Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla erabaki du Auzitegi Gorenak

23 kideri seina urteko kartzela zigorra ezarri die eta atxilotzeko agindua eman dute dagoeneko. Goreneko bozketa hau izan da: 3-2. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2005eko ekainean erabaki zuen "legez kanpoko" erakunde zirela, baina Fiskaltzak eta AVTk helegitea sartu zuten. Defentsak orain Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea sartzeko aukera du; hori tramitera onartuko balitz, zigorra behin-behinean ez gauzatzea eskatzeko aukera luke.

2007ko urtarrilaren 19a
16:45
Entzun
Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak "legez kanpoko taldeak" direla erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2005ean jakinarazitako epaian. Gaur, aldiz, Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla. Defentsak orain Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea sartzeko aukera du; hori tramitera onartuko balitz, zigorra behin-behinean ez gauzatzea eskatzeko aukera luke. Efe berri agentziak Auzitegi Konstituzionaleko iturrietatik esan du 23 kide haietatik 20 kide aurretik gutxienez hiru urtean egon zirenez kartzelan auzi honegatik, auzitegi horrek suspentsioan utzi dezakeela haiek kartzelan sartzeko agindua, auzitegiak berak balizko babes helegiteari buruzko erabakia hartu arte.

Hain zuzen, 23 haietako zortzik dagoeneko lau urte egin dituzte preso kasu beragatik -aurreko epaiaren aurretik; gazte erakundeen kontrako polizi operazioa 2001eko martxoan izan zen-. 12 kide hiruna urtez egon ziren preso, eta besteak hamabost egun eta urtebete pasatxo artean.

2005ean 24 lagun epaitu zituzten, eta bi eta hiru urte eta erdi bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten. Defentsak, fiskalak, eta akusazio partikularra osatu duen AVT elkarteak helegitea jarri zuten Auzitegi Gorenean orduan. Auzipetuak aske uzteko eskatzen zuen defentsak, eta Haika eta Segi ez direla legez kanpoko taldeak zehazteko. Fiskalak eta AVTk, berriz, talde horiek "talde terrorista" direla ebaztea eskatu zuten. Fiskalak 10 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen epaituentzat, eta AVTk 15ekoa.

Espainiako Auzitegi Gorena azken asteetan helegitea aztertzen aritu da eta gaur arrazoia eman die Fiskaltzari eta AVTri, Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla erabaki duelako. Auzitegi Nazionalak 23 kide atxilotzeko agindua eman die Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari.

Estua izan da Gorenaren bozketa, hiru magistratu erabaki horren alde azaldu direlako eta bi kontra.

Auzipetuak 24 ziren baina zigorra 23ri ezarri die, Egoitz Lopez de la Calle libre utzi duelako, "erakundeetako zuzendaritzako kide ez zelako".

Gorenaren erabakiak beste auzi batzuetan eragina izan dezake (18/98n, HB-EH-Batasunan, Aministiaren Aldeko Batzordeak-Askatasunan, Udalbiltzan...), jurisprudentzia ezarri duelako.

Egunotan alderdien babesa jaso dute

Gazte erakundeetako kideek hainbat bilera egin dituzte azkenaldian euskal alderdi politikoekin. "Aferaren larritasuna" helarazi nahi izan diete. EA, EAJ, EHAK, Aralar, Batasuna, EB-Berdeak eta NaBai taldeekin izan dituzten hartu-emanak baikor hartu dituzte. "Gero bakoitzak, larritasun horren baitan, nola erantzuten duen ikusiko dugu, hala ere", esan du aste honetan Meñikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.