Hizkuntz politikari buruzko mahai ingurua egin dute gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta eztabaida mamitsua izan da. Euskararen Aholku Batzordea, euskalgintzan eginiko inbertsioak eta hizkuntzaren etorkizuna izan dituzte hizpide mahaikideek.
Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Joanmari Larrarte Euskarazko Komunikazio Taldeko administrazio kontseiluko idazkariak, Itziar Nogueras Elhuyar Fundazioko zuzendariak eta Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak ontzat jo dute Euskararen Aholku Batzordea. Bat egin dute batzordea euskararentzat onuragarria izan daitekeela, baina Jon Juaristiren izendapenak hautsak harrotu dituela ere onartu dute. Juaristiren izendapena oso polemikoa izan da, eta Auzmendik aitortu egin du "zarata" handia egon dela eta batzordeak "nahikoa lan" daukala polemikatik kanpo geratzeko. Larrartek zuzenago hitz egin du, eta beregatik balitz Juaristi batzordetik at egongo litzatekeela ziurtatu du: "Ez dut uste ekarpen handirik egin dezakeenik".
Mahaikideen aburuz, jarraitu beharreko marko politikoa ezarrita dago dagoeneko, Euskara 21 egitasmoarekin; eta batzordeak marko hori edukiz bete eta aurrera eraman behar du.
Euskalgintzan egiten den inbertsioari buruz, adostasun gutxiago egon da mahai inguruan. Auzmendiren iritziz, ezin da esan ekarpen gutxiago egiten denik krisi garaian, eta ahalegin handia egiten ari direla nabarmendu du: "Alor estrategiko asko daude, eta daukagun dirua daukagu". Larrartek, baina, inbertsio gehiago behar direla iritzi dio; harik eta euskarazko hedabideen etorkizuna bermatu nahi bada.
Euskararen etorkizunaren harira, hizkuntza "erakargarri" bihurtzea beharrezkoa dela adierazi dute laurek. Noguerasen iritziz, "garaiak aldatu egin dira", eta, horrenbestez, "estrategiak aldatu behar dira". Gakoa etorkizunean egon daitekeela azaldu du.
BERRIA.INFOk zuzenean eman du mahai ingurua, eta Berria TBn ikus daiteke saioa.