Jaurlaritza aro berrira egokitzen hasi da, bizkartzainak gutxituz

Patxi Lopez lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren garaipentzat jo du ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri izanaLegealdia osorik beteko duela esan du Lopezek goi kargudunei mintzatu zaienean

Patxi Lopez, atzo, Lehendakaritzan sailburu, sailburu-orde eta Jaurlaritzako zuzendarien aurrean egindako hitzaldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Harro» egoteko moduko kudeaketa egin du Eusko Jaurlaritzak azken hiru urteotan, Patxi Lopez lehendakariaren arabera. «Aldaketaren eragilea eta protagonista» izan da, bere agindupean ETAren jarduera armatuari amaiera eman zaiolako, Lopezen esanetan: «Jaurlaritza honek ETAren mehatxu zuzenarekin hartu zuen kargua. ETAren jarduera terrorista bukatzea lortu dugu, eta, horregatik bakarrik, merezi izan du gobernu honek. Historiak gogoan izango du gurekin askatasunaren aroa hasi zela Euskadin».

Jaurlaritzako goi kargudunen aurrean esan zituenhitzok lehendakariak, atzo. Ajuria Enera iritsi zenetik, urtero bildu da sailburu, sailburuorde eta zuzendariekin gobernuaren jardueraren etaerronken berri emateko, eta, atzo Lehendakaritzaren egoitzan izandako ekitaldi publikoan ere, begiratu egin zion orain arte egindako lanari. Autokritikarako tarterik ez zuen izan bere hitzaldian, eta PSE-EEko gobernuaren kudeaketa goraipatu egin zuen, beste ezer baino gehiago. «Ez gara gobernu arrunta. Euskadik izan duen lehen gobernu sozialista gara. Milaka progresistaren amets luzea», azpimarratu zuen.

ETAren jardueraren amaiera, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren garaipentzat jo zuen Lopezek: «Euskadik azken 30 urteotan izan duen aldaketa handienaren protagonista izan gara». Aurrera begira jarrita, «askatasuna, elkarbizitza eta memoria» sendotzeko beharra azpimarratu zuen. Lehendakariaren esanetan, iraganeko biolentzia eta bazterkeria gainditu nahi badira, azken hamarkadetan gertatutakoaren «egiazko kontakizuna» egin beharra dago, «onartezina» delako saminaren eta sufrimenduarekin «amnesia kolektiboa» ezarri nahi izatea. Haren ustez, orain «terrorismoak eragindako zauriak sendatzeko» garaia da, eta, horretarako, ezinbestekoa da «totalitarismoa babesten zutenak demokraziara ekartzea».

Indarkeriaren amaieraren ondorioak nabaritzen hasiak dira Euskal Herriko kaleetan,eta Eusko Jaurlaritza ere «askatasun arora» egokitzen hasia da, Lopezen hitzetan. Hala, atzo iragarri zuenez, bihar bertan gobernuko sailburuordeei bizkartzainak kenduko dizkio gobernuak. Jaurlaritzaren erabakia Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak aurreratutakoaren bidetik dator, herenegun adierazi baitzuen bizkartzainen zerbitzua «moldatu eta egokitzen» ari zirela.

2013ra arte agintean

Alderdi sozialistak historian lehen aldiz Jaurlaritza eskuratu izanak berebiziko garrantzia izan zuen lehendakariaren hitzaldian. Lopezek alboratu egin zituen alderdiek bere kudeaketari egin dizkioten kritikak, eta gobernuakzilegitasun osoa duela nabarmendu zuen. Areago, alderdi abertzaleek egindako iragarpenek «porrot» egingo dutela eta gobernuak legealdia osorik beteko duelaziurtatu zuen, behin baino gehiagotan. Herritarrekin hartutako «konpromisoa» bete egingo du Jaurlaritzak, lehendakariaren hitzetan: «Legealdia osorik beteko dugu, gauza asko egin ditugulako baina askoz gehiago ditugulako egiteko».

Legealdia osorik betetzeko arrazoiak ere zerrendatu zituen Lopezek. «Gauzak bere tokian jartzeko» eta politika «egokiak» egin dituztela erakusteko, gobernuaren kudeaketari begiratu xehea egin zion. Baina, berezki, bere gobernuaren kudeaketa EAJrenarekin alderatu zuen. Haren ustez, aurreko gobernuek «eztabaida identitarioak eta lubakiak» eragiten zituzten, eta PSEren eskutik liskarrak atzean geratu dira, eta autogobernuan sakonduda «ezberdinen arteko elkarbizitza» posible egiteko.

Aurrera begirako lana «gogorra eta zaila» izango dela azaldu zuen lehendakariak, baina hitzeman zuen 2012a «enpleguaren aldeko esfortzuarena» izango dela. Murrizketa gehiago iragarri zituen baliabideak lortzeko, eta horretarako zerga erreforma «serioa eta sakona» agindu zuen.

Aralar oso kritiko agertu da lehendakariaren hitzaldiarekin. «Ezkerreko demagogia merkea» egitea eta «bere zilborrari begira» egotea leporatu dio Dani Maeztu legebiltzarkideak Lopezi. Halaber, legealdia amaitzekoegindako iragarpena «mehatxua» dela salatu du Aralarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.