Jaurlaritza, irailerako

EAJk eta PSE-EEk «albait arinen» eratu nahi dute gobernu berria. Jaurlaritza «sendoa eta egonkorra» osatzeko helburua daukate. Lehen bilera egin dute

Idoia Mendia eta Miguel Angel Morales PSE-EEko kideak eta Joseba Aurrekoetxea, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu EAJkoak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
EAEko instituzio nagusien kontrola zabaltzera doaz EAJ eta PSE-EE. Asmo horrekin egin dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko lehen bilera, Bilbon, eta ohar bateratuan iragarri dute «albait arinen» eratu nahi dutela Jaurlaritza. Oraingoan, Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa izanik. Bi taldeak daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetako udal eta foru gobernuetan, gehiengo osoarekin —Gasteizko Udalean salbu—, eta Jaurlaritza «sendoa eta egonkorra» uda honetan bertan eratu nahi dute. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak bileraren ostean hedabideen aurrean zehaztu du irailaren hasierarako izan nahi dutela. Azkeneko agintaldian ere elkarrekin gobernatu dute EAJk eta PSE-EEk, baina gutxiengoa zeukaten legebiltzarrean —jeltzaleek, 28 aulki; sozialistek, bederatzi—. EAJk 31 eserleku atera zituen joan den uztailaren 12ko hauteskundeetan, eta PSE-EEk, hamar.

Arduradun nagusiak bileran

Jaurlaritza ahal den azkarren sortzeko helburua dutenez, ez du ematen oraingoan EAJk taldeekin ohiko bilera saila egingo duenik. Zuzenean batu da PSE-EErekin. Ordu eta erdiko bilera egin zuten atzo, Sabin Etxean, jeltzaleen egoitza nagusian. EAJri dagokionez, Andoni Ortuzar EBBko burua, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta alderdi jeltzalearen lehendakarigaia, eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolaketa idazkaria izan dira. PSE-EEri dagokionez, Mendia eta Miguel Angel Morales Antolaketa idazkaria. Bi alderdien oharrak dioenez, «diagnosi bera» egin dute hurrengo legealdirako dituzten lehentasunen inguruan.

Elkarri hitzeman diote harremanetan jarraituko dutela eta proposamenak trukatuko dituztela, «bien artean adostu beharko den gobernu egitasmoaren ardatzak erabakitzeko eta akordio batek ekarri beharko duen lankidetzaren oinarriak ezartzeko». Mendiak adierazi duenez, orain talde teknikoak sortuko dituzte, legealdirako gobernu programa lantzen hasteko. Haren esanetan, epe ertain-luzeko ikuspegia ere izan nahi dute, «[COVID-19aren] pandemiak krisia eta egoera ekonomiko larria utzi baititu».

Oharraren arabera, datozen hilabeteetan Jaurlaritzak neurriak hartu beharko ditu osasunaren arloan, baita «susperraldi» ekonomikoari eta enplegua sortzeari laguntzeko neurriak ere. PSE-EEko buruak hedabideei esan die bi ordezkaritzak bat datozela gaurko egoera sozial eta ekonomikoaren inguruan, eta gaineratu du bere taldearen lehentasunak izango direla ekinbide ekonomikoak eta enplegua sustatzea, sare soziala indartzea, eta osasun sistema bermatzea.

Programa adostu ostean hitz egingo dute gobernuaren osaeraz. Azkeneko legealdian, Lehendakaritza izateaz gain, zortzi sail izan ditu EAJk, eta PSE-EEk, hiru. Mendiak berriro adierazi du aukera bat dela akordio parlamentarioa lortzea; hartara, haren taldea gobernutik kanpo geratuko litzateke. Ez du indar handirik aukera horrek, eta ikusgai dago Mendia bera, aurrekoan ez bezala, kontseilari izango den.

Beste taldeei dagokienez, EH Bilduk 22 legebiltzarkide lortuzituen hauteskundetan; Elkarrekin Podemosek, sei; PP-C's-ek, bost; eta Voxek, bat.

75 legebiltzarkideek abuztuaren 8ra arteko epea izango dute akreditazioa jasotzeko, eta Eusko Legebiltzarra, lehenengo aldiz, abuztuan eratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.