Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kideak

Itoitz Serna, Izaro Galfarsoro eta Mariana Urcuyo: «Jardunaldiak borroka gorpuzteko eta askotariko aldarrikapenei leku egiteko gune bat izango dira»

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak jardunaldi nazionalak egingo ditu maiatzaren 10ean, Bilbon. Besteak beste, helburu dute zaintza sistema publiko baten aldarria berriz ere lehen lerrora eramatea, eta epe ertain zein luzerako aurrerapausoak zehaztea.

Izaro Galfarsoro Garro, Itoitz Serna Araujo eta Mariana Urcuyo Hernandez, ezkerretik eskuinera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Izaro Galfarsoro Garro, Itoitz Serna Araujo eta Mariana Urcuyo Hernandez, ezkerretik eskuinera. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi iztueta olano
BILBO
2026ko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak Hego Euskal Herriko kaleak blaitu zituen 2023ko azaroaren 30ean. Greba orokor feminista hartan, zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatu zuten milaka herritarrek, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskaera argi bat egin: auzia jorratzeko mahai bat osa zezatela. Azken hilabeteetan barrura begirako inurri lana egiten aritu direla kontatu dute Itoitz Serna Araujo (Bilbo, 2001), Izaro Galfarsoro Garro (Oñati, Gipuzkoa, 2002) eta Mariana Urcuyo Hernandez (Leon, Nikaragua, 1977) plataformako kideek; orain, ordea, zaintzaren auzia lehen lerrora eraman nahi dute berriro ere, eta helburu horrekin bilduko dira maiatzaren 10ean, Bilbon, Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean, Euskal Herria eraldatzen jardunaldi nazionaletan. Antolatzeko, saretzeko eta eragiteko. 

2023ko azaroaren 30a greba egun «historikotzat» jo zenuten. Bi urteren ondoren, nola dago plataforma?

ITOITZ SERNA: Egun hartan, sozialki eta politikoki oso indartsua den ideia bat jarri genuen mahai gainean: zaintza sistema eraldatzea sistema bera eraldatzea dela. Greba egiteko modu berri bat eraiki eta proposatu genuen, greba orokor feminista bat. Halere, egun hartara iristeko egindako bidea nabarmendu nahi dugu, horren aurretik eraikitzen hasitako prozesu parte hartzailea izan baita orain maiatzaren 10eko jardunaldiak antolatzeko oinarria. Are, mugimendu feminista aspalditik ari da zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatzen, baita lan arloan sexuaren araberako banaketa politizatzen ere.

MARIANA URCUYO: Greba mugarri bat izan zen. Adin produktiboetatik kanpo dauden agente sozialek hartu zuten parte; adin produktiboetan egon ez arren, badirelako zaintzari lotuta dauden herritarrak, bai zainduak izateko beharra dutenak, bai zaintzaileak berak.

Plataforma osatzeko asanbladak sortu eta aliantza berriak josi zenituzten. Lan hori bukatutzat jo duzue edo aliantza horiek sakontzeko eta beste batzuk bilatu beharra daukazue? 

URCUYO: Ez dugu bukatutzat eman, ez. Borroka hau guztion onerako da, eta behar kolektibo bati erantzuten dio. Batzuk mugimendu feministan militatzen genbiltzan ordurako, baina greba egun horrek modua eman zuen subjektu bakoitzak bere leku propiotik borroka egiteko, eta horri esker sendotu egin dira grebaren aurretik egindako aliantzak. Beste batzuk geroago batu dira. Mugimendu, eragile eta norbanako bakoitzak bere modura hartzen du parte, eta, eraikuntza kolektibo plural horri esker, mugimendu feminista hazten ari da. 

IZARO GALFARSORO: Aliantzak sortzea prozesuaren parte da, plataformaren bidez orain arte existitzen ez ziren egiteko eta parte hartzeko modu berriak sortu baititugu. Mugimendu sozialetan eta eragileetan beste eredu bat egon da, oso bestelako eredua, eta guk orain arte lekurik ez zuten ahots eta aldarrikapen batzuk lehen lerrora eramaten asmatu dugu. Halere, prozesu luze bat da, eta ezin dugu amaitutzat eta egintzat jo, oraindik ere ahots eta gorputz asko falta baitira.

Ziklo baten hasieratzat jo zenuten greba egun hura. Zein dira ziklo horretan aurrera egiteko eman beharreko hurrengo pausoak?

URCUYO: Egunero egin behar diegu aurre orain zer? eta orain nola? galderei. Epe ertainera eta luzera proposatzen diren dinamikak eta helburuak prozesu parte hartzaile eta asanblearioetan gorpuzten dira. Hortaz, maiatzaren 10eko jardunaldien helburua da galdera horietatik abiatuta bide hori zehaztea. 

«Greba egun horrek modua eman zuen subjektu bakoitzak bere leku propiotik borroka egiteko, eta, horri esker, sendotu egin dira grebaren aurretik egindako aliantzak»

 MARIANA URCUYO
Horregatik antolatu duzue maiatzaren 10eko jardunaldia? 

SERNA: Azken hilabeteetan, barrura begira egon gara; orain, ordea, asmoa da gizartea berriz ere mobilizatzen hastea eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldarrikapena berriz ere lehen lerrora eramatea. Helburu hori oso handia da, baina maiatzaren 10eko jardunaldiak funtsezkoak izango dira hurrengo hilabeteetako pausoak zehazteko; noski, bitarte horretan, instituzioak interpelatzen jarraituko dugu.

GALFARSORO: Greba oso garrantzitsua izan zen, eta aitortza handia izan zuen; halere, instituzioen erantzunik eza agerikoa izan da. Horrexegatik, espero da jardunaldietara jende asko biltzea, baita eragile asko ere. Jardunaldiak borroka gorpuzteko eta askotariko aldarrikapenei leku egiteko gune bat izango dira. 

Zaintzaren gaia berriro ere lehen lerrora ekartzea da helburua, beraz. Horretarako, zer jorratuko duzue zehazki?

SERNA: Hausnartzeko eta erabakiak hartzeko gune bat izango da. Atzera begiratzeko denbora ere hartuko dugu; orain arte ikasitakoari erreparatzeko. Zaintzaren gaia erdigunean jarriko dugu berriz, eta hiru ardatz nagusi landuko ditugu: zaintza sistemaren publifikazioa, pribilegio zuria eta gizonen pribilegioa. Gero, erroldaren giza katean ere parte hartuko dugu.

Zergatik hartuko duzue parte giza katean?

URCUYO: Denon Bizitzak Erdigunean plataforma osatzen duten eragile guztien artean hartutako konpromisoetako bat da. Herri Akordioan zehaztutako aldarrikapenen artean dago erroldaren aferari erreparatzea eta Atzerritarren Legea bertan behera uzteko presio egitea. Hortaz, erroldaren giza katean parte hartzea akordio horretan adostutakoarekin bat egiteko eta hartutako konpromisoei eusteko modu bat da.

Gizonen pribilegioei ere erreparatuko diezue. Zergatik izango da hori jardunaldietako ardatzetako bat?

GALFARSORO: Asmo hori jardunaldietatik harago doa. Derrigor egin behar den egiturazko aldaketa bat da, eta mugimendu feminista eta beste hainbat gizarte mugimendu aspalditik dabiltza gizonak interpelatzen, barneratu dezaten beraiek ere izan behar dutela borroka honen parte. Finean, beste aliantza bat izan liteke, betiere argi utzita zein posiziotatik hartu behar duten parte; baina egon, egon behar dute. Horretaz gain, planteamendu eta konpromiso teorikoak ekintza praktikoetara eramateko gune bat izango da, nork bere ardurak hartzeko gune bat.

«Mugimendu feminista eta beste hainbat gizarte mugimendu aspalditik dabiltza horretan, zera, gizonak interpelatzen, barneratu dezaten beraiek ere izan behar dutela borroka honen parte»

 IZARO GALFARSORO
Greba egunaren ondoren, mahai bat osatzeko eskatu zenieten Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, zaintza sistema publiko eta komunitario baten inguruan hitz egiteko. Salatu izan duzue ez batak ez besteak ez zaituztetela «kontuan hartu». Oraindik ere eusten diozue helburu horri? 

SERNA: Grebaren hurrengo egunean gutun bat bidali genien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. EAJk politika sozialen sailera bideratu zuen, eta hortxe gelditu da, ez aurrera ez atzera. Nafarroako Gobernuak bilera batera deitu zuen, baina bilera hori egin gabe geratu zen azkenean.

URCUYO: Eta diputazioekin berdin gertatu da. Instituzioek izan beharko lukete plataformarekin lankidetzan aritu nahiko luketen lehenak, haiek kudeatzen baitituzte zaintza arloko baliabideak, baina ez dugu erantzunik jaso. Halere, lanean jarraituko dugu, eta jardunaldi hauetatik ateratako proposamen eguneratuekin joko dugu haiengana. Instituzioek beren gain hartu beharko lukete zaintza sistema publiko bat eraikitzeko ardura, haiek dira baliabideak publifikatu beharko lituzketenak. 

Migratzailea, emakumea eta prekarioa. Horixe izan ohi da zaintza arloan lan egiten dutenen profila. 2023tik hona, aldatu da hori? 

URCUYO: Etxekotu Gabeko Emakume Langileak elkartean militatzen dut, eta gure helburua etxeko garbitzaileekin lan egitea da, haien eskubideak defendatzea, haiek ahalduntzea, eta baita haiei prestakuntza ematea ere, beren burua defendatzeko gai izan daitezen. Denon Bizitzak Erdigunean plataformara batu ginenetik, konturatu gara saretzea, antolatzea eta elkar aurkitzea prozesu hori errazteko bide bat dela. Horiek horrela, argi eta garbi eta zalantza izpirik gabe esan dezaket zaintzaren sektoreak ez duela hobera egin. Halere, bi urteotan aukera izan dugu sektorearen arazo batzuk lehen lerrora eramateko, baita pandemian bizi izandakoaren inguruan hitz egiteko ere. Izan ere, COVID-19ak nabarmen eragin zien zaintzaren sektoreko langileei, are gehiago migranteei, eta bereziki etxeko langile migranteei, lan eskubide eta sozialen babes faltagatik. 

Hain justu, pribilegio zuriaren aferari ere helduko diozue maiatzaren 10eko jardunaldietan, ezta?

GALFARSORO: Bai, gu geu interpelatzeko modu bat da, baita lehen aintzat hartzen ez ziren zenbait errealitate erakusteko modu bat ere. Adibidez, ez da kasualitatea jardunaldiak igandez egitea; erabaki horren helburua da ahots, gorputz eta subjektu horiek parte hartzeko aukera izan dezatela bermatzea. Guk geuk ere asko ikasi dugu, azaroaren 30eko grebak egiteko eta egoteko eredu berriak sortzea eragin duelako, eta hori oso agerikoa izan da gero, kasurako, martxoaren 17ko greban.  

«Lurralde horretan [Araban], borrokak beste forma bat hartu du, hori agerikoa da, baina beste lurraldeetan prozesua eta borroka ez dira inoiz etenda egon»

 ITOITZ SERNA
Mobilizazio jendetsua izan zen 2023ko azaroaren 30ekoa; indarra galdu du Hego Euskal Herriko zenbait lurraldetan, ordea, Araban izan ezik. Zergatik izan da posible han beste pauso batzuk ematea?

SERNA: Araban oso sare estu eta emankorra osatu dute eragile eta jende askoren artean, eta aukera izan dute gogor lan egiten jarraitzeko eta talde misto bat egiteko. Gainera, mugimendu feministak lan eskerga egin zuen Araban, horren aldeko apustu handi bat egin baitzuen. Lurralde horretan borrokak beste forma bat hartu du, hori agerikoa da, baina beste lurraldeetan prozesua eta borroka ez dira inoiz etenda egon. 

2025eko ekainean aurkeztu zenuten Arabako herri akordioa. Jaso duzue Arabako Foru Aldundiaren erantzunik? 

SERNA: Aldarrikapenen taula bat osatu zen eragile guztien artean, eta kanpaina bat abiatu zen taula horrekiko atxikimenduak biltzeko. Halere, gaur-gaurkoz ez da erantzunik iritsi.

Aldarrikapen taulak lurraldeka antolatu eta zehaztu beharko lirateke? Edo posible ikusten duzue Arabako langintza maila nazionalean errepikatzea?

SERNA: Ziurrenik, metodologia bera erabiltzeak ez luke funtzionatuko. Arabako kideek metodologia jakin bat ondu zuten, baina Arabako ezaugarriak aintzat hartuta. Asko ikasi dugu hango ereduaz eta lan egiteko moduaz, eta indar handia eman digu aurrera egiteko. Dena den, ikaskuntza horiei forma eman behar zaie gero, eta lurralde bakoitzaren ezaugarrietara egokitu.

Eskuin muturrak gorakada handia izan du 2023. urtearen amaieratik hona. Aldarrikapen behar berriak agertu dira gizartea aldatuz joan ahala?

URCUYO: Noski. Gure aldarrikapenen taula etengabe ari da handitzen. Gorroto diskurtsoak eta migratzaileen aurkako erasoak areagotu dira, eta gogorra da ikustea gero eta jende gehiagok lotzen dituela migrazioa eta indarkeria, migrazioa eta delinkuentzia. Azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman diren arren, berriro ere jopuntuan dago LGTBI komunitatea; eta, nahiz eta abian dauden gerrak beste lurralde batzuetan gertatu, eragin zuzena dute Euskal Herrian, are eragin handiagoa hona migratu duten herritarrengan. Kezka horiek ere gure borrokaren parte dira.

«Erreakzio bat behar da, noski; erantzun egin behar dugu, eta bada kalera irteteko eta antolatzeko ordua. Baina horretarako gure marko eta estrategia propioak baliatu behar ditugu»

 IZARO GALFARSORO
Zein da kezka horiei aurre egiteko modua?

GALFARSORO: Oso garai iluna da hau, eta ezinbestekoa da antolatzea eta lan egitea. Ezin dugu erantzun erreaktibo batean edo estrategiarik gabeko erantzun hutsean oinarritzen den marko bat eraiki, hori haien markoa betikotzea bailitzateke. Erreakzio bat behar da, noski; erantzun egin behar dugu, eta bada kalera irteteko eta antolatzeko ordua. Baina horretarako gure marko eta estrategia propioak baliatu behar ditugu. 

Asmatuko duzue horretan?

SERNA: Gizarte mugimenduek eta mugimendu feministak asmatu dute garaian garaiko testuingurura, beharretara eta borroketara egokitzen. Oldarraldi faxista horri erantzuteko modurik irmoena 2023ko azaroaren 30eko greba egunaren harira hasitako borrokari eustea da, eta antolatzen eta saretzen jarraitzea. Hori da gure erantzunik irmoena, eta horretan jarraituko dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA