu handia izan du alderdi jeltzalearen barruan. Lehendakari izendatu berritan, Agirre Bilboko Begoñako basilikara eraman zuten alderdiko kideek, han Euzko Buru Batzarrari leialtasuna ager ziezaion. Gertakari hori gogoan izan zuten ia 50 urte geroago, Carlos Garaikoetxea lehendakariari gauza bera egin zezan eskatu ziotenean. Garaikoetxeak, baina, uko egin zion horri, berak eta Xabier Arzalluzek beren memoria liburuetan gogoratzen dutenez. Txinparta hori, gerora, su bilakatu zen, Garaikoetxeak zuzendaritzarekin izandako istiluak medio, alderdia banatu zenean. Ordutik, alderdiari leialtasuna modu pribatuago batean adierazi diote lehendakari jeltzaleek.
Garaikoetxea, halere, Agirreren hitzak berreskuratu zituen lehendakaria izan zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jesus Mari Leizaolak, Donibane Lohizunen, 1960ko martxoaren 28an, Agirreren hilkutxaren aurrean «alderdiari eta herriari» leialtasuna adierazi, eta hark abiatutako bideari jarraipena emango ziola zin egin zuen. Iñaki Anasagasti senatariak gogoratzen duenez, orduan bururatu zitzaion Ajuriagerrari Agirreren hitzak berreskuratzea. Eta hala proposatu zioten Garaikoetxeari. Proposamena onartu, baina aldaketa bat egin zuen testu zaharrean. «Herri subiranoaren ordezkarien aurrean» esaldia gaineratuta zin egin zuen, boterea jainkoak ez, herritarrek eman ziotela argi uzteko.
Eusko Legebiltzarra. Inbestidura saioa
«Jainkoaren aurrean apalik»
1936an Agirre lehendakariak kargua hartu zuenean erabilitako sinboloak berreskuratuko ditu bihar Urkulluk. Hautatu, baina, atzo hautatu zuten, agendan gorriz markatua zeukan egun batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu