Jardunek iraultza aldarrikatu du Aberri Egunean

Gernikan egin dute manifestazioa, 'Borroka bidea, askatasuna ipar' lelopean.

Jardunen manifestazioa, gaur, Gernikan (Bizkaia). @JARDUNK
Jardunen manifestazioa, gaur, Gernikan (Bizkaia). @JARDUNK
2024ko martxoaren 31
17:10
Entzun

«Iraultza da Euskal Herri langileak jorra dezakeen bide bakarra». Besteak beste, Jardun Koordinakundeak hori aldarrikatu du gaur Gernikan (Bizkaia). Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta manifestazioaz gain izango dira herri bazkaria eta zenbait kontzertu ere.

Ekitaldi politikoan irakurri dute manifestua. Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi diete munduko hainbat txokotan inperialismoari aurre egiten ari diren langileei. Salatu dute Euskal Herria ustez bakean bizi dela, «Frantziako eta Espainiako estatuen ukazioaren eta inposizioaren bakean». Jardunen arabera, horiek dira Euskal Herri langilearen arerioak, «burgesen jabetza eta esplotaziorako eskubideak bermatzen dituzten bitartean, langileak miseriara kondenatu, eta txiro bizitzen edota kale gorrian uzten dituztenak».

Borrokarako deia egin dute, «zapalkuntzak dirauen bitartean, erresistentzia egongo baita»: «Argi geratu da euren instituzioen eskutik ez dagoela ezer egiterik». Horregatik aldarrikatu dute iraultza, «azpiratu eta ezerezera murriztu nahi gaituztenen aurkako matxinada». Euskal identitatea agortzea eta itzaltzea eragotzi behar dela adierazi, eta independentziari eta sozialismoari bide eman behar zaiela azpimarratu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.