Energia. Haustura hidraulikoa

Jaurlaritza, bakartuagoa 'fracking' egitasmoetan

Kantabriako Gobernua haustura hidraulikoa legez debekatzeko tramiteak egiten hasi da, eragin ditzakeen arriskuak frogatutzat jotaOsatzear dagoen EAEko gobernuak zehaztu beharko ditu etorkizunerako jardunbideak

Eusko Jaurlaritzak iragarritako bi zundaketa putzuen eremua, Subilla Gasteiz herritik gertu. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritza gero eta bakartuagoa dago haustura hidraulikoaren gaian. Euskal Autonomia Erkidegoko jarduneko gobernuak, duela urtebete gasa erauzteko sistema horren erabilerak ekar zezakeen aberastasuna nabarmendu zuen gobernuak, ikusi du gertuko lurraldeetako gobernuak teknika horren aurkako erabakiak hartzen ari direla. Nazioartean izan diren debeku eta atzerapen batzuei Kantabriako Gobernuak fracking-a debekatzeko abiarazitako prozesua gehitu zaio orain. Neurri hori are adierazgarriagoa da kontuan izanda Balmaseda formazioa, ustez gasa duen egitura geologikoa, EAE eta Kantabria artean dagoela.

Kantabriako Gobernuaren pausoa bereziki deigarria da. Haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea legez debekatzeko bidea abiarazi du, eta ezagutarazia du hori egiteko lege aurreproiektua. Arau bihur daitekeen testu horren lehen artikulua argigarria da: haustura hidraulikoa erabiltzea debekatzen du «ikerketa eta ustiaketa» egiteko, Kantabria osoan. Are gehiago, atzera begirako eragina izango du araudiak, onartuz gero. Hau da, onartuko duten unera bitartean baimendutako zundaketak legez kanpo geratuko lirateke.

Artikuluetan zehaztutako debekuez gain, nabarmentzekoak dira legearen beharra arrazoitzeko erabilitako argudioak. Kantabriako Gobernuak frogatutzat jo du gasa eskuratzeko teknika hori arriskutsua dela. «Inpartzialak eta independenteak diren instituzio batzuen ikerketek agerian utzi dute teknika horrek eragin ditzakeen arriskuak», azaltzen da testuan. Ildo horretan, Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak egindako txostena aintzat hartzen du; 2011ko ekainean argitaraturiko txosten horretan, fracking-aren gaineko zalantzak agertu zituen Ingurumen Batzordeak.

Aurreproiektua onartzeko bidea ohi baino azkarrago egingo dute. Ignacio Diego Kantabriako presidenteak iragarri zuen «premiazko prozedura» erabiliko zuela arau hori onartzeko. Prozedura horretan, testuaren edukiak aldaketak izan ditzakeen arren, gobernuan dagoen alderdiak —PPk, alegia— gehiengo osoa du parlamentuan, eta horrek nolabaiteko bermea ematen dio onartzeko.

Oposizioko alderdiek ere bat egin dute gobernuaren ekimenarekin, eta teknika horri muga jartzearen alde agertu dira, aurreko legegintzaldian kontrako jarrera izan zuten arren. Kantabriako fracking-aren aurkako plataformak, berriz, gaiaren erabilera politikoa egiteko arriskuaz ohartarazi du.

Kantabriak abiarazi duen bidea adierazgarria da, eta Espainiako beste eskualde batzuetako erakunde publikoak ere haustura hidraulikoaren aurka agertu dira. Azkena Valladolideko Foru Aldundia izan da (Gaztela eta Leon, Espainia), non IUk, PSOEk eta PPk aho batez onartu baitute «fracking gabeko probintzia» izendatzea. Hori bai, PPk zehaztu du irizpide horri eutsiko diola haustura hidraulikoa teknika segurutzat jotzen den arte.

Jaurlaritza berriaren zain

Espainiako eskualde batzuk gasa erauzteko sistema horren aurka daude; Europako herrialdeen artean, ez dago irizpide argirik. Hainbat herrialdetan, sistemaren erabilera atzeratzeko edo behin-behinean debekatzeko neurriak hartu dituzte, baina beste batzuetan, fracking-ari aukera bat emateko proposamena egin dute. The Daily Telegraph egunkariak iragarri zuen Erresuma Batuko Gobernuak erauzketei baimena emango ziela aste gutxi barru. Egitasmoak geldirik zeuden, Blackpoolen haustura hidraulikoari egotzi zitzaizkion bi lurrikara antzeman zirenetik.

Erabakiak erabaki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apenas jakinarazi duten mugimendurik azken hilabeteetan. Datozen asteetan osatuko dute Eusko Jaurlaritza, eta hark erabaki beharko du arlo horretan zein ildo hartuko duen eta Lopezen agindupean abiarazitako egitasmoei jarraipena emango ote dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.