Behin betiko dekretua urtarrilean kaleratuko du Eusko Jaurlaritzak eta, gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 barrutitan lizentziak emateko lehiaketari ekingo dio. Barruti bakoitzari lau telebista kate dagozkio eta hamar urterako balioa izango dute emisio baimenek.Gaur egun 30 telebista lokal inguru daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Askok Espainian aritzen diren komunikazio talde handiekin loturaren bat dute, hala nola Vocento-Correo, Prisa eta Local Media enpresekin. Horiek sustatzen dituzten telebisten artean bada ezaugarri komunik: etekin ekonomikoa nahi dute, hiriburuak lehenesten dituzte, katean jarduten dute eta gaztelania hutsean emititzen dute. Euskal Herrian euskaraz jarduten duten zazpi telebista baino ez daude eta kanal ertainetan oso txikia da euskararen lekua, %10ekoa batez beste. Erdararen itsasoan egiten dute igeri. Horregatik, Jaurlaritzari hizkuntzaren alorrean zorrotz jokatzeko eskatu diote. Izan ere, euren ustez, dekretu zirriborroak ez du euskararen «lehentasuna» bermatzen.
Euskararen presentzia
Tokiko telebista digitaletan euskararen presentzia ezartzerakoan, dekretuaren zirriborroak dio udalek kudeatutako kateetan euskarazko programazioek gutxienez erdia hartu beharko dutela. Subjektu pribatuek kudeatutakoek, bestalde, emisioaren hasieran bermatu beharko dute euskara euskaldunen indizearen %70 dela, eta hamar urtean, osotasuna bete beharko dute. Guztiek irizpide horien aurka egin dute.
Lehenik eta behin, ez dute ulertzen zergatik egiten den irizpide aldaketa, jabetzaren arabera. Inazio Agirre Tokiko elkarteko lehendakari eta GoiTBko zuzendariaren ustez, Jaurlaritza oraindik ez da ausartzen ekimen pribatuei publikoari exijitu diezaiokeen maila berbera eskatzera. «Zergatik? Talde handien interesak ez daudelako euskararekin lerratuta eta eurek ere beren presioak egin dituzte».
Ez daude dekretuaren hizkuntz irizpideekin ados. Euren ustez, tokiko telebistetan exijituko diren hizkuntza kuotek ez dute bermatuko euskaldunek euskaraz informatuak izateko duten eskubidea. Josu Amezaga, Patxi Azpillaga eta Edorta Arana EHUko irakasleek alegazio ugari aurkeztu dizkiote zirriborro dekretuari, tartean euskararekin lotutakoak. Alegazioetan jasotzen dutenez, banakoa da hizkuntz eskubideen jabea eta berdin-berdin bermatu behar zaio eskubidea eskualde batean zein bestean bizi izanik. Jaurlaritzaren planteamendua «kontserbadorea» dela dio Edorta Aranak: «Eskualde bakoitzari jadanik duena ziurtatu behar zaiola ezartzen du, baina egoera diglosiko batean horretan geratzea atzera egitea da». Gainera, bere hitzetan, telebistaz ari garelarik, zentzurik ez du euskaldunak bakarrik hartzea kontuan. «Beste praktika batzuetan ez bezala, telebistako hartzaileaz ari garenean bere ulermen gaitasunari erreparatu behar diogu, ez sorkuntza gaitasunari. Horregatik, gure ustez ia-euskaldunak ere izan beharko lirateke euskarazko emanaldien helburu. Alegia, euskara ongi edo nekez ulertzen dutenak». Gainera, Aranak gogorarazi du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak tokiko telebistak euskararentzako aukera eta normalkuntzarako tresnatzat dituela. «Estrategikoak badira, neurri ausartak hartu behar dira».Barruti bakoitzean, gutxienez, euskara hutsezko telebista kanal batek jardun behar duela diote guztiek. Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak dekretuaren aurkezpenean azaldu zuenez, ez da egin erreserbarik euskara hutsean emititzeko, baina bide guztiek libre gelditzen dira ez batek, baizik eta, eskaintza izanez gero, bik edo hiruk igortzeko. «Berak ere badaki hori praktikan ez dela erreala. Komunikazio talde handiek hiriburu eta herri handietan banatuko diren lizentziak lortu nahiko dituzte, eta horien interesak ez daude hizkuntz normalizazioan kokatuak», nabarmendu du Aranak. Hizkuntz irizpideak aldatu eta honako hau proposatu dute Berriarekin hitz egindakoek: euskara hutsezkoak izango ez diren eta subjektu pribatuek kudeatuko dituzten telebista kanalek emisio esparruari dagokion euskaldunen gehi ia euskaldunen batuketak osatutako indizearen baliokidea izango den euskarazko programazioa eskaintzea. Hori izan behar du emititzen hasteko abiapuntu eta kuota hori genero guztietan eta ordutegi zehatzetan bete behar da .Proposamen horrekin, kuotak asko aldatzen dira, Inazio Agirrek ohartarazi duenez: «Debagoienean euskaldunak %65,6 gara. Dekretuaren arabera, baimena lortu duena has daiteke euskaraz %45,9 emititzen. Hori atzerapausoa da. Ia euskaldunak direnak kontuan hartuta, %80,74rekin hasi beharko luke. Aldea badago». Beste adibide bat: Gasteizen, dekretua dagoen bezala geldituko balitz, euskaraz %15 emititzen hasi beharko litzateke; eragileon proposamena aintzat hartuko balitz, %41.
EKTren proposamena
EKTk haratago jo du: euskaldunak %75etik gora diren demarkazioetan lau kateak euskara hutsezkoak izateko eskatu du; euskaldunak %50-%75 bitartean direnekoetan, gutxienez hiru kate euskara hutsean eta bestean euskarazko programazioa kuota sistemaren arabera finkatzea; %25-%50 bitartean diren eskualdeetan gutxienez bi kate euskaraz; eta, euskaldunak %25era iristen ez diren barrutietan, kate bat euskaraz.
24. artikuluan esaten denari ere euskara hutsezko emisioek lehentasuna izango dutela esleipenean, baldin eta bideragarritasun ekonomikoa eta kalitatea egiaztatzen badira erreparatu dio EKTk. Bere ustez, argitu egin behar da hori: «Baldintza horiek euskarazko kateei soilik ezarri behar bazaizkie onartezina da eta esan nahi bada erdarazko kateek ezingo dituztela euskarazko programa kaskarrak egin , beste modu batean formulatu behar da». Halaber, guztiek eskatu dute xedapen gehigarrian euskararen presentzia ezartzeko arautzen den progresibotasuna kentzeko. Topaguneak ez du progresibotasunaren kontu horrekin bat egiten: «Gutxienekoak betetzeko hamar urteko epea emateko arrazoiak ez ditugu ulertzen». EKT ere antzera mintzatu da: «Progresibotasuna ez da beti erabili euskararen alde, gehienetan legez ezarritako baldintzak ez betetzeko zirrikitu modura erabili da». EHEk ere haserre hitz egin du: «Gaia ezin da modu isolatuan aztertu. Dekretua ez da egin euskararen beharraren arabera. Estatuen eta talde mediatiko handien interesen arabera egin da, eta, ondorioz, euskara eta euskarazko hedabideak galtzaile ateratzen ari dira».
BESTE HERRIALDEAK
Ttipi Tapa eta Xaloa, baimena lortzetik kanpo
Nafarroan euskaraz aritzen diren Ttipi Ttapa eta Xaloa telebistak baimena lortzeko aukeratik kanpo gelditu dira. Lurreko Telebista Digitalaren zabalkunderako Nafarroan bost barruti ezarri ziren: Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Zangoza. Ttipi Ttapa eta Xaloa iparraldekoak dira, eremu euskaldunekoak. Baztan, Bortziriak eta Malerreka bailaretara iristen dira, hau da, ezarritako eremuetatik kanpo, eta baimenik gabe gelditu dira. Baimenik ezean, diru laguntzarik gabe gelditzeko arriskua dute.
Lapurdiko kostaldean irailetik jasotzen dute telebista digitalaren seinalea. Frantzian tokiko telebistentzako baimenik ez dute eman eta, hala, lizentzia duten kate guztiak telebista eta enpresa handienak dira. Euskarak ez du lekurik programazio horietan.