Izan daiteke kitzika bat sabelean, galdera marka bat mihi puntan, zimur bat, mesfidati, bekokian. Forma asko har ditzake jakin-minak, baina, finean, beti du helburu bera: ezagutzea eta ulertzea. Hain justu, pentsamendu kritikoaz aritu dira Iñigo Aranburu estilista, barazki saltzailea eta komunikatzailea, Nerea Elias Biziola Kooperatibako kidea, Joxepa Madariaga Lazkaoko (Gipuzkoa) Gerriko kultur elkarteko teknikaria eta Maialen Olano moda diseinatzaile eta Migdäla arropa dendaren jabea, Kutxa Fundazioak antolatutako Jakingura jaialdiaren baitan antolatutako Jakin-mina eta eraldaketa mahai inguruan. Eider Saez abeslariak girotu du solasaldiaren ondorena.
Ordu batez, hausnarketa kolektiborako gune bihurtu da Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza monumentua. Madariaga aritu da elkarrizketatzaile rolean, eta, «zer da jakin-mina eta zer eginarazi dizue?» galderatik abiatuta, Aranburuk eman du arratsaldeko aurreneko definizioa: «Bizitzeko modu bat». Haurtzarora egin du atzera Eliasek, «kaxoiak miatzen» zituen garaira; eta Olanok, berriz, aitortu du ez duela bere burua ulertzerik jakin-minik gabe. «Gizakiok naturalki daukagun sen bat da; haur zein heldu, azken arnasara arte sentitzen dugu». Umorez erantzun dio Aranburuk: «Sentitzeari uzten badiogu, seinale txarra».
Zerbait jakin nahian datza jakin-mina, informazioari segika erantzuna bilatzea. Informazioa edonon dagoenean, baina, zaila izan daiteke zerekin fidatu eta zerekin ez erabakitzea. Aranburuk eta Olanok azpimarratu dute badagoela «kalitatezko» informazioa; halere, ohartarazi dute desinformazioa ere handia dela. «Gure txikitasunean, ez ditugu ezagutzen gure gainetik dauden interes asko», gehitu du Olanok. Eta Aranburuk erantzun: «Desinformazio hitza etengabe erabiltzen dugu egun, baina ez al da beti egon?».
«[Jakin-mina] Gizakiok naturalki daukagun sen bat da; haur zein heldu, azken arnasara arte sentitzen dugu»
MAIALEN OLANO Moda diseinatzailea
Horixe da erronka, eta behar du konponbide bat. Hauxe proposatu du Madariagak: «Informazioa toki batetik eta bestetik hartu, alderatu, eta erantzuna osatu, horrek dakartzan buruhausteekin». Eta lagunartean egiten bada, «hobe», uste baitu eztabaidak eta aurrez aurreko elkarrizketak ezinbestekoak direla pentsamendu kritikoa garatzeko eta jakin-mina sustatzeko. Harekin bat egin du Eliasek, eta esan «kalitatezko» informazioa aurkitzeko ezinbestekoa dela «patxada hartzea».
Dena den, jakin-min handiegia izatea ere ez da ona. Aranburuk kontatu duenez, ez da beharrezkoa dena zalantzan jartzea; batzuetan, albokoak esaten duena sinistu behar da, besterik gabe. Eliasen arabera, baina, galdera egiten duena emakumea izateak ere baldintza dezake erantzuna, salatu baitu «generoak ere eragiten» duela jakin-minean: «Gizonak jakintsuak dira, eta emakumeak, aldiz, kuxkuxeroak».
Ilusioa eta nekea
Besteak esateko zuena entzuteko jakin-minez, ilusiotik haserrerako bidea egin dute solaskideek. Nork bere mundua du, Madariagak adierazi duenez, baina laurak aritzen dira kulturgintzan eta herrigintzan; euskaratik eta euskaraz. Hala, Euskal Herrian dauden erronkei erreparatu diete, eta kezka bat plazaratu du Eliasek: «Herrigintzan eta kulturgintzan gabiltzanok nola bermatu dezakegu errelebo bat egongo dela? Nola bihurtu dezakegu pentsamendu kritikoa erakargarri?».
«Neketsua» da herri mugimenduetan ibiltzea, baita jakin-minari segika aritzea ere, Olanoren arabera. Halere, ezinbestekoa da beste gizarte eredu bat eraikitzeko. Eliasek gogoratu duenez, helburua gizarte «feminista eta euskaltzale bat» eratzea bada, auzolana, kulturgintza eta herrigintza behar-beharrezkoak dira. «Gazteen inguruan, askotan esaten da ez dutela ezer egiten, baina gazte kritiko asko daude, gauza asko egiteko gogoa dutenak», gehitu du.
«Herrigintzan eta kulturgintzan gabiltzanok nola bermatu dezakegu errelebo bat egongo dela?»
NEREA ELIAS Biziola Kooperatibako kidea
Hain justu, Kutxa Fundazioko zuzendari Ander Aizpuruaren arabera, «galderetatik harago, jakin-mina jarrera bat da; kontrastatzea, eztabaidatzea eta beste ikuspuntu batzuen berri izatea». Eta jakin-mina ere bada, lau solaskideek errepikatu dutenez, «galdera deserosoak» egitea. Aranburuk bota du erronka: «Zer galdera deseroso egingo zenukete?».
Kutxa Fundazioak Ezagutza Biziz ildo estrategikoaren harira sortu du Jakingura Jaialdia, eta gaurkoa izan du aurreneko ekitaldia; halere, beste bi jardunaldi ere egingo dituzte datozen bi asteetan. Hurrengo mahai ingurua ekainaren 12an egingo dute, Bergaran, eta han izango dira Oihana Arana idazle eta bertsolaria, Ana Galarraga dibulgatzaile zientifikoa, Ander Mujika musikaria, Mikel Rotaetxe kazetaria eta Maddi Iñarra irakaslea. Azken jardunaldia, berriz, hilaren 19an egingo dute, Donostian, eta egun osokoa izango da.