Euskal gizartearen kultur aniztasuna babestea eta sustatzea, eta egungo jatorri aniztasunaren inguruan hausnarketa eta eztabaida bultzatzea. Bi helburu nagusi horiek izango ditu Euskal Herria 11 Kolore egitasmoak. Gizarte eragile eta erakunde orok parte hartzeko modua izango du, eta jada bilduak dituzte dozenaka atxikimendu.
Xabier Mendiguren Bereziartu bozoeramaileak gogorarazi du jatorri aniztasuna izan dela Euskal Herriaren ezaugarrietako bat, eta lan egingo dutela jatorri askotariko euskal herritarren arteko elkarlan eta topaketa izango diren guneen alde. Dei egin diete erakunde eta gizarte eragileei bat egin dezaten lan horretan. Kanpainaren bideo bat ere argitaratu dute.