«Gatazkaren erabateko konponbidea» lehentasuna da ezker abertzalearentzat, Aralarrentzat, EArentzat eta Alternatibarentzat, horrek ekarriko baitu, haien ustez, «behin betiko bakea eta demokrazian oinarritutako normalizazioa». Hori lortzeko gakoa elkarrizketa dela ez dute dudarik, eta horri «berehala» ekin behar zaiolakoan daude. Elkarrizketa horrek nolakoa izan behar duen ere argi daukate lau alderdi horiek: «Barneratzailea izan behar du, eragile guztiak bilduko dituena, aukera berberekin eta inolako bazterketarik gabe». Horregatik, Eusko Legebiltzarrean osatu asmo duten bake eta elkarbizitzarako batzordearen osaketan alderdi batzuek «bazterketaren aldeko jarrera» izatea «oso larritzat» jo dute.
Datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko dute alderdiekAralarrek proposatutako batzordearen inguruan, eta bitartean haren osaketari buruz negoziatzen ari dira alderdiak. Ezker abertzaleak batzordean izan beharreko parte hartzea dago eztabaidaren muinean. Baina ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak argi daukate ezker abertzaleari parte hartzea oztopatzen baldin badiote batzordea «baztertzailea» izango dela: «Baztertzailea bada, izango da esparru politiko eta sozial baten bazterketan oinarritzen delako eta ez gizartearen ordezkaritza politiko erreala kontuan hartzen duelako». Hala azaldu zuten atzo ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugarteburuk, Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztuk, EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak eta Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, Gasteizko hotel batean emandako prentsaurrekoan.
Lantalde hori «eragingarria eta baliagarria» izango bada ezingo dela Espainiako Kongresuan PPk, PSOEk eta EAJk adosturiko adierazpenaren ildokoa izan ohartarazi dute, hark «galtzaile eta irabazleen eskemari» jarraitzen diola uste baitute.
Batzordearen osaketari buruz ez ezik, landu beharreko edukiei buruz ere hitz egin dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak: «Gatazkaren erro zein ondorio guztiei eutsi behar die». Hala egiten ez bada «bake justu eta iraunkorra» lortzerik ez dela izango ohartarazi dute.
Hori guztia kontuan hartuta, eskaera zehatzak egin dizkiete gainerako eragile politikoei: «Ekin diezaiegun, bada, denbora gehiago galdu gabe, gatazkaren behin betiko aterabide demokratikorako ezinbestekoak diren elkarrizketei». Elkarrizketek «barneratzaileak» eta «mugagabeak» izan behar dutela eta gatazkaren erroetara jo behar dutela berretsi dute: «Guztiok gara arazoaren parte. Beraz, guztiok izan behar dugu konponbidearen parte. Denok gara beharrezkoak».
Elkarrizketa horiek Euskal Herriko lurralde guztiak izan behar lituzkete kontuan, lau alderdien irudiko, eta instituzioek «elkarrizketetarako esparru» izan behar badute ere instituzioak gainditu eta «herri honetako eragile eta lurralde guztiei» tokia egin behar zaiela nabarmendu dute.
Izan ere, argi daukate «hamarkadak iraun duen gatazka politikoari aterabidea emateko aukera» dagoela, «bakean eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizunaren eraikuntzan aurrera egiteko aukera». Espainiako eta Frantziako estatuek izandako jarrera salatu dute: «Blokeo eta ukazio jarrera batekin erantzun dute». Haiek «oinarrizko eskubideen urraketa larriak» egiten jarraitzen dutela salatu dute.
Bake eta konponbiderako elkarrizketak. Eusko Legebiltzarra
Jarrera baztertzaileari eustea larritzat jo dute Alternatiba, EA, Aralar eta ezker abertzaleak
Elkarrizketek «barneratzaileak» izan behar dutela diote, eta «inolako bazterketarik gabe» egin behar direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu