Betharramgo aferaren harira ostegunetik ikerketapean dagoen apeza Donapaleukoa da

Bortxaketa leporatzen dio ikastetxe pribatu katolikoko ikasle ohi batek; apeza 1989tik 1999 arte egon zen Betharramen. Kontrol judiziala ezarri diote ikerketa iragaten den artean.

Betharramgo ikastetxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Betharramgo ikastetxea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko otsailaren 7a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren entzuketarik ez zen egina orain arte, baina hara: ostegunetik, Philippe Hourcade apeza ikertzen ari dira Betharramgo aferaren harira. Zehazki, bortxaketa leporatzen dio Betharram ikastetxe pribatu katolikoko ikasle ohi batek; ikasle horrek salatu duenez, 1990eko hamarkadan nonbait gertatu zen. Eta, atzo jakinarazi zutenez, Donapaleukoa da 63 urteko apeza: leporatzen zaizkionak ukatu ditu.

Hourcade 1989tik 1999ra bitarte egona da Betharramgo ikastetxean, eta garai horri dagozkio gertakariak. Kontrol judiziala ezarri diote apezari ikerketa iragaten den artean.

Betharramgo kongregazioak AFP Frantziako prentsa agentziari adierazi dio Hourcade apeza egungo kargutik kendu dutela, eta afera argitu artean ezin izanen duela gehiago parte hartu ez erlijio arloan ezta hezkuntza arloan ere.

Bigarren ikerketa prozedura

2023an abiatu, eta 2024ko urte hasieran azaleratu zen Betharramgo afera: geroztik, berrehun salaketa baino gehiago ezarriak izan dira sexu indarkeriagatik eta indarkeria fisikoagatik. Kasuen arabera, baina apezak eta zaindari laikoak izan dira Biarnoko ikastetxe horretan haurrei eraso egin dietenak, beste hainbat ikastetxe pribatu katolikotan gertatu izan den bezala. Betharramgoari dagokionez, bigarren aldia da norbait ikertzen dutena, eta lehen aldia ikertua apez bat dela; beste kasua zaindari ohi bati dagokio, eta akusatua behin-behineko atxiloaldian dago.

Afera da Betharramgo indarkeriak 1950etik 2004ra bitarte gertatu zirela, eta, beraz, preskripzioa aplikatzen dela kasurik gehienetan. Beste zenbait kasutan, akusatuak hilak dira.

2025eko martxoan Betharramgo kongregazioa aferaren inguruan mintzatu zen, ardura harturik ikastetxeko bortizkerien eta sexu erasoen aferan. Jakinarazi zuten kongregazioak diruztaturiko batzorde independente bat abiaraziko zutela sexu erasoen eta bortizkerien «arrazoiak» identifikatzeko; batzordea Louis Joinet institutuaren ardurapean plantatu zuten. Hori hala izanik ere, urtarrilean iritsi ziren erabaki handi baten susmoak: Notre-Dame de Betharram ikastetxea —Beau Rameau berrizendatu zuten 2009an— hetsi behar lukete 2026ko udan, ikasturtea bukatzearekin batera.

Halere, batzordeko kideek ohartarazi dute itxiera ezin dela «kostu apaleko xuritze operazio bat» izan, eta ezin dituela biktimen errekonozimendua eta indarkeriaren prebentzioa trabatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.