Jaizkibel-Ulia babesteko plana eten egin du Jaurlaritzak

Babes bereziko gune izendatzeko proiektuak 118 alegazio jaso ditu, eta horiek aztertu arte geratu dute prozesua

Jaizkibelgo itsaslabarrak otsailean izendatu zituen Jaurlaritzak babes bereziko gune. MIGUEL ANGEL LUJANBIO.
inaki petxarroman
Donostia
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak babes bereziko gune izendatu zituen Ulia eta Jaizkibel otsailean, Natura 2000 sareko Komunitateko Intereseko Gune (LIC) izanda, indarrean den lege prozedurari jarraikiz. Alabaina, sortu dira lehen oztopoak babesgune izaera hori teoriatik praktikara eramateko orduan. Izan ere, Jaurlaritzak berak aitortu du babes bereziko gunea kudeatzeko plana geldirik dagoela jada.

Eusko Legebiltzarrean Dani Maeztu Aralarko diputatuak egindako galdera bati erantzunez, Pilar Unzaluk aitortu du 118 alegazio jaso dituela Ulia-Jaizkibel babes bereziko gune izendatzeko dekretuaren proiektuak eta, horren ondorioz, alegazioak aztertu eta erantzun bitartean, ez dela plana indarrean jarriko. Hain zuzen ere, Unzaluk adierazi du alegazio horien ondorioz planaren beste bertsio bat onartuko duela. Horretarako, baina, epe mugarik ez duela gaineratu du sailburuak.

Indarrean jarriko balute Ulia-Jaizkibelgo babes bereziko gunearen izendapena, itsaslabarretan egin nahi duten kanpoko portuak lege traba handi bat gainditu beharko luke; izan ere, babesgune horietan ezin da ezer eraiki.

Babes bereziko gunearen izendapenari alegazioak jarri dizkiotenen artean daude kanpoko portuaren aldeko eragile nagusiak; besteak beste, Giport, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera eta portuko hainbat enpresa.

Egun, Pasaiako kanpoko portua Madrilen oniritziaren zain dago. Hain zuzen ere, Ingurumen Memoriaren Txostenean ebatzi behar dute ea proiektua bideragarria den edo ez ingurumenaren ikuspegitik. Orain arte, bi txosten egin dituzte —Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria eta Ingurumen Iraunkortasunerako Txostena— eta bietan ere Espainiako Gobernuak gogor hartu du portu berria egiteko proiektua. Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak berriki esan du irailerako espero duela azken ebazpena. Erakunde horrek berak aitortu du kalte larriak sortuko lituzkeela kanpoko portuak Jaizkibelen, baina azpimarratu du, hala ere, espero duela Madrilen baimena jasotzea lanei ekiteko.

Jaizkibel Bizirik-en kritika

Jaizkibel Bizirik taldeak gogor kritikatu du Jaurlaritzaren jarrera, eta presioei men egitea leporatu dio. Erakunde horrek Jaurlaritzari gogorarazi dio dagoeneko indarrean egon behar lukeela Jaizkibel-Uliaren babesak.

Jaizkibel Bizirik taldeak uste du alegazioak jarri dituzten erakundeak ikusita uler daitekeela zergatik geratu duen Jaurlaritzak babesa indarrean jartzeko prozedura. Izan ere, taldearen iritziz, portu agintaritzak eta portuko enpresek sortutako «Jaizkibelen aurkako lobby-ak» ez du nahi naturgune hori babestea, uste dutelako onura aterako dutela diru publikoz finantzatutako proiektu horretatik.

Jaizkibel Bizirik-ek Ingurumen Sailari leporatu dio bere ardurei behar den bezala ez erantzutea, ohar baten bidez. «Badirudi argi dagoela kudeaketa plan hori atzeratzen ari dela kanpoko kaiaren bideragarritasuna ez oztopatzeko». Ildo horretan, taldeak salatu du Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio Saila estu hartzen ari dela Ingurumen Saila.

Hala, Ingurumen Sailari eskatu dio berehala tramita dezala Ulia-Jaizkibelgo babes bereziko gunearen kudeaketa plana, ingurumena zaintze aldera gizarte eragileek egindako alegazioak kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.