Jakes Esnal euskal preso ohia zendu da

32 urte Frantziako presondegietan egon ondotik, duela hiru urte lortu zuen baldintzapean aske geratzea. 74 urte zituen.

Jakes Esnal euskal presoa 2022an, kartzelatik atera zenean, senideek inguratuta. ETXERAT
Jakes Esnal euskal presoa 2022an, kartzelatik atera zenean, senideek inguratuta. ETXERAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko urriaren 17a
10:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztiz aske izatea lortu gabe zendu da Jakes Esnal euskal preso ohia. 32 urtez egon zen preso Frantziako espetxeetan, eta 2022ko urrian atera zen, baldintzapean aske —bihar beteko ziren hiru urte—. 74 urterekin eman du azken hatsa, Donibane Lohizunen (Lapurdi), eritasun luze baten ondotik.

Gatazkaren konponbide prozesuan leku berezia hartu du azken urteetan Esnalen kasuak, Ion Parot eta Frederic Haranburu Xixtor euskal preso ohiekin batera. Bizi osoko kartzela zigorra zeukaten hirurek ETAko kide izateagatik. Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian mobilizazio ikusgarriak izan dira kartzelatik atera zitzaten galdegiteko. 

Harrera elkarteak «doluminak, elkartasuna eta babesa adierazi» dizkio Esnalen familiari agiri batean. Preso eta iheslari ohien laguntzan oinarritzen da Harreraren lana: «Ondo dakigu zer ondorio dituzten Jakesek eta beste askok kartzelan igarotako urteek, baita haien senide eta lagunentzat ere». Oroitarazi dute Esnal ez zela osoki aske, baldintzapean aske baitzegoen. «Garai gogor hauetan, omenaldi hoberena kartzela eta erbestea pairatzen eta pairatu duten kideei gure babesa ematen jarraitzea da. Ikus arte, Jakes».

EH Baik ere «doluminik sentikorrenak» helarazi dizkio Esnalen sendiari, eta «eskerrak» eman dizkio euskal militanteari: «Herriaren alde lanean segituko dugu». 

CDDHPB Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Komiteak «atxikimendua» adierazi dio Esnali agiri batean, eta haren kartzelaldi luzea eta askatasun baldintzak gaitzetsi dituzte, zinezko askatasuna 2033rako eskuratuko baitzuen euskal preso ohiak. «ETAko militante ohia bere printzipioei leial izan zaie, amore ematea onartu gabe, zeresana ematen saiatu gabe». Haren ondoan egon diren senideei ere babesa adierazi diete.

Anaiz Funosas Bake Bideko presidente ohiak mezu bat utzi du sare sozialetan, Esnal kartzelatik atera zeneko argazkia jarrita: «Argazki bat baino gehiago, bizi bat, familia bat, dispertsioak urratu ez duen lotura, ahantziko ez dugun herriak garaitutako urratsa. Ez zen erraza izan, Jakes, ez da izanen, baina bidean segituko dugu». Familiari «dolumin sentikorrenak» helarazi dizkio. «Adiorik ez, Jakes, lurrak goxo har zaitzala».

'Argala komandoa'

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Esnal. Beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zioten. Egun batzuk lehenago, Unai Parot ere atxilotu zuten Espainia hegoaldean —Martuteneko presondegian dago—. Lehen aldia zen Frantziako nazionalitatea zuten euskal militante batzuk ETAko komando bateko kide gisa atxilotzen zituztela.

1997an epaitu zituzten, Parisen. «Auzi berezia» izan zela oroitu izan du Maritxu Paulus-Basurko abokatuak BERRIAri egindako adierazpenetan: halako akusaziopean zeuden frantziar nazionalitateko lehenak izateaz gain, leporatutako ekintzak Espainiako Estatuan egindakoak ziren, eta espainiar herritartasuna zutenen aurkakoak; eta hango biktimak lehen aldiz agertu ziren Parisko epaiketa batean, lekukotasuna emateko. Gainera, Argala komandoaren jarduera osoa epaitu zuten, 12 urtekoa —ETAk 1978an jarri zuen martxan—. Epaimahaiak ez zuen onartu Unai Parot saioetan egotea lekuko. «Parisko auzi haren iturburua Unaik atxiloaldiko torturen ondorioz egindako adierazpenak ziren», Basurkoren erranetan.

Atxilotuetako hiruri bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zieten: Ion Paroti, Esnali eta Haranbururi, hain zuzen.

Geroztik, ikur bilakatu dira hirurak: Argala komandoaren ibilbideagatik, baina baita epaitegietan izan dituzten gorabeherengatik ere. Izan ere, behin baino gehiagotan ukatu zieten baldintzapean aske ateratzeko eskubidea. Haranburu 2020ko azaroan atera zen presondegitik. Parot eta Esnal, 2022ko urrian. Unai Parot da afera hartatik preso segitzen duen bakarra. Lapurdiko azken presoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.