ETAren su-etena. Erreakzioak

Jauregik Otegiri dei egin dio ETA indarkeriaren amaierara bultzatzeko

ETAren amaierarantz urratsak egiten ari direla eta nahikoa izan ez arren itxaropentsua dela nabarmendu du

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Indarkeriaren amaieraprestatzen hasi da». Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak baikortasunez eta zuhurtziaz hitz egin zuen atzo Telecinco telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Bere ustez, «mundu horren ingurune politikoa honako hori guztia behin betiko amaitzearen aldeko bidea egiten ari da». Alabaina, gaineratu du ETAren amaiera antolatzea ez dela erraza izango. Zentzu horretan, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak, «lider moduan», eraginik izan dezakeela uste du. Horregatik ETA indarkeriaren amaierara bultzatzeko dei egin dio.

Arnaldo Otegi, 2009ko urrian Donostian atxilotu zutenetik, espetxean dago, alabaina. Ramon Jauregiren arabera, ordea, espetxetik ere Otegik ezar dezake bere eragin politikoa. Zentzu horretan, Jauregik Espainiako Gobernuak izan dezakeen ardura oro saihestu nahi izan du, eta azken hilabeteetan zabaldutako mezuarekin bat eginez, erantzukizuna ezker abertzalearen gain jarri du batik bat: «Demokraziatik gu ezin gara erotu pentsatzen zer den egin behar duguna. Eurei dagokien prozesua da, eurei dagokie bidea egitea. Pilota euren teilatu gainean dago. Eurak dira esan behar dutenak amaitu dela, eta ETA konbentzitu behar dute indarkeria amaitu dadin».

Nahiz eta indarkeriaren amaiera prestatzen hasi dela adierazi, Jauregik azpimarratu du ez dela erraza izango amaiera hori egituratzea. Bere ustez, ETAk «politikoki eta sozialki» porrot egin du, baina ETAko kideek ez dute beren kabuz halakorik iragarriko. «Oso zaila da Frantziako lauzpabost solairutan ezkutatuta izanda, erabaki hori hartzeko antolatzea», aipatu du. «Ziurrenik, ez dira gai amaitu dela esateko», gaineratu du.

«Ez da nahikoa»

Horregatik, ezker abertzaleak hartutako ildo estrategikoari erreferentzia eginez, azaldu du «terrorismoaren amaierako» urratsak egiten ari direla. «Ez dira nahikoak baina prozesu itxaropentsu batean aurrera egiten ari gara». Nabarmendu du garrantzitsua dela testuinguru horretan Jose Luis Rodriguez Zapatero Euskal Herriko buruzagi politiko nagusiekin biltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.