Jaizkibelek Plazara Dantzara taldeari emango dio aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria saria

Baztango dantzetan emakumeen parte hartzea sustatzeko egin duen lana aitortu nahi du Hondarribiko konpainia parekideak.

Plazara Dantzara taldearen agerraldia, 2023an, Baztango bestetan mutil dantza baztertzailerik ez zela egin azaltzeko. PLAZARA DANTZARA
Plazara Dantzara taldearen agerraldia, 2023an, Baztango bestetan mutil dantza baztertzailerik ez zela egin azaltzeko. PLAZARA DANTZARA
2026ko maiatzaren 15a
20:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaizkibel konpainia parekideak Plazara Dantzara kolektiboari emango dio aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria saria (Gipuzkoa), Baztango (Nafarroa) dantzetan emakumeen parte hartzea bermatzeko egindako borroka aitortzeko. «Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia, eta, azken urteetan, jaietan emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapenak ere lotzen gaitu: hemen alardean, eta han mutil dantzetan», adierazi du Jaizkibelek, ohar bidez.

Aurten 30 urte beteko dira Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazka piztu zenetik, eta emakumeek oraindik ezin dute normaltasunez desfilatu: Irunen bi alarde egiten dituzte ekainaren 30ean, haietako batek ez dituelako andrazkoak soldadu gisa onartzen, eta Hondarribian alardetik aparte desfilatzen du Jaizkibelek konpainia mistoak.

Hain justu, Jaizkibelek antolatzen du urtero Hondarribia Berdintasun Hiria saria, eta antzeko borroka bati begiratu dio aurtengoan: «Baztango mutil dantzetan emakumeen dantzatzeko nahia eztabaida iturria izan da. Ez da bidea erraza izan, botere eta genero harremanek ere berdin-berdin funtzionatzen dute Baztanen eta Hondarribian. Baina ibilbide gatazkatsua izan arren, emakumeak lortzen ari dira jaietan plazan dantzan aritzea».

Ekainaren 5ean egingo dute saria emateko ekitaldia, 19:00etan, Hondarribiko Itxas Etxean. Esanezin abeslariaren emanaldia ere izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA