Jardun osoko kontratua, prekaritatea amaitzeko

ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako zahar etxeetako langileek greba eginen dute gaur, bihar eta etzi, jardun osoko kontratuak eskatzeko. Izan ere, lanaldi partzialeko kontratuak dira nagusi.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileak protestan, Donostian. ELA
Gipuzkoako zahar etxeetako langileak protestan, Donostian. ELA
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enpresak lan kontratu partziala inposatu, eta lanaldi osora gerturatzeko ordu osagarriak egiteko aukera eman, jakinda langileak ez duela ezetzik erranen; hilabete hondarrera ailegatzeko behar baitu diru hori. Hori da Gipuzkoako —eta Euskal Herriko— zahar etxeetako langile anitzen egoera. Julisa Rodriguez da horietako bat, Donostiako Txara II zahar etxean egiten du lan, erizaintzako laguntzaile gisa: «Horrelako lanaldiak izatea oso gogorra da guretzat, enpresarentzat bizi zara. Adibidez: gure kontratuak dio hilean asteburu bat izan behar dugula jai, baina, askotan, asteburu horietan ordu osagarriak egiteko deitzen digute, eta ezin dugu ezetzik esan, bestela aurrerantzean ez digutelako abisatuko».

Bada, Rodriguezena bezalako ehunka kasu daudela aintzat hartuta, ELA sindikatuak bertze hiru greba egun —sei egin dituzte dagoeneko— antolatu ditu aste honetarako: gaur, bihar eta etzi. Aintzane Orbegozo ELA-Gizalaneko zuzendaritzako kideak esplikatu duenez, jardun osoko lan kontratuak eskatzeko antolatu dituzte mobilizazioak. Izan ere, azken urteetan gero eta «kontratu murriztaileagoak» eskaintzen dira: «Gaur egun Gipuzkoako erresidentzietako kontratu gehienak partzialak dira, enpresak ez duelako %100eko kontraturik egin nahi. Sektoreko langileen %45ek kontratu partziala dute. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren egoitzetan —hamazazpi— are okerragoa da datua: %54,5ek dute kontratu partziala». Langileen erdiek baino gehiagok, beraz. 

«Gaur egun Gipuzkoako erresidentzietako kontratu gehienak partzialak dira, enpresak ez duelako %100eko kontraturik egin nahi. Sektoreko langileen %45ek kontratu partziala dute»

AINTZANE ORBEGOZOELA-Gizalaneko zuzendaritzako kidea

Hamazazpi erresidentzia dira aldundiarenak, baina, guztira, 65 egoitza ditu itunduak: horietan guztietan 5.000 langile inguruk egiten dute lan, ia guztiak emakumeak. Rodriguezek lan egiten duen Donostiako zahar etxea da horietako bat: eraikina aldundiarena da, baina Biharko Gipuzkoa enpresa arduratzen da zerbitzua kudeatzeaz. Orbegozok azaldu du enpresa horrek, guztira, 600 langile dituela, eta hamarretatik seik kontratu partziala dutela; eta, orokorrean, langileek kontratuan duten lanaldia baino ordu gehiagoz egiten dutela lan, ordu osagarrien bidez. «Halere, nekez iristen gara lanaldi oso bat betetzera, ordu osagarriak banatu egiten dituztelako lanaldi partzialak ditugunon eta aldi baterako langileen artean», gehitu du Rodriguezek.

«Ez da bakarrik ordu osagarrien afera: erresidentzia barruan ere lan ikaragarria dugu. Erritmo hori, orduen gorabehera horrekin nahasita, oso nekagarria da, fisikoki eta mentalki»

JULISA RODRIGUEZDonostiako Txara II zahar etxeko langilea

Rodriguezek erran du langileetako anitz bertze lan bat bilatzen saiatzen direla, ikusita zahar etxeko soldata irauteko ausarki ez dela; baina  «ezinezkoa» egiten zaie bateragarria den beste lan bat aurkitzea. «Lanaldi zatituak ditugu gehienetan, eta beste lan bat topatuz gero, erresidentziako ordutegira moldatu beharko lirateke, eta ez da batere erraza». Finean, onartu du «ezinezkoa» dela bizirik irauteko erritmo horrekin segitzea. «Eta ez da bakarrik ordu osagarrien afera: erresidentzia barruan ere lan ikaragarria dugu. Erritmo hori, orduen gorabehera horrekin nahasita, oso nekagarria da, fisikoki eta mentalki», erran du. 

Erabiltzaileak

Jurena Garcia ere Donostiako Txara II zahar etxeko langilea da, erizain laguntzailea gaueko txandan. 2005ean hasi zen bertan lanean, eta, lanaldi partzialeko kontratuarekin hasi bazen ere, 2007tik lanaldi osokoa du. Haren ustez, azken urteetan denak «berdin» jarraitzen du: «Enpresek badakite langileek oso soldata baxuak dituztela, eta horretaz baliatzen dira. Badakite langileek ordu horiek behar dituztela bizitzeko, eta deitzen badiete lanera joango direla». 

Zahar etxearen jardunak, baina, ez du justifikatzen zuzendaritzak hala jokatzeak, Orbegozok erran duenez: «Duela hogei urte ere egunero lan egin behar zen, erabiltzaileei gosariak, bazkariak eta afariak eman behar zitzaizkien eta ez zegoen lanaldi partzialik. Enpresak irabazi gehiago nahi ditu orain, eta hau da hori lortzeko bidea. Horren ondorioz, langileak oso egoera prekarioan daude».

Rodriguezek eta Garciak azaldu dutenez, egoera horrek, gainera, zahar etxeetako erabiltzaileei ere eragiten die. Garciak dio argi antzematen dela hori gaueko txandan: «Bost minutuz entzuteko eskatzen digute, egun osoan ezin izan dituztelako behar bezala artatu. Penagarria da hori. Baina ez da langileen errua, ezin baikara iritsi». 

«Bost minutuz entzuteko eskatzen digute, egun osoan ezin izan dituztelako behar bezala artatu. Penagarria da hori. Baina ez da langileen errua, ezin baikara iritsi»

JURENA GARCIA Donostiako Txara II zahar etxeko langilea

Ordainketak

Orbegozok esplikatu du Biharko Gipuzkoa enpresarekin bertze borroka bat izan dutela: «Zazpi urte behar izan ditugu enpresak hilabetean egindako lanordu guztiak hilabetean bertan ordaintzeko». Rodriguezek eta Garciak lan egiten duten egoitzan orduak ordaintzen hasi ziren azkenean, baina bertze arazo batekin egin zuten topo, Rodriguezek esplikatu duenez: «Egindako ordu osagarriak ordaindu beharrean, librantza egunak ematen zizkiguten trukean, abisatu gabe. Baina ezin gara supermerkatura joan eta egunekin ordaindu, ez dugu dohainik lan egiten».

Rodriguezen irudiko, gisa horretako gorabeherek ez dituzte ez langileak ez haien denbora errespetatzen;  «sekulako errespetu falta» dira. Hortaz, ELAk jardun osoko lan kontratuak exijitu ditu langile guztiendako, horrek soldata arrakalari aurre egiteko lagunduko duelako. Eta, bidez batez, lagungarria izango da ratioak igo eta erabiltzaileei merezi duten arreta eskaintzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.