Espainiako eta Frantziako estatuekiko konfrontazioaren alde egin du Jardun koordinakundeak Aberri Egunean, «Euskal Herriko alternatiba iraultzailearen estrategiak kontraboterea eduki behar baitu oinarri». Horregatik, «epelkeriak» alboratzera eta okupazioaren aurka altxatzera deitu du Gernikan (Bizkaia) egindako manifestazioan eta ekitaldi politikoan.
Hitzaldian, adierazi dute Euskal Herria «egunero borrokatzeko zioa» dela; haien hitzetan, Espainiako eta Frantziako estatuen menpe egon arren, «euskal herri langileak daraman borroka» ez da «edonolakoa».
Horregatik, adierazi dute ulergaitza dela Euskal Herriaren etorkizunaz eta askapenaz hitz egitea, eta, aldi berean, «hori estatuak inposatutako instituzioen eskutik eraiki dadin planteatzea»: «Aberri Egunak Euskal Herriaren askapenari ekarpena egiten badio, ekarpena egiten dio beta ematen duelako, estatuek inposatutako markoetatik haratago, zapaldutako nazio gisa baztertuta dauden aldarrikapenak plazaratzeko. Iruzurra instituzioetan ernatzen den moduan, kale gorrian gorpuztuko da independentziari eta sozialismoari bide eman behar dien alternatiba iraultzailea».
Jardunen arabera, estatuak bururaino eramaten ari dira militarizazio prozesua. Gogorarazi dute Parisek berriz ere soldaduska ezarri nahi duela, eta azken urteotan hamaika izan direla «Ipar Euskal Herriko mugimendu iraultzailearen aurka aurrera eramandako atxiloketak eta horietatik abiatu diren prozesu judizialak».
Gerra eta miseria
Bide beretik, adierazi dute Madril bakearen alde eta gerraren aurka dagoelako itxurak egiten ari direla nazioartean, baina Hego Euskal Herriari dagokionez beti bezala diharduela: «Euskararen aurkako oldarraldi betean. Militantzia politikoa kriminalizatu eta ekonomikoki ito nahian. Eta Euskal Herriaren kutsua duen edozeren aurka gogor joz Espainiaren berdintasunaren izenean».
«Frantziar eta espainiar gisa, horren aurrean zintzo, isilik eta leial mantentzea dagokigu. Baina euskaldun gisa, Euskal Herriko langile gisa, azpiratzea eta okupazioa gora doazen honetan, hori normalizatu eta horri men egin beharrean, horren aurka altxatzea, egia gordina biluztea eta antolatzea dagokigu. Gerra eta miseria baitira zapaltzen gaituzten estatuon eskutik etorri eta ezagutuko ditugun gauza bakarrak».
Bide iraultzailea defendatu du koordinakundeak, «kontzientzia eta borrokarako grina dauden bitartean biziko baita Euskal Herria».
EHKS-k «euskal langileriaren autodeterminazioa» aldarrikatu du
EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak euskal langileriaren autodeterminazioa aldarrikatu du Aberri Egunean. Haien iritziz, ezinbestekoa da Euskal Herriaren askatasunari «prozesu sozialistaren eskutik» bide ematea.
«Nazioarteko gerra testuinguru batean sartzen ari garen honetan, nazioartean beste erreferente iraultzaile bat sortzeko premia erabatekoa da. Euskal Herrian ere, autodeterminazioa eta estatu sozialista erdiesteko gako nagusia, gure iritziz, gaur egungo egoera irauli dezakeen alternatiba iraultzailea eraikitzea da».
EHKSren arabera, «alderdi nazionalista nagusien paktu autonomistaren harira», azken urteetan borondate nazionalak atzerapauso nabarmena izan du Euskal Herrian.
Azpimarratu dute euskal estatu sozialista dela euren alternatiba, «munduko herrialdeekin berdintasun harreman batean eraikia», helburutzat edukiko duena «euskal langileriaren eta nazioarteko langileen interesak defendatzea». Hala, berretsi dute lanean jarraituko dutela «aurrerantzean ere hizkuntza eskubideak defendatzeko, presoen eta errepresaliatu politikoen amnistia lortzeko eta euskal langileriaren autodeterminazioa eskuratzeko».